Idoia Romano Guridi. Ekintzaile feminista

«Ez nuen feminismoa egin nahi: feminismoa bizi egin nahi nuen»

La Virgen de los Deseos etxea XIX. mendeko palazio burges trans bat da, La Paz erdigunean. Jatetxea, arte galeria, irratia, enplegu bulegoa... Mujeres Creando taldearen egoitza ere bada, eta hango kide da Idoia Romano Guridi.

JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
La Paz
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Oxigenoa urrien den leku batera etorri zen Idoia Romano (Oñati, Gipuzkoa, 1968) arnas bila. Aurki izango dira hogei urte Boliviako Altiplanora aldatu zela. Kosta zitzaion, baina egokitu da, eta zoriontsu dela dio, «maite duena eginaz» bizi delako. Eta maite duena emakumeen aldeko borroka da; eguneroko inurri lana eta adrenalina bor-borka jartzen dion ekintza zuzena. Neska bargasta, gazte errebeldea, andre ekintzailea, «beti izan naiz terribolika».

Oñatiarra sortzez…

Han bizi izan ginen 5-6 urte izan nituen arte; gurasoek Tximisten egiten zuten lan eta Gasteizko lantegira joatea proposatu zieten arte. Baina gero ere, ahal zen bakoitzean, Oñatira!

Etxean zer giro zenuten?

Aita Telesforo Monzonekin-eta zebilen, ESBn [Euskal Sozialista Biltzarrea]. Gasteizen atxilotu, eta alde zaharreko kartzelan eduki zituzten. Ez zait ahaztuko. Niri baino ez zidaten sartzen utzi. 8-9 urte izango nituen, eta han joan nintzen aitari-eta ogitartekoak ematera. Latza izan zen. Arrastoa utzi zidan. Poliziarekiko-eta beldur hori, euskaldun gehienok genuena, hor sartu zitzaidan. Angustia handiz bizi izan zuen familia osoak. Eta gure amak esan zion aitari: «Edo Monzon edo gu».

Eta otzandu al zen aita?

Pixka bat bai. Baina beti jarraitu izan du lantegiko saltsetan-eta.

Erraz etsi al zenuen Gasteizen?

Ez. Gasteizko lehen ikastola sortu zuten kooperatiban aritu ziren gurasoak. Olabide ikastolan bi korronte batu ginen: batetik, langile klasekoak, abertzaleak gehien-gehienak; bestetik, Gasteizko erdi mailako eta goragoko jende bizkorra, zeinak barrundatu zuten eta baita asmatu ere beren seme-alabek euskara ikasi beharra zutela etorkizunean aginte politiko sozial eta ekonomikoan egon ahal izateko. Bi korronte horiek batzeak talka zakar samarra eragin zuen.

Ez duzu oso oroitzapen gozoa…

Bullying handia jasan nuen. Iseka egiten zidaten edozergatik: gazteleraz ez nintzelako ondo moldatzen, betaurrekoak neramatzalako, hortzengatik, lodia nintzelako... oso txarto pasatu nuen. Zorionez, asteburuero joaten ginen Oñatira.

Nolako adoleszentzia izan zenuen?

Ezin nuen eraman mutil laguna bilatu behar hori, formala izan beharra.. Nik maite nuena zen libre ibiltzea, barrez lehertzea, basatia izatea... Lagunak ere oso helduak nituen.

Eta gero?

Heroina beldurtzeraino sartu zen Oñatin, eta inguru guztian. Eta herritik urrundu nahia sentitu nuen. Horregatik, Euskadin egin zitezkeen karrera guztien zerrenda hartu, eta han agertzen ez ziren bi jo nituen begiz: filosofia eta albaitaritza, bata Salamancan eta bestea Zaragozan ematen zituztelako. Albaitaritzatik deitu zidaten lehendabizi...

Gustatu al zitzaizun Zaragoza?

Txunditu egin ninduen. Xelebrea izan zen lur hartzea... Egun batez, liburutegian ikasten ari nintzela, tuno talde bat pasatu zen aurretik. Eta tuno horiek burlaka hasi zitzaizkien unibertsitateko talde feministakoei, Lisistratakoei. Sututa, tunoen arbuio gutun bat idatzi nuen, frankista hutsak zirela esanaz eta erridikulua egiteari uzteko pixka bat estudiatzea gomendatuz. Liburuzaina komunista porrokatua zen, eta hark lagundu zidan nire gutun hori campusean zabaltzen. Eta orduan Lisistratakoek esan zuten: «Ostia! Albaitaritzan gu baino hardcoreagoa den bat dago! Fitxatu egin behar dugu!».

