Euskalerria Irratiak albistegi korala izango du ikasturte berrian

Mikel Bujandak erretiroa hartu ostean, goizeko albistegia Juan Kruz Lakastak gidatuko du, eta eguerdietakoa, Haritz Pascualek

Euskalerria Irratiko albistegietako lantaldea: Ane Eslava, Juan Kruz Lakasta eta Haritz Pascual. EUSKALERRIA IRRATIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Euskalerria Irratiak bihar hasiko du ikasturte berria, eta aldaketa nabarmen batekin iritsiko da. Izan ere, Mikel Bujanda irratiaren sortzaile eta zuzendari historikoak erretiroa hartu du. Zehazki, martxoan hartu zuen, pandemiaren erdian, baina etxetik kronikak bidaltzen segitu zuen udara arte. Gauzak horrela, bihar abiatuko du irrati iruindarrak Bujanda gabeko lehen denboraldia. Duela 32 urte sortu zenetik, 1988ko azaroaren 7tik, hain justu.

Euskalerria Irratiak berak argitaratutako oharrean jakinarazi dute goizeko albistegiaren gidaritza Juan Kruz Lakastak hartuko duela. Eguerdikoarena, berriz, Haritz Pascualek. Orain arte, Bujandak berak editatzen zituen goizeko eta eguerdiko albistegiak. «Bujandak utziriko zuloa estaltze aldera, albistegi koralagoak» egiten ahaleginduko dira Lakasta eta Pascual, oharraren arabera. Batetik, lantalde osoarekin, albistegietako kazetariekin eta magazinetakoekin sinergia berriak sortuz; bestetik, ahalik eta ahots gehien bilduz, «komunitatearen komunikabidea izanez».

Metropoli forala goizeko magazinak aurten ere Pello Argiñarena eta Juan Kruz Lakasta izanen ditu gidari, 09:00etatik 11:00etara. Lehen orduan, eguneko gaiei eginen diete tartea, elkarrizketekin, tertuliekin, eta baita umore dosi batekin ere. Bigarrenean, hainbat gai jorratuko dituzte: zinema, telesailak eta teknologia berriak. Kolaboratzaile taldea are gehiago zabalduko dute: 130etik gora izanen dira guztira. Fitxaketa berrien artean daude Arantza Santesteban, Fermin Etxegoien, Olatz Urkia, Koldo Almandoz, Amaia Alvarez eta Mikel Reparaz.

Irrintzi plaza arratsaldeko magazinak, bestalde, azken orduko informazioari helduko dio. Egunero, erredakzioan jasotako berriekin amaituko dute magazina Reyes Ilintxeta eta Lohizune Amatria gidariek. Orain arte, magazina ostegunera arte izaten zen, baina denboraldi berrian ostiraletan ere arituko dira. «Asteari errepasoa egiteaz gain, entzuleak asteburura begira jarriko dituzte ostiralean». Urtero bezala, ohiko kolaboratzaileen ezinbesteko ekarpena edukiko du saioak: 70 inguru izanen dira urte honetan parte hartuko dutenak.

Oharrean nabarmendu dutenez, «denboraldi honetan ere, Euskalerria Irratia izanen da Iruñerrian ekoizpen propioko programaziorik zabalena eskainiko duen irratia, gaztelaniazkoak barne». Albistegiekin batera, magazinek osatuko dute aurten ere programazioaren oinarria.

Horrez gain, hedabideak Telegram kanala ere sortu du, egunean bitan elkarrizketarik interesgarrienak eta Iruñerriko albiste nagusiak zabaltzeko. Horrez gain, irratiaren bazkideek posta elektronikoz jasotzeko hilabetekaria ere sortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.