Albistea entzun

Martxoaren 8ari lotutako makina bat saio izango da ikusgai egunotan

ETB1en 'Ahoz aho' berezia egingo dute bihar. Hamaika telebistan emakume arrazializatuen inguruan arituko dira bihar, 22:00etan
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko <em>Ahoz aho</em> berezia prestatu dute bihar arratsalderako.
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko Ahoz aho berezia prestatu dute bihar arratsalderako. ETB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko martxoak 7

Martxoak 8 da bihar, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta komunikabide askotan emakumeak protagonistatzat eta emakumeen eskubideak gaitzat dituzten edukiak eskainiko dituzte.

Adibidez, EITBk komunikazio egitasmo bat jarri du martxan, Manifestatu zaitez EITBn lelopean. Emakumeek protagonizatutako edukiekin hasiak dira; atzo, esaterako, ETB1eko Arte[faktua] literatur saioan, Maialen Berasategi itzultzaile eta BERRIAko Euskara taldeko zuzentzailea elkarrizketatu zuten, Adrianne Richen Emakumeagandik jaioak. Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa liburuaren bueltan.

ETB2ko Aquí y ahora saioan abortatzeko eskubidearen inguruan arituko dira gaur gauean. Andone Arguello, Begoña Zabala, Begoña Bidarte eta Roberto Lertxundi elkarrizketatuko dituzte. ETB1ek Pikuak websail feminista emango du gaur, 23:00etan.

Bihar, Martxoak 8, ETB1eko Egun on, Euskadi saioan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria elkarrizketatuko dute. Arratsaldean, Ahoz aho monografikoa gidatuko du Ilaski Serranok, aktualitatea Saioa Martijarekin errepasatu ostean. Iraitz Agirre eta Jule Goikoetxea ikerlariak platoan egongo dira, Martxoaren 8ari lotutako gertakari historikoen inguruan hitz egiteko. Datorren aste osoan 16:25ean hasiko da Ahoz aho saioa, Paris-Niza txirrindularitza probaren eraginez. Ondoren, Biba zuek! magazinean, Arantxa Urretabizkaia idazlea elkarrizketatuko dute. Gauean, Eztabaidan saioan, solaskideak Nerea Rodriguez, Maitane Segurola eta Aintzane Garmendia izango dira.

Kirol emankizunetan ere arreta berezia jarriko dute emakumeen jardunean: ETB1eko Helmuga saioan —gaur, 11:25ean—, Thembi Kgatlana Eibarreko futbolaria eta Agurtzane Elorriaga txirrindulari ohia izango dira protagonistak. Eta eguerdian, Bartzelona B-Alaves partida emango dute.

Hamaika telebistan, berriz, emankizun berezia prestatu dute bihar gauerako: emakumeen eguneko irudi nagusien bilduma egingo dute Udane Arbeoren eta Andrea Lopetegiren eskutik. Generoarekin lotutako gaiak landuko dituzte, emakumeen ahotsa oinarri hartuta. Horren aurretik, 22:00etan hasita, emakume arrazializatuen egoeraz mintzatuko dira. Yasmine Chris Maansrik eta Zoe Martikorenak ekoitzi dute andre arrazializatuen gaineko emankizun berezi hori. Lana noiznahi ikusi ahalko da katearen webgunean.

La2 kateak Las Sinsombrero. El exilio dokumentala estreinatuko du gaur, 21:30ean. 36ko gerraren ostean erbestera joan behar izan zuten emakume artista batzuen istorioa kontatzen du lan horrek. Tania Ballo, Manuel Jimenez eta Serrana Torres dira dokumentalaren zuzendariak. La1 kateko saio guztietan berdintasun gaiei helduko diete bihar.

France5 kateak Woman dokumentala emango du bihar, 20:50ean. Yann Bertrandek eta Anastasia Mikovak zuzendutako lan horretan, 2.000 emakumeren lekukotzak jaso dituzte —ezagunak zein ezezagunak—. Munduko 50 herrialdetan grabatu dute dokumentala.

'Faktoria gertu' egitasmoa

Telebista kateetan ez ezik, irratietan ere emango dituzte Martxoaren 8aren inguruko saioak. Euskadi Irratiak Faktoria gertu egitasmoa estreinatuko du bihar, 08:30ean, hainbat diziplinatan dihardutenek gogoetak azaldu ditzaten. Estreinako egunerako bi emakume gonbidatu dituzte: Maialen Arrieta astrofisika doktore eta gaixotasun degeneratiboen arloko bioinformatikaria Parisko Sorbona unibertsitatean, eta Miren Amuriza bertsolari, filologo eta idazlea. Faktoria albistegian, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria elkarrizketatuko dute; Faktoria magazine-an, Jasone Osoro idazlea; arratsaldean, Baipasa saioan, zaintzaz arituko dira. Gaztea eta EITB Musika irratietan emakumeek sortutako kantak jarriko dituzte egun osoan.

Iparraldeko Euskal Irratiek egunaren eta mobilizazioen berri zabalduko dute bihar.

Streaming plataforma batzuek ere eduki bereziak dituzte egunotarako: Netflixen ostiraletik ikus daiteke Nevenka hiru ataleko dokumental saioa. Espainian sexu jazarpenagatik politikari bat epaitu zuten lehen kasuaren istorioa berregiten du; Ponferrada herrian zinegotzia izan zen Nevenka Fernandez, eta 2001ean kargua utzi zuen, Ismael Alvarez alkatearen sexu jazarpena salatzearekin batera. Maribel Sanchez-Maroto da lanaren zuzendaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Pantailan ikusi, eta gero irakurri

Pantailan ikusi, eta gero irakurri

Olatz Enzunza Mallona

Telesailen eta filmen eraginez, nabarmen egin du gora liburuen salmentak. Horietako asko liburuetan oinarrituta daudenez, jarraitzaileak jatorrizko eleberriak irakurtzen hasi dira, beste bizitza bat emanez.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Emakume indartsu bat da 'señora' bat»

Ane Insausti Barandiaran

Belaunaldien arteko sareak indartzeko eta emakume bertsolarien ahalduntzean sakontzeko sortu dute sariketa. Beste lehia mota bat egiten saiatu nahi dute, umorea ardatz hartuta.
 ©JON URBE / FOKU

«Hutsune handi bat zen saioa ez egotea»

Urtzi Urkizu

Bertsorik ia ez da entzun Euskadi Irratian denboraldi honetan, baina larunbatean hasiko da berriz 'Hitza jolas' irratsaioa. Gorrotxategik gidatuko du, eta, hasieran, Sukiak utzi zuen ildoari jarraitu nahiko lioke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna