Bozen emaitzen orrialde berezia prestatuko du gaur BERRIAk

Telegrameko kanalean webguneko edukiak zabalduko dituzte. Lehen aldiz hiriburuen auzoetako emaitzak emango dituzte webean

Udaletako, foru aldundietako, Nafarroako Parlamentuko eta Europako ordezkariak hautatuko dituzte gaur. JESUS DIGES / EFE.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian udal eta foru hauteskundeak dituzte gaur; tartean dira Nafarroako Parlamentukoak. Eta Euskal Herri osoan Europako Parlamenturako hautagaiak bozkatuko dituzte. Bozen inguruko informazioari jarraitu ahalko zaio euskarazko komunikabide nagusietan:

BERRIA

Egunkariko kazetariak lanean arituko dira goizetik, zuzeneko kontakizuna egiten webgunean eta sare sozialetan (#M26bozak traola erabiliz). Emaitzen orrialde indartsu bat jarriko dute webgunean, eguneko emaitza guztiekin. Arreta berezia jarriko dute Nafarroako Gobernurako emaitzetan, eta gehiengoen aukerak izango dira ikusgai grafiko batean. Hego Euskal Herriko herri guztietako datuak kontsultatu ahalko dira gaur gauean; Ipar Euskal Herriko bozetako herri guztietakoak bihar edo etzi, baina gaur bertan hamabost herri eta hiri nagusien emaitzak egongo dira kontsultatzeko moduan. Euskal Herriko mapa interaktibo bat egongo da; ikusi ahalko da udal bakoitzeko indarretan zein bozkatu den gehien, eta alderdi bat ere aukeratu ahalko da herri bakoitzean zer emaitza izan dituen ikusteko.

Berritasun nagusietako bat Telegram aplikazioko kanala izango da —webguneko edukiak zabalduko dituzte bertatik—. Gainera, BERRIAk hiriburuen auzoetako emaitzak emango ditu aurreneko aldiz —bihar arte itxaron beharko da horretarako—. Hobekuntzak egin ditu kazetak, bisitariak aintzat hartuta, behar teknikoei aurre egiteko.

Bihar, astelehena, paperezko edizioa argitaratuko du BERRIAk, emaitza guztiekin eta hainbat analisirekin.

HITZA

Eskualdeetako Hitza guztietan luze eta zabal emango dute hauteskunde gauaren berri. Herrietako emaitzak eta erreakzioak emango dituzte Hitza egunkarietako webguneetan. Paperezko ale bereziak ere aterako dituzte.

HAMAIKA

Hauteskundeetako saio berezia egingo dute Naiz irratiarekin elkarlanean, 20:00etatik aurrera. Zuzeneko konexioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik. Emaitzak aztertuko dituzte platoan, hainbat gonbidaturekin, eta alderdi politikoetako ordezkarien erreakzioak jasoko dituzte.

ETB1

Aurreneko aldiz, ETBk errealitatea areagotua erabiliko du hauteskundeetako datuak ematerakoan. Hautagaiak fisikoki platoan bertan dauden itxura emango dute teknologia horri esker. ETB1eko saioa 19:35ean hasiko da, Xabier Usabiagaren eta Amaia Cayeroren eskutik. Datuen analisia egiteko, Asier Blas, Estitxu Garai, Iñaki Galdos, Eider Alkorta eta Felix Arrieta gonbidatuko dituzte. Zuzeneko konexioak egingo dituzte hauteslekuetatik eta alderdien egoitzetatik.

EUSKADI IRRATIA

Oihane Yustosek eta Iñaki Guridik aurkeztuko dute hauteskundeetako saio berezia, 19:30etik aurrera. Hainbat iritzi emaile izango dituzte, eta, erreakzioak jasotzeko, lantalde zabal bat arituko da beharrean.

EUSKAL IRRATIAK

Hauteskunde gaualdi berezia egingo dute Antxeta Irratian, Gure Irratian, Irulegiko Irratian eta Xiberoko Botzan, 20:30etik aurrera. Europako hauteskundeetako Euskal Herriko emaitzak emango dituzte. Herrietako bozei ere jarraituko diete, arreta berezia jarriz Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa). Nafarroako Parlamentuko bozen emaitzen berri ere emango dute; bihar, 08:00etan, Hedoi Etxarteren analisia izango da entzungai.

TOKIKOM

Tokikomeko hainbat komunikabidek Codesyntax enpresak sortutako tresna bat erabiliko dute gaur. Aplikazio grafiko horrek ez du bakarrik balioko gaurko udal hauteskundeen datuak ikusarazteko; hainbat herritako datu historikoak ere bertan egongo dira kontsultatzeko moduan.

NAIZ IRRATIA

Berriki hasi da Naiz irratia eguneroko programekin, eta gaur izango du lehen hauteskunde gaua. 20:00etatik aurrera, irratsaio berezia egingo dute Hamaika telebistarekin elkarlanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.