Netflixek beste 7,6 milioi harpidedun bereganatu ditu

Reed Hastingsek zuzendari nagusi izateari utziko dio 25 urteren ostean, eta konpainiako presidente eragilea izango da aurrerantzean

Reed Hastingsek 25 urte egin ditu Netflix plataforma zuzentzen. Presidente eragilea izango da orain. YONHAP / EFE.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Aldaketa prozesuan murgilduta dago Netflix plataforma. Azaroan, iragarkiak sartzen dituen harpidetza aukera berria jarri zuen martxan. Eta, orain, Reed Hastings konpainiaren sortzaile eta zuzendari nagusiak kargua utzi du —ia 25 urte egin ditu enpresa gidatzen—. Hemendik aurrera, konpainiako presidente eragilea izango da Hastings. Kontseilari ordezkari edo zuzendari nagusi, berriz, Ted Sarandos eta Greg Peters izango dira. «Zuzendaritza kontseiluak eta nik uste dugu garai egokia dela nire segida erabakitzeko», idatzi du Hastingsek bere blogean.

Hastingsen iragarpena ostegun gauean iritsi zen, eta aldi berean jakinarazi zituzten plataformaren 2022ko azken hiruhilekoaren datuak: mundu osoan beste 7,6 milioi harpidedun lortu ditu. Enpresaren aurreikuspena zen 4,5 milioi harpidedun egiteko aukera izango zuela, baina datuak espero baino hobeak izan dira.

Aintzat hartzekoa da 2022ko bigarren hiruhilekoan Netflixek milioi bat harpidedun galdu zituela. Goia jo ote zuten aipatu zuten zenbaitek. Baina hirugarren hiruhilekoan beste 2,4 milioi harpidedun lortu zituen, eta urtea ondo amaitu du konpainiak.

Netflixek 4.141 milioi euroren irabaziak izan ditu 2022an. Plataformak esan du urtea «gogorra» izan dela, baina amaiera «distiratsua» izan dutela. «Uste dugu bidea argi dagoela irabaziak handituz joateko eta Netflixeko alor guztiak hobetuz joateko, iragarkien eskaintza tarteko», azaldu du enpresak, ofizialki.

Netflixen osteguneko iragarpenek eta harpidedun datuek berekin ekarri dute konpainiaren akzioak burtsan %7 haztea. Dena den, bada beste datu bat aipatu beharrekoa: 2022an, Netflixen akzio bakoitzeko irabaziak 35 zentimokoak izatea espero zuten, eta 12 zentimokoak baino ez dira izan.

Datozen hilabeteetan, Netflixek beste erronka bati egin beharko dio aurre: pasahitzak partekatzen dituztenek diru gehiago ordaindu beharko dute. Sistema hori Txilen, Costa Rican eta Perun jarri dute martxan, aplikazio baten bitartez.

Ikusi beharko da sistema berri horrek ez ote dituen harpidedun asko uxatuko. Espainiako Barlovento Comunicacion agentziak egin duen inkesta baten arabera, Netflixeko erabiltzaileen %61,3k baja emango dute ezin badute pasahitza partekatu. Beste streaming plataformetako erabiltzaileek baino gehiago partekatzen dituzte pasahitzak Netflixekoek, ikerketa horren arabera.

Bestalde, aztertzekoa izango da iragarkiak dituen harpidetza merkeagoak arrakasta duen ala ez. 2023ko lehen hiruhilekoan zenbatuko dute aurrenekoz harpidetza mota berri hori.

Amezkua eta Ruiz de Azua

Edukiei dagokienez, azkenaldian oso datu onak lortu ditu Tim Burtonen Wednesday telesailak, eta harrera beroa izan du Glass Onion: A Knives Out Mystery filmak ere.

Aste honetan bertan, Netflixek 2023. urtean estreinatuko dituen pelikularik nabarmenenak iragarri ditu. Tartean izango dira Patxi Amezkuak (Iruñea, 1968) zuzendutako Infiesto —otsailaren 3an estreinatuko dute— eta Alauda Ruiz de Azuak (Barakaldo, Bizkaia, 1978) zuzendutako Eres tú. Azken film horretako protagonisten artean Gorka Otxoa (Donostia, 1979) eta Susana Abaitua (Gasteiz, 1990) daude. Miren Ibarguren aktoreak (Donostia, 1980), berriz, Carlos Theronen Fenómenas filmean parte hartuko du.

Bestalde, zinemagile prestigiotsu ugarik estreinatuko dituzte aurten filmak Netflixen: David Fincherrek The Killer egin du plataformarentzat, izen bereko komikian oinarrituta; Wes Andersonek, bere film berrian, Benedict Cumberbatch, Ralph Fiennes eta Ben Kingsley izango ditu bere esanetara; Bradley Cooperrek Leonard Bernstein musikariari buruzko film bat zuzenduko du; Zack Snyderrek zientzia fikziozko Rebel Moon estreinatuko du; Dev Patel aktoreak zuzendari gisa debuta egingo du; eta Juan Antonio Bayonak 1972ko Andeetako hegazkin istripuari buruzko lan bat egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.