Iñaki Fernandez. Kartelgilea

«Iruzur hutsa dira kartelak aukeratzeko herri bozketak»

Bestak iragartzeko kartelak egiten ditu Fernandezek, «erabat kateatua» baitu horrek. Eskorga eramaile erretiratua da, kartelgintzan eta tronpetan bere kabuz trebatutakoa. «Bizi-bizi» sentitzen da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ziripot txarangarekin entsegua bukatuta, lokaleko ateak zabaldu ditu Iñaki Fernandezek (Uharte-Arakil, Nafarroa, 1956). Korridorean ikusgai dira haren afixak. Haren ogibidea bestelakoa izan da, eskorga eramaile gisa aritu baita, baina kartelgintza du pasio. Azken hiru hamarkadetan, 450 sari baino gehiago lortu ditu hango eta hemengo inauterietako, herrietako bestetako eta bestelako afixak eginez: haren irudiek 306 aldiz iragarri dituzte bestak inon.

Bi urte bestarik gabe. Kartelik egin duzu tarte horretan?

Deus ez. Iaz Valladolidekoa irabazi nuen, baina ia deus ere ez.

Kartelgilea zara, baina ez zara diseinuan aritu. Zer lan egin duzu?

Cinfan sartu nintzen gaztetan, 14 urte ingururekin; ez genuen ikasi nahi eta lanean hasi ginen lau sosen truke. 18 urterekin pikutara bidali gintuzten. Soldaduskara joan nintzen, boluntario, ez bainuen lanik. San Pedro iturgin etxean aritu nintzen, Arrotxapean. Soldaduska bukatu bezain pronto, lanean hasi nintzen estanpatze tailer batean, autoen piezak egiten. 30 urte luze egon nintzen han, enpresa itxi zuten arte. Eskorga eramailea nintzen.

Noiz itxi zuten?

2008an. Krisi horrekin hondoratu ginen. Gero, bi urtez lagun batekin aritu nintzen karabanak egiten; beste bi langabezian eta beste hiru nahiko gaizki pasatu nituen, kotizazioa ordaintzen, 61 urterekin erretiroa hartu nuen arte. Ezin hobe egin nuen; lau sosengatik ez du merezi jarraitzea.

Gogorra izan zen hainbeste urteren ondoren kalean geratzea?

Bai. Adin horrekin, 55 urterekin, inork ez zaitu nahi lanerako.

Nola hasi zinen bestetarako kartelak egiten?

Gauzak probatzea gustatzen zait; maite ditut eskulturak, txatarrak, margotzea... tira, ez dakit ongi margotzen. Kontua da zerbaitekin hasi eta inoiz ez nuela bukatzen. Afixek kateatu ninduten. Duela 23 urte emaztea hil zitzaidan, bi haur genituen, eta kartelak izan ziren nire aterpea, ihesbidea.

1990ekoak dira lehenbiziko sariak. Orduan hasi zinen?

Lehenbizikoa, amarengatik, eta, ausarkeria hutsez, sanferminetakoa aurkeztu nuen, ikatz ziriz egindakoa. 1989a zen. Bi hilabetez egon nintzen Arte eta Lanbide Eskolan: han ikatz ziriz aritzen ginen. Baina lanarengatik utzi nuen. Ez nuen irabazi, baina, kartela Ziudadelan ikusita, ilusioa egin zidan. Gogoa piztu zitzaidan.

Hasieran, Nafarroako herrietan parte hartzen zenuen?

Bai: Barañain, Arre, Uharte-Iruñea, Tafalla, Atarrabia... Gero Hondarribia eta Talavera... Kartelgintza gaixotasun bat da; erabat kateatu ninduen. Maite nuen.

Nola ekiten diozu kartel bat egiteko lanari?

Askotan, ideia batekin hasi, eta beste gauza bat egiten bukatzen dut. Zaila da ideiak kartelera eramatea. Gertatzen da ez dakizula egindakoa aurretik egina duzun edo inon ikusi duzun. Eta horrela: lehenbizikoan ez da ateratzen, baina, ekin eta ekin, batzuetan alde batera utzi eta gero berriz hartu, eta, azkenean, bukatzen duzu.

Tokian tokiko bestak ongi ezagutu behar dira?

