Araski 45-60 Perfumerias Avenida

Harro, eta burua oso tente

Araskik galdu egin du Espainiako Kopako finalerdietan, Perfumerias Avenidaren kontra. Arabarrek ondo eutsi diote lehen hiru laurdenetan, baina behera egin dute azkenengoan

Araskiko Tamara Seda, Perfumerias Avenidako bi jokalariren artean, baloia jaso nahirik. ALBERTO NEVADO.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Araski. Asurmendi (9), Carrera (12), Barbee (8), Tania Perez, Seda (7) —hasierako bostekoa— Quevedo (8), Van den Adel (1), Pardo eta Molinuevo.

Perfumerias Avenida. Cazorla (2), Silvia Dominguez (11), Hayes (21), Fgbenle (7), Vitola —hasierako bostekoa— Lyod (6), Laura Gil (9), Holf, Samuelson (4) eta Vilaro.

Markagailua. 14-13; 23-26 —atsedenaldia— 37-41 eta 45-60.Epaileak. De Lucas, De langa eta Franquesa. Ez dute inor kanporatu. Bestelakoak. 3.500 ikusle Sanchez Paraiso pabiloian.

Txapelketa bateko finalaren atarian geratzea da beti da mingarria. Beti egiten da ametsfinalera iritsi eta titulua irabaztearekin. Baina Araskiko jokalariek eta zaleek ez dute minduta egoteko motiborik. Harro eta burua tente esan diote agur Espainiako Kopari, Atzo, finalerdietan, 45-60 galdu zuten Perfumerias Avenida ahaltsuaren kontra. Baina Salamancako taldeak ez zuen lortu partida haustea azken laurdenera arte.

Gernikaren aurkako final-laurdenetako derbian bezala, adorea, kemena eta joko ona erakutsi zituen Araskik. Aginduak ematen dituenean, agerikoa da Madelen Urieta entrenatzaile lehiakorra eta ausarta dela, eta denboraldi honetan bere neurrira egin du taldea.

Erronka zaila zen atzokoa, Perfumerias ligako talderik indartsuenetakoa baita aspalditik, Gironarekin batera. Gainera, Kopa etxean jokatzen ari da. Baina arabarrak ez ziren kikildu. Erritmo bizia jarri zioten lehiari hasieratik, eta defentsan oso ondo aritu ziren. Errebotea ondo zaindu zuten, eta baloi bakoitza azkeneraino borrokatu zuten. Joko era horri eusteko, Urietak txandakatzeak egin zituen etengabe, eta jokalari guztiengan duen konfiantza berretsi. Lan on horrek saria izan zuen; izan ere, Araskik puntu baten abantailarekin amaitu zuen lehendabiziko laurdena: 14-13.

Perfumerias ez zegoen eroso. Buruz buruko jokaldietan oso jokalari abilak ditu. Hori da haren jokoaren ezaugarri nagusia. Baina ikusi zuten talde lanean aritu ezean oso zaila izango zutela Araski mendean hartzea. Defentsako intentsitatea koska bat gora igo zuten, eta, arabarrek egindako bizpahiru akatsen ostean, ordu arteko alderik handiena lortu zuten bigarren laurdeneko azken txanpan: 15-23.

Baina arabarrek bazekiten irabaztetik gertu egoteko sufritu egin beharko zutela. Ondo estutu zituzten hortzak, eta, ohi bezala, ez zuten amore eman. Carrerak uztaipean erakutsitako kemenarekin, eta taldea gidatzen Asurmendik izandako tenplearekin, zortzi puntuko aldea hirura murriztu zuten. 23-26 zen atsedenaldiko emaitza. Hutsune bakarra erasoan izan zuen Araskik, bederatzi puntu baino ez zituelako sartu bigarren laurdenean.

Hayes, erabakigarri

Ametsak bizirik segitzen zuen. Oso talde gutxiren esku dago Permuferias hain puntu gutxirekin uztea. Hirugarren laurdenean, ordea, Hayes agertzen hasi zen. 21 puntu sartu zituen hegalekoak, eta erabakigarria izan zen erasoan. Baloi jabetza motzagoen alde egin zuen laurden horretan Perfumeriasek, eta, nekea pilatu ahala, argitasuna eta bizitasuna galduz joan ziren Araskiko jokalariak, erasoan zein defentsan. Baina partidan sartuta segitzen zuten. Hirugarren laurdena amaitzeko bi minutu eta erdi falta zirenean, 36na zeuden berdinduta. Haatik, Laura Gilek egindako bi gehi bateko jokaldi bati esker, Perfumerias lau punturen errentarekin ailegatu zen azken hamar minutuetara: 37-41.

Araskiko zaleei gehiago entzuten zitzaien Perfumeriasekoeibaino. Laurden erabakigarrian, ordea, kolpea eman zuen Salamancako taldeak. Gilek saskiratze bat egin zuen lau metrotik, eta Hayesek asmatu egin zuen hiruko arrastotik. Hala, hamabi puntuko abantaila lortu zuen: 37-49. Arabarrak, berriz, erasoan asmatu ezinik egon ziren.

Urietak hutsartea eskatu zuen, taldea suspertzeko asmoz, baina ez zen posible izan. Errenta horrekin lasai jokatu zuen Perfumerias Avenidak, eta estutasunik gabe amaitu zuen lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.