Errorik ez duenaren azalean

Cecilia Paredes artista perutarrak 'El no retorno' erakusketa jarri du Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Migrazioa ardatz duten askotariko artelanak daude ikusgai

Ane Eslava.
Iruñea
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Helmugara iristearen ezintasunaren eta norbere lekura itzuli ezin izatearen arteko «deserrotze egoeran». Hala daude sorterria uztera behartuak izaten diren pertsonak, Cecilia Paredesen ustez (Lima, 1950). Artista perutarrak bere azalean bizi izan zuen migrazioa, eta haren obren ardatz nagusietako bat da hori. Paredesek hogei urte daramatza arte sorkuntzan, eta, orain, bere ibilbidearen antologia bat osatu du: El no retorno erakusketa. Nafarroako Unibertsitateko Museoan jarri du ikusgai. Haren 32 obrek eta hiru instalaziok osatzen dute erakusketa, eta irailaren 1era arte egongo da zabalik, museoko -1 solairuan eta 0. solairuko LaCaixa gelan. Paredesek berriki aurkeztu du erakusketa, Blanca Berlin komisarioarekin eta Valentin Vallhonrat museoko zuzendari artistikoarekin.

Argazkiak, instalazioak, marrazkiak, grabatuak eta eskulturak batuz osatu du erakusketa; baina, alde formaletik harago, Paredesek bidaia bat proposatzen du: «Bidaia bat gizakiaren sentsibilitatean barna, eta gizakiak inguruarekin, naturarekin eta lurraldearekin duen harremanean barna». Artistak geletatik patxadaz ibiltzeko gonbidapena egin dio ikusleari, «belarrira hitz egiten dion obra aurkitu arte».

Zokoratutako materialekin sortzen ditu Paredesek artelanak, «inork nahi ez dituen gauzekin». Lurretik biltzen ditu, eta,ondoren, artelan bihurtzen. «Bilatzaile» gisa deskribatu du bere burua, eta aitortu du horrek arazo batzuk ekarri ohi dizkiola: «Denetarik hartzen dudanez, aireportuetan gelditu egiten naute».

Hala ere, objektu bat topatzen duenean, inoiz ez daki zertarako erabiliko duen. Bere tailerrera eramaten du, eta han mitologiara jotzen du, jasotako objektuari zentzu berri bat emateko. «Mitologia abiapuntuen iturri bukaezin bat da niretzat, historia eta poesia bezala».

Baztertutako materialekin egin ditu Animal de mi tiempo serieko fotoperformanceak. Bere burua animalia bihurtu du argazkietan, naturan aurkitu dituen materialak erabiliz: lumak, maskorrak... Gizakiak munduan duen tokiaren inguruko gogoeta proposatu du serie horretan. Manto izeneko lana, berriz, ekaitz tropikal baten ondoren Costa Ricako Panama hondartzan agertu ziren koral, alga eta arrantzatzeko hari zatiekin osatu du. Horiek jaso, antolatu eta garbitu ostean, argizarizko hari batekin lotu, eta mantu bihurtu ditu. Museoko gela batean jarri du pieza, hari batzuetatik zintzilik. «Haren tokitik erauzia izan den bidaiaria irudikatzen du».

Areto handi batean kokatutako lau itsasontzi handik osatzen dute erakusketari izena ematen dion instalazioa. Ontzi hondoratuak irudikatzen dituzte. «Deserrotzea irudikatzen dute. Bidaia behartu bati ekin dion migratzailearen patua hori da; bere tokia uztea erabakitzen duenak beti ordaintzen baitu prezio bat». Argiztapen berezi batek laguntzen ditu piezak, bai eta Jay Raise konpositorearen sintonia batek ere.Musikak itsasoaren soinua irudikatzen du, atmosfera berezi bat sortuz.

Iristeko ezintasunaz mintzo da Travesía obra ere. Erretxina eta urre orriz egindako hosto formadun bost ontzik osatzen dute. Bakar batek ere ezin du nabigatu: bat okertuta dago, eta atzeraka doa; beste batek aurrera egitea eragozten dioten adar batzuk ditu... «Amets zapuztua islatzen dute», egilearen hitzetan.

«Erakusketak eduki sozial eta politiko sakona du», adierazi du Blanca Berlin komisarioak. Quetzalcoatl obra nabarmendu du: Mexikoko Iguala hirian 2014an desagertutako 43 ikasle normalistak omentzen ditu lanak. Luma beltzez egindako mural bat da, eta horrekin Paredesek lumaztatutako sugearen irudia islatu nahi izan du. Suge hori «zigortua, manipulatua eta zapaldua» izan dela azaldu du. «Doluaren artelan bat da hau», erantsi du.

Bestalde, erakusketan bada ezustean sortutako instalazio bat: Sueños. Paredes Limako eliza batean sartu zen, eta ikusi zuen santuen irudien azpian kutxa batzuk zeudela, paper txikiekin. Horietan fededunen desioak idatzita zeuden. «Ontziak betetzen zirenean zaborretara botatzen zituztela jakin nuen, eta nire tailerrera eramateko baimena eskatu nuen», azaldu du. Han, desio guztiak zinta batean berridatzi zituen, bata bestearen atzetik. Museoko gela batean zintzilikatu du zinta. «Mantra bat bezalakoa da zinta, otoitz handi bat bezalakoa». Desioak biltzea eta berridaztea oso lan «bitxia eta polita» izan zela kontatu du: «Desio asko behin eta berriz errepikatzen zirela ikusi nuen; izan ere, desioak unibertsalak dira».

Etengabeko migratzailea

El no retorno «galeraren kartografia bat» da, Paredesen hitzetan. Izan ere, sorterritik alde egiten duenari itzulera «ezinezkoa» suertatzen zaiola uste du artistak, «ezer ez baita berdin itzulitakoan». Harentzat ere hala izan da, gaztetan utzi baitzuen sorterria, eta gerora ez zen itzuli. «Etengabeko migratzailetzat» jotzen du bere burua. «Aukera berrien bila sorterritik alde egin zuen belaunaldi baten parte naiz, eta horrek elkartasun eta enpatia handia sorrarazten dizkit». Horregatik, haren artelanetan mimetizatu egiten da pertsona eta animalia deserrotuekin, haien azalean jarriz. Feminitatearekin etanaturarekin lotutako gaiek ere toki handia dute Paredesen lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.