Athleticeko peñei buruzkoa da Podcastfiliaren aurreneko lana

Athletic fundazioaren enkargu bat da. Podcastfilia jaioberria da, eta bidea urratu nahi du audiogintzako ekoiztetxe gisa
Xabier Etxeberria esataria eta Jose Luis Blasco Minglanillako Gainza peñako beterano bat, grabaketa batean.
Xabier Etxeberria esataria eta Jose Luis Blasco Minglanillako Gainza peñako beterano bat, grabaketa batean. O. ARANZABAL Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko azaroak 22

Athletic fundazioak Letrak eta futbola ekitaldi sorta antolatu du azken urteotan, futbolarekin zerikusia duten arteen arloko hainbat hitzaldi eta ikuskizun batzen dituen programa. Aurten, pandemia dela eta, zuzeneko ekitaldi gutxiago programatu behar izan dituzte, eta gehiago Internet bidezkoak. Horiek horrela, podcast bat egiteko enkargua egin zioten Oier Aranzabal kazetariari eta martxan jartzen ari den Podcastfilia plataformako taldeari. «Athleticek potentziala ikusten dio podcastgintzari, guk ere bai, eta hor egin dugu topo. Uste dut futbolari eta kulturari lotutako eduki ederrak dauzkagula egiteko», azaldu du Aranzabalek. Horrela sortu dute Katedralak podcasta —lehen atala entzungai dago Spotifyn—.

Athleticeko peñen inguruko podcast bat da Katedralak. Xabier Etxeberria gidoilariak nabarmendu du «gertutasuna» eta «benetakotasuna» izango direla podcastaren ezaugarriak. «Futbol zelaiak hutsik daude, eta zaleak taldearengana eta taldea zaleengana gerturatzea da helburu nagusietako bat». Datozen asteetako ataletan entzun ahalko denez, Athleticeko peñek ezaugarri komun batzuk badituzte, baina elkarren artean oso desberdinak dira. Peñen istorio pertsonaletan murgilduko dira Katedralak lanean.

Aurreneko atalean, Minglanilla herriko (Cuenca, Espainia) Gainza peñaren historia eta istorioak ezagutzeko modua du entzuleak. Galder Reguera Athletic fundazioko proiektuen arduradunak egin die enkargua Podcastfilia plataformakoei, eta pozik mintzatu da lehen atal horren emaitzaz: «Txuri-gorrien pasioa ikertzeko bidaia ederra da». Reguerak ohartarazi du «askatasun osoa» eman dietela Podcasfiliakoei gaia aukeratzeko. «Meritua haiena da».

Minglanillako istorioan —kontakizuna elebiduna da; elkarrizketatuak gaztelaniaz ari dira, eta esatariak, euskaraz—, futbolaz harago doazen gaiak plazaratu dituzte. Berezia da, esaterako, herrian egon zen lehen Athleticzalearen semeari nola entzuten zaion Espainiako II. Errepublikaren bandera bat elkarrizketatzaileei ateratzen. Etxeberriak eman du testuingurua: «36ko gerraren aurretik datorren istorioa da Minglanillakoa, hango nekazari eta jende txiroa irrati baten bueltan aizto-denda batean elkartzen zenekoa». Horrenbestez, 36ko gerrari buruzko istorioak ere jaso dituzte, «ezustean»: gerrako galtzaileak, athleticen zaletasuna eta familiarekiko lotura mantentzea.

Etxeberriak adierazi du ezen, edukiaren kalitatea zaintzeaz gain, kontaera modu berriak landu nahi dituztela, «entzuleari kitzikagarri egingo zaizkion formatuak bilatuz». Gidoilariak argi du grabazioaren eta soinuaren kalitatea oinarrizkoa dela. «Baina, gero, funtsezkoa da grabazio horiek nola muntatu eta aurkeztu. Gidoia ondo pentsatzea eskatzen du». Katedralak-en lehen atalean, dokumental baten osagai asko uztartu dituzte: zuzeneko elkarrizketak, narratzailearen kontakizuna, musika eta artxiboko ahotsak —tartean No-do baten zati bat ere bai—. «Emaitza oso erakargarria da, eta, aldi berean, erraz entzutekoa».

Athletic fundazioarekin adostuko dute Podcastfiliako kideek hurrengo atalen grabaketa eta estreinaldia. Reguerak uste du Athleticen komunitateak eskertuko duela Katedralak: «Kontatzen dena elkarrekin partekatzen dugun istorio bat delako, identifikatuta sentitzen garen horrekin». Gainera, iruditzen zaio podcasta oso formatu egokia izan daitekeela gaiak plazaratzeko. «Podcastaren abantaila da nahi duzun iraupena izan dezakeela. Nahi duzunean eta zatika entzun daiteke, zenbait egunetan entzun dezakezu».

Podcastfiliaren lehen lana

Katedralak da Podcastfilia plataforma sortu berriaren aurreneko lana, baina laster iritsiko dira gehiago. Etxeberriak iragarri duenez, lekukotza podcastak egingo dituzte, baita Artxipielagoa fikziozko podcasta ere. Aranzabalek esan du apustu «pertsonala» eta «irmoa» egin duela lantaldeak: «Ez dago apenas audio ekoiztetxerik inguruan, eta bide hori urratuko dugu». Hainbat bezerorekin eta kolaboratzailerekin ari dira lanean jada. «Audiogintzak potentzial handia du euskarari dagokionez, eta hizkuntzaz harago ere bai». Bide beretik, hala esan du Etxeberriak: «Lurra gorri ikusten dugu hainbat esparrutan, eta laia sartzeko prest gaude».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Goizean goizetik jendea pilatzen da Bilboko komun publikoetan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Mapan jarri dituzte

Zihara Jainaga Larrinaga

Taberna eta jatetxeen itxieraren ondorioz, ilara luzeak egiten dira Bilbo erdiguneko komun publikoetan. Erabiltzaileek eskatu dute askoz gehiago behar direla .
 ©CC0

Pandemia urtearen osteko planak

Uxue Gutierrez Lorenzo

COVID-19aren pandemiak markatu du 2020a. Urte berria, baina, bide berriak arakatu edo erdibidean lagatako zenbait berriro hartzeko urtea izan daiteke. Kontzertuak, bertso saioak, bidaiak eta Olinpiar Jokoak dira hainbat arlotako profesionalek buruan dantzan dituzten nahietako zenbait.
 ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.