Bai, eta Internet bikaina da horretarako. Edozein herri bilatu, eta badakizu zer maite duten, zer besta duten, sardinak edo kaldereteak, zezenak edo bigantxak, eliza, plaza, zein erraldoi dituzten... [Espainiako] estatuko erraldoi guziak ezagutzen ditut.

Zerekin lan egiten duzu?

Photoshopekin. Ez nekien ordenagailu bat pizten ere, baina, emaztea hil zenean, sindikatuek antolatutako Windowsen oinarrizko ikastaro batera joan nintzen, eta, segidan, Photoshop ikastarora. Egin eta egin, neure kabuz ikasi nuen erabiltzen.

Zer eman zizun ordenagailuak?

Ez dakizu ongi. Hasieran, brotxarekin eta belakiekin aritzen nintzen, edo margoak erabiltzeko edozein testurarekin. Gero, aerografoarekin aritu nintzen. Eskulana zen: dena marrazten nuen, dena moztu, eta, puskak kenduta, pintatuz joaten nintzen. Sekulako lana. Collagearekin hasi nintzen ondoren: korridorea prentsa arrosako aldizkariz betea izaten nuen. Letrak eskuz mozten nituen, kuterrarekin.

Sari asko jaso dituzu kartelengatik. Zein da gakoa?

Ez dago. Lan egitea, eta zortea izatea ere bai. Batzuetan, beste kartelak ikusi, eta ez dut ulertzen nola irabazi duen nireak. Beste batzuetan, kontrakoa gertatzen zait. Hala ere, makurrena, herri bozketak dira. Udalei iruditzen zaie hori parte hartzea dela: bai, zera! Iruzur hutsa dira.

Zergatik?

Herrikoak irabazten duelako, nahiz eta kaka zahar bat egin. Gutxienik epaimahaiak izanen balu erabakimenaren %75 eta herritarrek %25, ados. Gainera, ez du inork parte hartzen; afixak aurkezten ditugunon lagunek soilik.

Nahiago duzu adituen epaimahaia, beraz?

Noski. Bestela, ideiarik ez duenak erabakitzen du. Niri ez dit kalterik egin, sari asko jaso ditut, baina ez nago ados. Gasteizen azkenean kendu zuten bozketarena.

Iruñean beti bada polemika sanferminetako kartelarekin.

Normala da. Kontua da zerbait berria egin behar dela, eta hori da zailena: sanferminetarako egin ez den zerbait egitea, garbigailuaren kartel hura bezala. Baina gero hori ez da inoiz aterako herri bozketan. Nola esanen diozu Iruñeko betiko kasta bati garbigailu bat izanen dela aurtengo kartela?

Zaila da topikoak haustea?

Bai, batez ere soilik kartel bat aurkeztu dezakezulako. Zortzi finalistetako bat izateko zortea izanda, zerbait ulergarria behar duzu botoa ematen dutenen gustukoa izateko.

Bilboko 2011ko Aste Nagusiko kartela zuk egina da. Berezia izan zen hori?

Kremailerarena. Garrantzitsua izan zen; gainera, jendeak erabaki zuen. Borobil atera zitzaidan, eta ongi bukatua zegoen. Marijaiaren irudia bilatu behar duzu, baina beste manera batean. Kremailerak besta irekitzen zuen, koloretsua zen, garbia... Hori da zailena: kartel xume eta berriak egitea. Iruñean kokoteraino gaude adarrekin eta erraldoiekin.

Ikusgaitasuna eman zizun kartelak?

Denek badugu gure egoa, ezta? Ilusio handia piztu zidan, baina edozein lehiaketa irabazteak sortzen dit ilusioa, baita 300 biztanleko herri batekoak ere. Ikusgaitasunari dagokionez, ez dut behar, ez baita nire ogibidea.

Ez dagokizun tokian ari zarela sentitu duzu inoiz?

Bai, batzuetan iruzkinak ikusi edo entzuten dituzulako; adibidez, Valladolideko SEMINCI jaialdikoa irabazi nuenean. Ez dut diseinu ikasketarik, baina lan egin dut, ez naiz inorekin sartu eta ez diot inori deus ebatsi. Lehiaketetan parte hartzea libre da. Batzuetan esaten direnengatik uste duzu ez dagokizun tokian ari zarela, baina zergatik ez naiz aurkeztuko, bada? Ez dut uste inor biziko denik kartelak egiteaz.

Pentsatu duzu inoiz zaletasuna ordaindutako lan izatea?

