Hauteskunde gaua: irratiz, telebistaz eta Internet bidez

BERRIAren webgunean grafikoak eta mapak ikusi ahalko dira. Bihar paperezko zenbaki berezia argitaratuko du egunkariak

Familia bat botoa ematen, 2015eko Espainiako Gorteetarako bozetan. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako bozak dira gaur, eta egun luzea izango da komunikabide askorentzat. BERRIAk ere luze eta zabal emango du hauteskundeen berri; bihar paperean argitaratuko da egunkaria, astelehena izan arren. Webgunean, berriz, goiz-goizetik hasiko dira zuzeneko kontakizuna egiten. Eguneko parte hartzearen datuak emango dituzte. Hauteskunde gauean, bestalde, emaitzak zuzenean eta infografiatan emango dituzte, webgunean eta sare sozialetan (Facebook, Twitter eta Instagram).

Gaindegiaren bidez, bestalde, BERRIAren webgunean mapa berezi bat kontsultatu ahalko da gaur gauean: hainbat geruza izango ditu mapak, eta udalerri bakoitzean gehien bozkatu den indarra zein izan den ikusi ahalko da. Alderdi edo koalizio bakoitzak duen ordezkaritza ikusi ahalko da. Gainera, gaurko datuak alderatu ahalko dira 2011ko, 2015eko eta 2016ko Espainiako Gorteetako hauteskundeen datuekin.

Gauaren amaieran, BERRIAko kazetariek gakoak eta azterketa bereziak eskainiko dizkiete irakurleei. Itun posibleen berri emango dute. Eta maiatzaren 26ko bozei begira, egoera nola geldituko den aztertuko dute. Webgunean ez dira faltako argazki bildumak, erreakzioak eta bideo analisiak.

Hamaika telebistak ez du saio berezirik egingo. Bihar gauean emaitzak aztertuko dituzte Hiriburuan saioan. Indarrak maiatzeko bozetan jarriko dituztela iragarri dute.

Saio bereziak EITBn

EITBri dagokionez, ehun langile baino gehiagoko taldea arituko da hauteskunde gauak ekar dezakeenaren berri ematen. ETB1 katean 19:30ean hasiko da saio berezia, pilota jaialdia bukatu bezain laster. Aurkezleak Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga izango dira. Honako solaskide hauek gonbidatuko dituzte mahaira: Eider Alkorta, Estitxu Garai, Iñaki Galdos eta Felix Arrieta.

ETB2ko saioa 19:15ean hasiko da. Aurkezleak Africa Baeta, Juan Carlos Etxeberria eta Xabier Garcia Ramsden izango dira. Fabio Gonzalez politologoak komentatuko ditu datuak, eta, horrez gain, bi solasaldi mahai egongo dira. Batean, Garbiñe Biurrun, Maite Ubiria, Jose Luis Rodriguez Aizpeolea, Chelo Aparicio eta Naiara Pinedo egongo dira. Bestean, berriz, alderdi politikoetako ordezkariak arituko dira solasean: Jokin Bildarratz (EAJ), Carolina Uribe (Elkarrekin Podemos), Iker Casanova (EH Bildu), Alfredo Retortillo (PSE-EE) eta Angel Rodrigo (PP).

Euskadi Irratiko hauteskunde gaua Oihane Yustosek eta Iñaki Guridik gidatuko dute, 19:30etik aurrera. Analisirako lau solaskide izango dituzte: Pilar Kaltzada, Mikel Aramendi, Ainhoa Etxaide eta Felipe Juaristi.

Radio Euskadin 19:00etan hasiko dute saio berezia. Dani Alvarezek gidatuko du, eta gonbidatu hauek izango ditu: Marian Beitialarrangoitia, Jose Ramon Beloki, Cristina Ruiz, Jose Ramon Becerra eta Braulio Gomez. Radio Vitoriak ere saio hori emango du.

EITBren telebistako zein irratietako saioetan, FORTAko kate autonomikoek eta RTVEk egindako iritzi galdeketaren emaitzak emango dituzte 20:00etan, hauteslekuak itxiko dituztenean. ETBko, Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko saio bereziak EITBren webgunean ere ikusi eta entzun ahalko dira.

TVEn luze eta zabal jorratuko dituzte bozen ingurukoak. La1 katean 19:30ean hasiko dute saio berezia, Carlos Franganilloren eta Ana Blancoren eskutik. Kazetaritza eta Zientzia Politikoetako 48 ikasle egongo dira platoan, saioa nola egiten duten ikusten. 40 metroko pantaila bat jarriko dute, eta errealitate areagotua erabiliko dute. Emaitzen inguruko iritzia emateko, Sergio del Molino idazlea, Pablo Pineda aktorea, Nacho Michavila soziologoa eta hainbat politologo gonbidatuko dituzte. Kazetari askoren analisiak ere plazaratuko dituzte.

Cuatro, Tele5 eta La Sexta kateetan saio bereziak egingo dituzte gaur gauean. Baita Hego Euskal Herrian entzun daitezkeen hainbat irratitan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.