Literatura

Eguzkia sartu zen eguna

Britainiar Inperioaren erorialdian oinarrituta daude J.G. Farrell idazlearen trilogiako nobelak: 'Troubles', 'The Siege of Krishnapur' eta 'The Singapore Grip'.

J.G Farrellen trilogiako azken nobela Singapurren kokatuta dago, Britainia Handiko kolonia zen garaian. BERRIA.
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Fintan O'Toole eta beste kritikari batzuek idatzi duten bezala, Brexit-aren aldekoen arazoa ez da Europa, Ingalaterra baizik: zer izan beharko lukeen eta zer bihurtu den. Brexit-aren Europa, hain zuzen, ingeles izaeraren berezitasunaren edo apartekotasunaren krisiak eragindako ezinegona artikulatzeko bitartekoa besterik ez da. Hortik inperio egunen gaineko film, argitalpen, eta kultura popularreko produktuen ekoizpenak gora egin izana azkenaldian. Dirdira berezia dute inperio egunek adimen ingelesean. Horiek, bai, benetako gizon-emakumeak, gizon zuriaren zama bere gain hartuta aberria utzi eta misio zibilizatzailean murgildu ziren horiek, Kiplingek bere poeman goraipatu bezala. Ordukoa bai zela Ingalaterra handia, mundu osoan errespetatua eta, nola ez, inbidia eragiten zuena. Hala sentitzen dira J.G. Farrellen (Liverpool, Ingalaterra, 1935-Bantry Bay, Irlanda, 1979) The Siege of Krishnapur (Krishnapurreko setioa, 1973) nobelako pertsonaiak: beren nagusitasun militarrean zein moralean konfiantza itsua dute, nazio handi baten partaide direlako; kontinente batetik bestera zabaltzen den eguzkia ez da inoiz sartzen nazio horretan.

Gauzen ordena naturala ematen du erregimen kolonialaren unerik gorenean eta Indiako eremu bakan batean kokaturik dagoen postu militarrean The Siege of Krishnapur-eko pertsonaiek daramaten bizimodu idilikoak. Hortik populazio indigenaren artean matxinada izateko aukeraren gaineko zurrumurruak zabaltzen hasten direnean serio ez hartzea. Beren buruak matxinadaren erdian ikusten dituztenean, ordea, ingeles agintearen benetako alderdia agerian geratuko da: gupidagabea, makurra, biolentoa. Krishnapurreko administrazioaren ardura daraman Hopkins jaunak —zibilizazioaren aurrerapenean, kulturan eta teknologian duen muturreko fedeagatik Bildumatzailea estaen diotenak— defentsa plan arrakastatsua antolatzen du postua soldadu indiarren erasoetatik babesteko. Setioak aurrera egin ahala, ordea, erasotzaileen kopuruak handitzen jarraitzen duen bitartean, zailagoa egingo zaio kolonoen artean ordena mantentzea. Bero jasanezina, intsektu nazkagarriak, elikagai errazio gaitzesgarriak, usteldura sunda, izerdia eta sukarraren dardarizoa, koleraren odola eta kaka... Laztura fisikoak eta gainbehera psikologikoak agerian utziko dute kolonoek klase sistemari eutsi nahi izatearen zentzugabekeria. Inperioa begi aurrean pixkanaka-pixkanaka desegiten doala, ingeles izaeraren apartekotasunari buruzko ideia bera zalantzan jartzen du Bildumatzaileak.

Britainiar Inperioaren eromena eta erorialdia oinarri hartuta Farrellek idatzitako trilogiako nobeletan bigarrena da The Siege of Krishnapur. Matxinada Handiaren testuinguruan (1857) gertatu zen Lucknoweko setioa du abiapuntutzat, eta ingeles izaeraren alderdirik ilunena azaltzen digu istorioak. Kokaleku eta gertaera ezberdinei heldu arren, trilogiako gainerako nobelek ere helburu bera dute. Funtsean, nostalgiarako antidoto eraginkorra dira: haietan azaltzen diren pertsonaia disfuntzional eta eszentrikoek, Kiplingek goraipaturiko beraiek, miresmena baino gehiago gupida merezi dute.

Trilogiako lehen nobelak, Troubles-ek (Gatazkak, 1970), independentzia gerraren atarian den Irlanda du kokaleku. Lehen Mundu Gerratik bizirik ateratako Brendan Archer komandante ingelesa hara abiatzen da, guda aurretik ezkon-hitza emandako Angela Spencerrekin elkartu eta beren arteko harremana ofizial egiteko. Andregaiaren familia anglo-irlandarraren esku dagoen Majestic hotelean topatuko duen giroak, ordea, zalantzak piztuko dizkio Irlandan eraman nahi zuen bizimodu baketsu eta lasaiaz.

Izenak adierazten duenaren kontra, egoera penagarrian dago hotela, eta haren jabe den familiari nahiz bertan ostatu hartuta dauden lagunei, denbora luzez populazio katolikoari bizkar emanda bizi izan direnez, kosta egiten zaie ulertzea aldaketa garaiak, ate joka baino gehiago, atea astintzen dabiltzala. Abiadura nabarmenean gelaz gela zabalduz doan usteltze eta narriadura prozesua aginte anglo-irlandarraren eta, oro har, inperioaren gainbeheraren sintoma moduan irakur daiteke, Ekialdean asaldura nagusitu eta Irlandan gatazken indarkeria gora doan bitartean.

Singapurreko lanuzteak

Farrellen trilogiako nobeletan azkenak, The Singapore Grip-ek (Singapur musua, 1978), Bigarren Mundu Gerra hasi berritan Singapurren zabaltzen diren lanuzteak ditu abiapuntu. Britainiarrek uhartean duten enpresa zahar eta indartsuenetako baten buru den Walter Blackettek zerbait ondo ez dabilen susmoa dauka. Negozioa inoiz baino hobeto doa, baina giroan ezinegona eta tentsioa antzeman daitezke. Egunek aurrera egin ahala, Koranaren erreketak eta sinofobia erasoak handitzearekin batera, are nabarmenagoa dira nazioen patua erabakitzen diharduten banakoen hutsaltasuna, kapitalismoaren gehiegikeria, eta militar industria-guneen boterea.

Nobelaren izenburuak prostituten artean ezaguna den joko erotikoari egiten dio aipamena; istorioaren testuinguruan, ordea, kolonoen sexu apeten isla ez ezik, ondo definituriko gizarte hierarkien errepresentazioa erebada. Asia hego-ekialdean bizi diren atzerritarrek beren buruez uste ona dute, eta harro daude tokikoen artean bizimodu normala eramateaz. Baina gertaerarik txikienak pentsamendu paranoikoak izatera bultzatzen dituzte. Segundo kontua da adiskidetzat harturiko auzokoak asiar traidore bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.