Musika

Izarraren itzulera

Adele abeslariak '30' izeneko diskoa atera du, bere ibilbideko laugarrena eta AEBetan egin duen lehena. Pianoaz lagundutako baladak tartekatu ditu doinu alai eta biziagoekin.

Adele, 2016ko kontzertu batean, Charlotten (AEB). KRISTOPHER HARRIS.
Andoni Imaz.
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Adelek esan izan du orain arteko diskorik «eklektikoena» egin berri duela. Diskoak sortzeko unean duen adinarekin izendatu ohi ditu lanak, eta 30 argitaratu du orain, sei urte kanta berririk atera gabe eman eta gero. Aurreko lanak, 25 (2015) eta 21 (2011), oso arrakastatsuak izan ziren —biek irabazi zuten urteko diskorik onenaren Grammy saria, besteak beste—, eta 19 estreinako lanarekin (2008) Adele nabarmendu egin zen dagoeneko.

Abeslariak AEBetan bizi denetik egin duen lehen lana da 30. Sony etxearekin atera du, atzean utzita orain arteko XL zigilu independentea, Erresuma Batukoa. Aurreko lanen ildo beretik jarraitu du kantuan, poparen, soularen eta rhythm-and-bluesaren artean, jazz ukitu batzuekin.

Greg Kurstin ekoizle estatubatuarra izan du lagun berriro, baita ohiko zenbait kolaboratzaile ere; Max Martin, Shellbak eta Tobias Jesso Jr., besteak beste.

Hamabi kantarekin osatu du diskoa, eta ia ordubete irauten du. Strangers by Nature soul abestiarekin abiatu du lana, eta atzetik jarri ditu Easy on Me balada minimalista, jazz giroko All Night Parking kanta, I Drink Wine gospel ukituko balada eta, diskoko piezarik berezienetako bat, My Little Love.

Bizitzaren isla

Adinarekin batera, diskoen izenez gain, abeslariaren aldartea ere aldatu da, eta lan berrian berebiziko garrantzia hartu dute azken boladako pasarteek, batez ere dibortzioak eta amatasunak. Hain zuzen, semearekin izandako elkarrizketa baten grabazioa sartu du kanta horren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.