Iraganaren ilusio nahasia

Saint Etienne taldearen 'I've Been Trying to Tell You' diskoa joandako garaien kronika bat da, edo inoiz izan ez den aro baten ilusio onbera. 1990eko urteetako 'sample'-ekin sortu dute.

Sarah Cracknell, Pete Wiggs eta Bob Stanley, Saint Etienne hirukotea. HEAVENLY.
Andoni Imaz.
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Joan den irailean 30 urte bete ziren Saint Etienne musika taldeak Foxbase Alpha estreinako diskoa argitaratu zuenetik. Ordukoak dira Only Love Can Break Your Heart eta Nothing Can Stop Us singleak, dance musikaren Billboard zerrendako lehenengo postuan egondakoak. Dub baxuak, house erritmoak, piano loop-ak eta perkusio zakarrak erabiltzen zituzten. Taldearen pop dantzagarriak arrakasta handia izan zuen, nagusiki Erresuma Batuan, eta, hain justu, taldearen britainiartasuna nabarmendu izan dute hainbat kritikarik. Disko haren urteurrenean iritsi da I've Trying to Tell You lan berezia, taldearen hamargarrena, Heavenly diskoetxearen eskutik.

Lehen disko hartan dagoeneko sumatzen ziren sample-ak, eta horien presentzia areagotu egin zen So Tough izeneko bigarren diskoan (1993). Lan haren kredituetan agertu zen lehendabizikoz Sarah Cracknell abeslaria Saint Etienneko taldekide gisa. Orduan formalizatu zen hirukotea: Bob Stanley, Pete Wiggs eta Cracknell. Gaur egun ere pop, dance eta indie musika sortzen jarraitzen dute, dantzarako aproposa. Horregatik da desberdina disko berria: gogoetatsua, hipnotikoa eta zailagoa da, lehen kolpean.

Diskoko zortzi abestiak kide bakoitza bere etxean zegoela grabatu dituzte, Erresuma Batuko punta banatan: Cracknell Oxforden, Wiggs Hoven eta Stanley Bradforden, Gus Bousfield kolaboratzailearekin batera. «Pandemia iristerako bagenuen diskoaren ideia, eta zuzen joan da dena. Gustura nago emaitzarekin, zeharo berria da», azaldu izan du Stanleyk.

Zahar-berria, izatekotan. 1997. eta 2001. urteen arteko pop abestien sample-ekin osatu dituzte abesti guztiak. Stanleyk «optimismoaz eta etorkizunaz» pentsatu nahi zuen, gaur egun ez duelako horien arrastorik antzematen inon, eta iruditu zitzaion garai horrek ordezka zezakeela gizartearen une oparo bat. Bi mugarri daude hor: laboristen garaipena Erresuma Batuko 1997ko maiatzeko hauteskundeetan, eta 2001eko irailaren 11ko atentatuak. «Erraza da atzera begiratu eta urrezko aro xalo bat ikustea, nahiz eta orduan ere denetik zegoen».

Diskoarekin adierazi nahi izan dute memoria ez dela «fidatzeko moduko narratzaile bat», Stanleyren esanetan. Cracknellentzat, musika «ametsezkoa eta atmosferikoa» sortu dute; «uda amaierako soinua» ekartzen dio gogora. Urte horietan BBCren Radio 1 eta Radio 2 irratietan entzuten ziren kantu ezagunak moldatu dituzte diskoan. Besteak beste, Honeyz taldearen Love of a Lifetime (1998) kantuaren rhythm and bluesa, erritmoa jaitsita eta luzatuta, Music Again kantuan; Natalie Imbrugliaren Beauty on the Fire (2001) abestiko ahotsa Pond House singlean; eta Lighthouse Familyren Raincloud-eko trip-hopa (1997) Fonteyn kantuan.

Diskoa eta filma

Alasdair McLellan argazkilari eta zinemagileak film bat sortu du diskotik abiatuta. Oroimenari buruzkoa da hura ere. «Garai hari begiratzen diot orain idilikoa balitz bezala —asperdura hark ere idilikoa dirudi—, eta soinu bandaren zati handi bat Saint Etiennerena zen», kontatu du zuzendariak. Maiz esan izan da taldearen musikak zinemakoaren kutsu bat izan ohi duela, eta, gainera, sortu izan dute pelikularen baterako musika, Wiggsek batez ere.

Simon Price musika kazetari eta kritikariak honela laburtu du lanaren atzeko ideia diskoetxearentzat idatzitako aurkezpen testu batean: «Diskoaren ametsezko giroa adierazpen bat da bere horretan: memoria adimenak sortutako fikziozko produktu bat da, ez da fidatzekoa. I've Been Trying To Tell You-k galdera bat planteatzen du: 'Dena amets bat besterik ez zen?'. Saint Etiennek beti jakin du erantzuna. Zuri esan nahian aritu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.