KRITIKA. Antzerkia

Zertan nenbilen ni?

2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun

'Aquí va a pasar algo'



Konpainia: Zanguango Teatro. Antzezleak: Txubio Fernandez de Jauregi, Miguel Garces. Zuzendaria: Miguel Muñoz. Eszenografia: Carlos Perez Donado. Musika: Bingen Mendizabal. Lekua: Andoaingo Goiko Plaza. Eguna: Uztailak 11.

«Memoria txakur leloa bezalakoa da; makila bat bota, eta edozer gauza ekartzen dizu», dio Zanguango taldearen eskuorriak, bere ikuskizuna laburtu nahian. Aktoreen eta zuzendariaren artean asmatutako gidoian, alzheimerra edota bestelako oroimenaren galera dugu gai nagusia. Gaixotasun horrek behin eta berriro sortzen dituen egoerak dira eszena guzti-guztien ardatza.

Eszenografiak parke zaharkitu bat irudikatzen du. Elementu guztiei —bankua, zabuak, mahaitxoa, saskibaloiko sarea...— utzikeria eta denboraren eragina antzematen zaie. Tristura puntu bat —edo alaitasun atsekabetua, batek daki!— zabaltzen dute airean. Zakarrontzi pare baten presentziari erreparaturik, hasiera batean ez dugu asmatzen udalarenak diren ala atrezzoaren parte. Nahasmenak nahasmen, ironia puntu gorenean egon da.

Bi aktore paregabek jokatu dituzte parke batean elkartzen diren bi pertsonaien rolak, eta bizitza arruntean ematen den absurdoa jorratzeari ekin diote, publikoaren gozamenerako. Umore fina da Zanguango (eta Kolektibo Monstrenko) taldearen etxeko ohiko bereizgarria. «Ez naiz gogoratzen, baina gogoratuko banintz legez egingo dut»; «ez dakit nor naizen, baina zuk esaten didazun hori naizela onartuko dizut»; «ez dakit zertan nenbilen ni hemen, baina proposatzen didazun istoriotxoko protagonista bihurtuko naiz». Jarrera horretan dihardute pertsonaiek, memoria berreskuratzeko ahalegin alferrikako batean behin eta berriro, eszena bera errepikatzen edota berriak harilkatzen behin eta berriro, musika diseinu egoki baten laguntzaz.

Errepikapena umorearen oinarrizko mekanismoa dela gauza ezaguna da, baiki. Hitzak, gaizki-ulertuak, mugimenduak, eszenatxo osoaren elementu txiki bat aldatzea, eszenatxo bera baina bi aktoreen artean aurreko rola elkar trukatzea, agertokiko ibilaldiak... Gidoiak aurrera egiten du, eta, ahaztuta daukazunean, lehenagoko ahantzitako elementu bat berreskuratzen dute, denon harrigarri. Barregarritasuna lantzeko panoplia oso baten eredua izan da; hori eskola magistrala eskaini digutena!

Sinpletasun gezurtia erabiltzen dutela argi dago; desmemoriaren inguruko ariketa teatrala gero eta handiagoa bihurtzen da ikusleon oroimenean, muntatzea errepasatzeari ekiten diogunean. Ideien mailan arina dirudi, baina ez da horrela. Antzezpen mota hau inertziaz sortua dela dirudi, baina ez da horrela. Egia esate aldera, tesi bana idatz liteke Zanguangok (eta Kolektibo Monstrenkok) abian jartzen duen proiektu bakoitzaren inguruan, zeren gasteiztarrek taxuz baitakite zertan datzan antzerkitasun garaikidearen muina. Hala ere, berrikuste intelektual guztiak ondo gainditzen dituen teatro hau publiko guztiarentzat pentsatuta dago, eta ez dio uzten herrikoia eta ulerterraza izateari. Antzezlanak Bartzelonako Antzerkiaren Mostrako epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen 2013an, eta ez da harritzekoa.

Alta, horrela dabiltza, haien jakinduria teatralari garrantzia kenduz bezala behin eta berriro, pieza bakoitzarekin antzerki garaikideari begi-keinuak eginez, kalez kale, ezer gertatutako ez balitz moduan. Baina, Zanguango zaleok badakigu gauza asko gertatzen direla gure agertokian azaltzen direnean. Esaterako, bizitzari darion poetikotasun absurdoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.