Eta ondo hartu zenuten elkar, noski…

Ba, bai. Zaharragoak ziren asko, eta, nolabait, maistra izan ziren niretzat. Karrera amaierako lanean, emakumeek gobernatutako abeltzaintza ustialekuak nola hobetu aztertu nuen, eta gerora ere Zaragozan jarraitu nuen, zoriontsu nintzelako. Eta, orduan, eta honek azaltzen du pixka bat nor naizen ni, zer-eta albaitaritza eta feminismoa uztartu nituen. Chistau ibarrera joan nintzen, Plango alkateak eskatuta, Josefina Lostek. Hark antolatu zituen, urte batzuk lehenago, emakume karabanak bailara hartara, eta Espainiako inguru pobreenetatik andre dezente erakarri zituen Pirinioen bihotzera.

Nolako lana izan zen Chistaukoa?

Ene!Senarrei afaltzen ematen amaitzen zutenean egiten genituen batzarrak. Bilera bukatu, joaten zen bakoitza bere aldetik, eta ostatutik ikusten nuen nola etxalde bakoitzeko sukaldeko argiak pizten hasten ziren banan-banan. Zer zen hura!? Goizeko ordu bataeta erdietan emakume horiek beren senarrei esplikatzen nirekin egindako bileran erabakitakoa! Hura tentsioa hurrengo goizean tabernara sartzea egiten nuenean! Haiek begirasunak! Jota xerratu egingo ninduketen ahal izan balute! Baina geurean segitu, eta hazia erein genuen. Kooperatiba bat sortu, eta ahuntz gazta ekoizten hasi ziren andre haiek. Horretan jarraitzen dute gaur egun, eta ederto doakie. Ikaragarri ikasi nuen han, batik bat giza harremanez.

Zer izan zen hurrena?

Gasteiza itzuli eta EHNEn kontratatu ninduten. Mundial pasatu nuen: autoa hartu, eta hor ibiltzen nintzen, jo Bergarara eta jo Karrantzara, bateko bilkura eta besteko biltzarra. Maite Aristegi nuen nagusi. Munduko azken puntara joango nintzateke Maiterekin!

Zertan aritu zinen?

Soziologoek ez dute askorik idatzi horretaz, baina emakume haien arazorik handienetako bat gizonaren baserrira bizitzera joatea zen. Drama bat, askorentzat. Amaginarrebak agintzen zielako nola kozinatu, nola hezi seme-alabak... bikote harremanetan arazo gaitzak sortzen ziren, senarrek beti amaren alde egiten zutelako. Horri irtenbidea emateko proiektu bat sortu, eta baserrietan bigarren sukalde bat eraiki ahal izateko diru sail bat eskatu genuen Jaurlaritzan.

Garai hartako zer beste oroitzapen geratu zaizu?

Halako batean jakin nuen Nazio Batuek Emakumeen IV. Bilkura egin behar zutela Txinan. Eta Maiteri esan nion: «Ba al dakin zer? Emakunden diru laguntza eskatu eta Beijingera joango gaitun baserriko bizitza zer den azaltzera». Han joan ginen 27 andre. Sekulakoa izan zen. Surrealista. Txinatarrak, Zeelanda Berrikoak, Zambiakoak... hura saltsa-maltsa! Aberasgarria izan zen oso. Baina susto galanta ere izan genuen.

A bai?

Egundokoa. Sustraia izeneko aldizkaria ateratzen zuen orduan EHNEk, eta Txinatik itzultzean monografikoa kaleratu nahi genuen. Eta, azalerako argazkia ateratzeko, Tiananmen plazara joatea erabaki genuen. Nik propio eraman nituen Sustraia-ren ale mordo bat, erretratuan bakoitzak ale bat eskuan izan zezan. Sustraia Beijingen imajinatzen nuen goiburua. Hasi gara preparatzen fotografia egiteko, jarri ditut andre denak ilaran, eta zorrotik aldizkariak ateratzera nindoanean... Braust! Lurrera bota ninduten inguruan zebiltzan txinatar mordo batek! Zibilez jantzitako polizia sekretuak nituen gainean. Ziztu batean hiru furgoi azaldu ziren plazaren erdian, eta horietako batean sartu ninduten.

