Erromeria eta rocka, txistuen doinuekin

Eganeko Xabier Saldias eta Zaramako Roberto Moso arituko dira gaurko txistularien alardean. Plaza Barrian egingo dute, 13:00etan

Marijaia, Aste Nagusiaren azken egunean urtero ospatzen den Txistularien Alardean. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
«Bilboko publikoa oso esker onekoa da: zerbait bere sentitzen duenean, igarri egiten da txalo zaparradetan». Garikoitz Mendizabal Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendariak gaur ere sentitu ahal izango du publikoaren beroa. Txistulariak Aste Nagusi osoan ibili dira hiriburuko kaleetan hara eta hona, baina Plaza Barrian egiten duten ekitaldia «berezia» izaten da haientzat, Mendizabalek onartu duenez: «Igandean biribilduko dugu». Hala, ekitaldia bandak «mimo handiarekin» prestatu du. Urtero bezala, 13:00ean taularatuko dira ekitaldian parte hartuko duten musikariak.

Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako txistulariak arituko dira Aste Nagusia agurtzen. Udal Txistularien Bandako zuzendariak azpimarratu du ikuskizun gisa antolatuta dagoela, baina, halere, «oinarriak galdu gabe» egiten dutela lan, tradizioari lotuta betiere. Txistuak erro oso sakonak baititu euskal kulturan: «Euskal tresna herrikoien artean esanguratsuenetako bat da, eta antzinakotasun handiena duena, dudarik gabe». Alabaina, tradizioa ere ez da ukiezina, eta ildo berriek txistuan ere eragina izan dute. Hori hala izanda, usadioak egokitzeko bidea hartu du alardeak: kolaborazioak baliatzen dituzte «gaurko musikara gerturatu» ahal izateko.

Ekitaldiaren oinarrian txistularien alardea dago, baina beste hainbat estilo ere biltzen ditu kontzertuak; musikari dagokionez elkarrengandik urrun daudela iruditu arren, Plaza Barriko oholtzan arrakastaz nahasten dira. Mendizabalek argi dauka emaitza horren arduradunak nortzuk diren: «Xabier Zabalak dauka giltza, eta Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendariak ateratzen dio distira». Aurten, Zarama taldeko Roberto Mosoren eta Egan erromeria taldeko Xabier Saldiasen ahotsak eta estiloak nola uztartu erabaki behar izan dute: alegia, rock banda baten eta berbena baten espirituak elkarrekin arituko dira gaur eguerdian; eta, hori jada gutxi balitz, beste ehun bat musikariri lekua egin beharko diete oholtzan.

«Esperientzia berria da bere osotasunean». Roberto Moso rockarekin eta punkarekin lotutako abeslaria da, Zarama taldeko ahotsa izanik. Hala ere, musika generoen mugak oso lausoak izan daitezkeela erakutsi du, txistulariak izango dituelako taula lagun behiala Euskal Rock Erradikalaren parte izandako artistak; baita Xabier Saldias ere. «Bion artean ez dago lotura handirik. Ildo ezberdinetan mugitzen gara». Bere aldetik entseatu du lehenengo, eta, gero, lana «bateratu» dute, banatutako bide horiek elkar daitezen.

Jai giroa eta emozioa

Bilboko Aste Nagusiak jada tradizio bihurtutako hainbat ekitaldi ditu, eta txistularien alardea horietako bat bihurtu da dagoeneko. Hasieran Euskalduna jauregian egiten zen, baina Plaza Barrira lekualdatzea erabaki zuten. Mendizabalek onartu du aldaketa horrek zalantzak eragin zizkiola hasieran, baina han ere harrera ona izaten dute. «Gure harrigarri, jendeak gora egin du, eta zain egoten da».

Moso ere jakitun da Bilbokoek atsegin dutela alardea. Publikoa ezaguna du jada, jaietan abesten ibilia delako: «Zaramarekin bitan etorri nintzen: taldearen hamargarren urteurrenean, eta, gero, banda berriro batu zenean». Estiloa aldatuta, erantzuna berdina da oraindik. Mosoren iritziz, tokiak eta orduak zerikusia izan dute alardearen egonkortasunarekin: «Oso ondo kokatuta dagoela uste dut. Familia osoak ibiltzen dira, eta oso giro polita sortzen da».

Giro eder horrek, ordea, jendea hunkitzeko abagunea ere edukiko du gaur. Formatuari dagokionez, kontzertuak ez du berrikuntzarik izango; halere, aurtengo emanaldia berezia izango da, hainbat arrazoiren ondorioz: alde batetik, Xabier Zabalak bere aitari eskainitako lan bat estreinatuko dute. Bestalde, Kepa Junkera omentzeko aprobetxatuko dute Marijaiak bukaera aldera egiten duen agerraldia; Junkerak asmatutako Badator Marijaia abestia interpretatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.