Pandemiak musikaturiko lana

'The Million Things That Never Happened' disko berria kaleratu du Billy Bragg kantari ingelesak

Billy Bragg kantari ingelesa, 2018an, Londresen egindako kontzertu batean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE / EPA.
Ainize Madariaga
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Billy Bragg kantariak The Million Things That Never Happened diskoa aterako du heldu den ortziralean. Berez, 2020. urtea errepidean igarotzea aurreikusia zuen, 2021erako album berria egiteko, eta bidaian ideiak atzematea espero zuen kontzertuetako audio balantzeetan. Alta, aitortu du iraganean arazo pertsonalek bidetik urrundu dutela, eta kantuak idatzi izan dituela, preseski, gertakari haiek onartzeko. Aldi honetan, ordea, herritar guztien bizitzetan eragin duen «esperientzia unibertsala» izan da, «orain arte sekula bizi gabekoa». Lehen itxialdiak eragotzi zizkion biren hutsunea erreprodukzio zerrenda eta klipekin bete zuen, «entzuleekin konektatuz». Baina bigarren itxialdiak, 2020 bukaeran, gogoa ilundu ziola onartu du. Hala, Romeo Stodart eta Dave Izumi musikariekin bildu da estudioan, eta horrela hasi dira album berrirako kantuen osatzen: «Aurkeztu didate kantuak egiteko manera berri bat; zinez prezatu dut, ikusirik egoerak zenbat kokatu ninduen». Hala ere, The Million Things That Never Happened diskoa ez da pandemiaz beraz ari, baizik eta albuma egiteko pairatu dituzten hondar urte biotako gorabeherez.

Kantari ingelesarentzat I Will Be Your Shield kantua da albumaren «bihotza eta arima». Ondorioztatu baitu enpatia dela musikaren lema; autore-konpositore gisa haren lana dela jendeari haien sentimenduak onartzen laguntzea, entzuleak bizi dituen egoera bertsuak bertze batzuek nola kudeatzen dituzten erakutsiz. «Bizi izan duguna bizi izan ondoren, ene baitan sakonki durundatzen dt ezkutu psikologiko, emozional eta fisikoa izateak».

Folk eta punk-rock musika du egiten Braggek. Hasieran amodioa bazuen ere gai nagusia—Sexuality (1991) du singlerik ezagunena—, Margaret Thatcherren gobernuaren politikak asaldatu zuen, eta gai politikoak lantzen hasi zen. Bertzeak bertze, 1984ko meatzarien greba sostengatu zuen. Bere burua sozialistatzat du, ezker muturrean kokatzen du; antifaxista, antirrazista, antisexista eta antihomofoboa da. Gizarte kosmopolitaren alde ari da lanean, batzuetan eskuin muturreko Erresuma Batuko Alderdi Nazionalari gogor aitzin eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.