Eta?

Panorama latza. Nik ingeles gutxi; haiek batere ez. «No problem, no problem» errepikatzen nien. Gero eta jende gehiago furgoneta barruan. Txinatarrak aldizkariak ireki eta haiei begira, eta paperean Nafarroako aretzeari buruzko ale berezia! Lau ordu eduki ninduten, hura estuasuna! Pentsatzen nuen: «Hemendik eramaten banaute, inortxok ere ez du jakingo non naukaten. Badakite, ordea, eramanez gero zalaparta sortuko dutela nire kideek, eta eskandalurik ez zaie komeni, mundu osotik etorritako berrogeita piku mila emakume gaude-eta Beijingen...». Halako batean plazara bota ninduten, libre. Libre-edo. Harrezkeroztik bi bizkartzain izan nituen segika egunero.

Eta hor bukatu al zen?

Nahiago nuke! Kazetari batek jakin zuen zer gertatu zitzaidan, eta galdezka etorri zitzaidan. Nik garrantzia kenduz erantzun nion. Eta, zer da-eta, han agertzen da istorioa El País-eko kontrazalean: «Vasca, única detenida en la cumbre de la mujer de la ONU» (Euskaldun bat Emakumeen Mundu Bilkurako atxilotu bakarra). Emakundeko zuzendariak, Txaro Arteagak, telefonoz deitu eta hura errieta egin zidana!

Horregatik utzi al zenuen EHNE?

Ez, ba! Krisia etorri zen, eta batzuk kanpoan geratu ginen. Orduan Mundubat GKEan hasi nintzen. Eta 2000n, Mujeres Creando (MC) taldekoak iritsi ziren Espainia eta inguruko mugimendu feministak ezagutzeko egiten ari ziren bira batean. Haiekin bildu, eta haluzinatu egin nuen. Izan ere, garai hartan, eta orain ere bai, Europako gizarte mugimenduak krisian zeuden. Feminismoa, adibidez, ordutegidun feminismoa zen: astearte arratsalderoko bilera eta egun seinalatuetako ekintzak. Niretzat gutxi zen hori. MCkoena, aldiz, bizi eredu bat zela ikusi nuen. Nik ez nuen feminismoa egin nahi; feminismoa bizi egin nahi nuen. Eta La Pazera etortzea pentsatzen hasi nintzen.

Erraza izan al zen pausoa luzatzea?

Gogorra izan zen, zaila da-eta iparra eta hegoa uztartzea; are gehiago Bolivian. Herritarren %80 indigenak dira hemen, kultura ignotoa guretzat. Erakarri egiten ninduen, ordea. Eta, zenbait urtez joan-etorrian ibili eta gero, 2005ean hona aldatzea erabaki nuen. Auzo pobre batean bizi ginen orduan elkarrekin. Berogailurik ez genuen sekula izan, eta hemen, udazkenetik atzera, noiznahi jaitsiko da tenperatura zeropetik 10 graduraino. Harreman sarea egitea ere kosta egin zitzaidan. Baina orain baditut ahizpak, eta bizia ere emango genuke elkarrengatik.

Zu zara taldeko atzerritar bakarra…

Bai, eta oso presente dut. Kolonialismoaren arrastoa nabarmena da hemen. Honantz etorri, denak sarraskitu eta dena lapurtu zuten haien ondorengoa naiz. Zeure burua kokatzen asmatu beharra duzu hemen irauteko.

Nola finantzatzen duzue proiektua?

Lan asko eginaz, kar-kar-kar... Jatetxeak ematen dizkigu sarrera batzuk. Eta, gero, hitzaldiak-eta daude. Bolivian dohainik ematen ditugu, gizartean eragin eta ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugulako. Baina atzerriko erakunde arranditsu batetik deitzen digutenean, geure proposamen artistikoa eraman dezagun, zenbat eta gehiago kobratu hobe. Behin baino gehiagotan izan gara, adibidez, Sao Paulo eta Veneziako biurtekoetan; horietan dirutza ordaintzen dute.