Ez, inoiz ez dut asmo hori izan. Lana bihurtzen denean, barruko harra apaltzen da; eskatzen dizutena egin behar duzu.

Zein izan da zure erronkarik handiena?

Erronkarik handiena San Fermin da. Hori irabazi nahi izan dut beti, baina Everestera igotzea bezala litzateke.

Arazorik izan duzu inoiz?

Batzuek ez dute ordaintzen. Kobratzeko ditut Maspalomaseko inauterietako 2019ko eta 2020ko kartelak, eta dagoeneko aurkeztu dute aurtengoa. Ez da dirutza, baina, aizu, hilabeteetako lana da.

Sari horiek lagundu dizute?

Langabezian egon naiz: nola ez zidaten lagunduko?

Ziripot txarangako musikaria ere bazara...

Musikaria ez esan, arren. Ez dakit solfeoa ere! Tronpeta jotzen dut, baina ez naiz musikaria.

Nola hasi zinen tronpetarekin?

Baldar kuadrilla bat ginen: 1985ean elkartu ginen, Labriten. Bilera bat egin genuen 20-25 lagunen artean, txaranga bat egiteko. Bakoitzak zer joko zuen erabaki genuen. Nik instrumentuak urrutitik ikusi nituen beti. Tronpeta zen merkeena. Lehenbizikoa, latorri hutsa, ezinez txarragoa; 13.000 pezeta. Eta partituretan letrekin idazten nituen notak.

Eta teknika?

Autodidakta. Inork ez zigun irakatsi putz egiten. Musikari-musikariak ez gara, baina 45 urte daramagu, eta oraindik bizirik gaude.

Nola izan zen hasiera hura?

Afinatzen saiatzen ginen, eta partitura errazak bilatzen. Lehenbizikoa izan zen Nafarroako ereserkia [irriz]. A! Eta Volgako batelarien abestia. Bestarik besta ibili ginen. Egia esan, horrek liburu bat idazteko adina ematen du.

Non jotzen zenuten?

Edozein tokitan: garai hartan, txaranga eskari handia zegoen. Axitarten egon ginen autobiaren kontra, Bilbon Euskaldunakoekin, Iparraldean iheslariekin, eta kartzeletara joan ginen: Yeserias, Martutene, Iruñea... Nafarroa Oinez eta halakoetan ere bai. Militantzia zen. Bilbokoa bikaina izan zen; jendea tiragomekin-eta. Ikusgarria.

Zer funtzio betetzen du halakoetan musikak?

Saiatzen zara ez dadila beti izan gatazka eta liskarra. Musika badago, jende gehiago erakartzen duzu. Bestalde, identifikaturik sentitzen ginen; zenbait kausa babestuta, horren parte sentitzen zara. Euskaldunan, elkartasuna adierazi nahi genuen. Nola? Gurearekin, musikarekin.

Tirabirarik bizi izan duzue?

1983an, Iruñean, Olentzeroren kalejiran. Txapitela kalean Polizia oldartu zen, eta batzuk Gazteluko plazan geratu ginen, eta besteak beste aldean. German Rodriguezen omenaldiaren 20. urteurrenean ere Polizia oldartu zen hilarrian.

Buruan iltzatutako emanaldiren bat baduzu?

Eroetxean aritu ginenekoak ukitu ninduen. Oso gogorra izan zen: jendea bazterretan... Asko ukitu ninduen. Yeseriaseko emakumeen kartzelakoak ere bai.

Ziripot zer izan da zuretzat?

Lagun talde bat da, bestela ezagutuko ez nuena. Talde batean aritzeak ahalegina eskatzen du: entseguak, urte osoan hor egotea... Toki askotara joateko aukera ere eman dit: Parisko Euskal Etxean egon ginen, eta Bartzelonako Chic diskotekaren inaugurazioan. Hori bai dotorezia!

Txarangarekin aurrera egiteko gogotsu zaudete oraindik?

Bai, noski. Hori bai, orain kubataren ordez garagardo bat hartuko dugu. Gainera, ez da soilik taldea, honen inguruan badaude lagunak eta familiako kideak. Ni bizirik sentitzen naiz txarangari esker. Bestela ez nuke etxetik ateratzeko gogorik izanen. Zer eginen dut? Obrak ikustera atera? Bizirik hil zaitezke! Ez naiz ohartzen 65 urte ditudala. Neure burua ez dut zahar ikusten, bizi-bizi baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.