Musika

Egiten ari den arima beltza

Bi disko besterik ez du, baina musika beltz garaikidearen ahotsik inportanteenetako bat bilakatu da Curtis Harding. Heldu den astean bi kontzertu emango ditu Euskal Herrian.

Danger Mouserekin eta Sam Cohenekin grabatu du bigarren diskoa Curtis Hardingek. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Musika beltzaren, eta zehazki, soularen eta rhythm & bluesaren esparru zabaletan nabarmentzea ez da erraza. Asko dira eremu horietan mugitzen diren musikariak, hala 1960ko eta 1970eko hamarkadetako erreferentziak dituztenak, nola soinu garaikideak lantzen dituztenak, eta, eszena hiperpopulatu horretan burua besteen gainetik ateratzeko, nortasun ezaugarri nabarmenak erakutsi behar izaten dira.

Curtis Harding ez da, berez, musikari originala. Ez du ezkutatzen maisuekiko miresmena—Curtis Mayfield-ek bezala, falsetto-a erabiltzen du, zenbaitetan, kantatzean—, eta haren musikan, soularenaz gain, psikodeliaren eta rockaren arrastoak ere antzematen dira. Eta, hala ere, bi disko bakarrik argitaratuta, Harding soul olatu berriaren ahotsikinteresgarrienetako bat bilakatu da; agian, batetik bestera egindako jauzia ez delako nolanahikoa.

Curtis Hardingek (Michigan, AEB, 1979) oso gaztetatik edan zuen musikaren iturritik. Dorothy ama gospel abeslaria zuen, eta herri batetik bestera eramaten zuen familia, elizetan kantatzeko asmoarekin. Curtisek kirolaria izan nahi zuen, baina amarekin igo zen oholtzara gaztetxoa zela, eta, handik urte batzuetara, ahizpa helduagoak — zeina rapa egiten hasia baitzen—musika sekularraren bidea ere erakutsi zion.

Hain zuzen ere, 20 urte egin berri, Hardingek lehen urratsak egin zituen Proseed hip-hop taldearen barruan, eta berehala jarri zen kontaktuan CeeLo Greenekin (Gnarls Barkley). Haren disko batean (Cee-Lo Green and His Perfect Imperfections, 2002) koruak egin zituen, biran ere atera zen, eta harremanetan jarri zen soularen eta hip-hoparen artean mugitzen ari ziren hainbat artista ezagunekin: Outkast, Lauryn Hill, The Roots...

Hori nahikoa ez, baina, eta 2008an, Torontora mugitzearekin batera, sormen lanari ekin zion Hardingek. Gitarra bat erosi eta kantuak idazten hasi zen. Gerora etorriko zenaren hazia ereinda zegoen.

Black Lipseko gitarristaCole Alexanderrekin sortutako rhythm & blues eta garage talde batekin (Night Sun) estreinatu zen Harding konpositore eta abeslari gisa. Single bakarra grabatu zuten, baina Hardingi balio izan zion bere buruarengan konfiantza hartzeko —Black Lipsentzako kantu bat ere konposatu zuen garai hartan—, eta, 2014an berriro estudioan sartu zenean—ordurako, bakarka aritzeko asmo sendoarekin— hogei pieza zituen idatziak.

Arimaren indarra

Izenburutik bertatik, Soul Power (2014) lanarekin jarrera bat erakutsi zuen Hardingek. 1970eko hamarkadako musika beltza zuen oinarrian diskoak, baina ez zien bizkarra ematen beste musika estilo batzuei, rock izpiritua zerien zenbait piezari, eta, beste ezeren gainetik, soul lan garaikide baten traza guztiak zituen. Musika beltzaren eszenan kokatzeko balio izan zion kantariari.

Eta hala ere, Face Your Fear (2017) bere bigarren diskoarekin beste urrats handi bat egin zuen Hardingek. Danger Mouse eta Sam Cohenek ekoitzi zuten diskoa, eta, aurrekoari falta zitzaion sakontasun bat emateaz gain, konponketa landuagoekin jantzi zuten disko osoa —biolinak eta haize tresnak ageri dira kantu ugaritan—. Badira diskoan pieza dantzagarriak, northern soulera gerturatzen direnak (On and On, Till The End, Need Your Love), baina horiekin batera, ukitu psikodeliko leun bat duen soul sofistikatua nagusitzen da diskoko parte ugaritan: Face Your Fear, Ghost of You, Dream Girl...

Hurrengo pausoek nora eramango duten ikusteko dagoenean, Hardingek bere oraina erakusteko aukera izango du datozen egunetan Euskal Herrian.

KONTZERTUAK

Asteartea 19. Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.

Osteguna 21. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.