Horrela jokatuta ez al duzue purplewashing-ean kolaboratzen?

Ez. Gu artearen mundura bagoaz, hura zartatzeko da. La Pazen, adibidez, Museo Nazionalaren horma batean Aldare blasfemo bat margotu genuen, eta apaiz eta moja samalda bat etorri zitzaigun, beren onetik irtenda, hura pinturaz estaltzera.

Nolakoa zen aldare hori?

Gotzain bat masturbatzen ageri zen, Jesu Kristo zakilezko gurutze baten garraio, Ama Birjina trans bat...

Arteak egin zaituzte ezagun atzerrian, baina eguneroko lana ikusten ez dena beste era batekoa da…

Performanceak eta ekintza politiko zuzena konbinatzeak oihartzuna ematen digu. Baina, bai, gure etxera 2.500 emakume baino gehiago etortzen dira urtero laguntza eske, bortxakeria matxista jasaten dutelako. Hiru abokatu eta Zuzenbidea amaitzen ari diren hainbat ikasle laguntzailek osatutako talde bat daukagu horretan buru-belarri lanean.

Justizia lortzeko metodo alegalak erabiltzen dituzue, ezta?

Bai, gauez eta azpikeriaz aritzen gara, kar-kar-kar... baina legez kanpoko ezer ere egin gabe. Hara, emakumeak gurasoenera bueltatzea erabakitzen duenean, erabat esku hutsik gera ez dadin lagundu ohi diogu. Dibortzioak ordaindu ahal izateko, bikotearen irabazpidezko ondasunak hartu egiten ditugu, eta, horri esker, senarrarekin negoziatzeko posizioan izan ohi gara. Horrelakoak egiten ditugu etxe honetakook: funtzionatzen duten ekintza zuzenak, emakumeen mesederako. Epaitegietan badakite gu azaltzen garenean irabazi egin ohi dugula. Eta lan hori dohainik egiten dugu. Izan ere, Boliviako arazo handienetako bat da justizia lortzeko dirua behar dela.

Zuengana emakume aberatsak ere etortzen dira, ordea…

Gehiena klase apaleko emakumeak etortzen zaizkigu, baina dirudun dezente ere etortzen zaizkigu, bai. Sarritan, erasotzailea —senarra— gainetik kendu ezin dutelako etortzen dira. Senar hori ezagunegia delako, politikaria edo negozio gizona, eta inork ez duelako haren aurka hasi nahi. Eta emakume horiek badakite gu garela ausartuko garen bakarrak. Eta ausartu egiten gara. Evo [Morales] izan zen gurean salatu zuten lehen gizaseme ezaguna, aitortu gabeko seme-alaba asko izan dituelako. Aitatasuna bi kasutan baino ez du onartu, eta, horietan, presio sozialak eraginda onartu du.

Oso gogor kritikatzen zenuten Moralesen gobernua haren azken urteetan.

Guk herrialde eredu bat dugu, ikuspegi feminista duena. Aldi berean, espiritu anarkista ere badugu: ez dugu boterean sartu nahi sistema barrutik aldatzeko. 2006an, Evoren garaipenarekin, ezkerreko mugimendu sozial guztiak sartu ziren gobernura haren atzetik. Geu izan ginen postu bat nahi izan ez genuen bakarrak; eta eskaini zizkiguten. Egia da gobernuaren inguruan badagoela jende interesgarria, gauzak zinez aldatu nahi dituena. Eta jende horrekin badugu hartu-emana.

Boterea dutenen aurka joateak ez al dizue ondoriorik ekarri?

Sarri egin digute mehatxu, baita heriotza mehatxuak ere. Gogorrena Añez (Jeanine) agintera iritsi zenean izan zen. MASeko agintari kupulak ihes egin zuen aurrena, eta, gero, tsunami baten pare, horda faxista etorri zen izua eraginaz. Garai hartan, elkar babesteko, etxe honetan bertan egiten genuen lo, su itzalgailuak eskuan, molotov koktelak jaurtiko zizkiguten beldur. Ez genuen etsi, ordea, eta gure irratia izan zen Añezen eta ultraeskuineko politikarien gehiegikeriak salatu zituen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.