Hamar eskaera euskara pantailetan indartzeko

Pantailak Euskaraz-ek manifestu bat plazaratu du. Euskalgintzako, kultura eta hezkuntzako 36 eragilek eman diote atxikimendua testuari

Ibon Iza, Alex Aginagalde, Izaskun Rekalde eta Iñigo Arandia Durangon, atzo, manifestuaren aurkezpenean. M.R. / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Pantailak Euskaraz taldeak hainbat hilabetez landutako manifestu bat aurkezteko agerraldia egin zuen atzo, Durangon (Bizkaia).Hala esan zuen Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak: «Euskararen normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, kalitatezko bikoizketa eta azpidatziak indartzea, eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea dute helburu gure proposamenek».

Ikus-entzunezkoetan euskarak duen «egoera larriarekin» kezkatuta, Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz eta Zinema Euskaraz taldeak sinadurak biltzen hasi ziren duela hilabete batzuk. Pantailak Euskaraz taldea osatu zuten gero, eta, haiekin batera,talde eragilean ari dira Tinko euskara elkartea, Bieuse bikoizleen kooperatiba eta Game Erauntsia elkartea. Atzo, berriz, askotariko 36 eragileren babesa jaso zuten Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua aurkezteko garaian —tartean ,Euskalgintzaren Kontseilua, Topagunea eta Hekimen—. Herritar taldeen bilketatan eta 3000 twitz kanpainan, 30.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte.

Hamar proposamen jasotzen ditu manifestuak. Lehena «euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitzea eta handitzea» da. Sustatzaileek uste dute «politika publiko sendoak» behar direla euskarazko ikus-entzunezkoen arloa aro digital berrira egokitzeko. «Gardentasuna, zehaztasuna eta irisgarritasuna eskatzen dugu erakunde publikoek ikus-entzunezkoetara bideratzen duten diru kopuruetan». Diru kopuru hori handitzea proposatu du Pantailak Euskaraz-ek. Halaber, nazioarteko edukiak euskarara bikoizteko diru laguntza lerroak sendotzea ere eskatu du.

EITB «indartzea» eta «euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea» jasotzen du manifestuak. «Aurrekontuetan eta programazioan euskarazko kateei lehentasuna eman eta euskarazko kalitatezko ikus-entzunezko edukiak nabarmen ugaritzea» eskatu dute.

Euskarazko streaming plataforma bat sortzea da eskaera nagusietako bat. Manifestuaren sustatzaileek uste dute erakundeek plataforma horren alde egin behar dutela. «Euskaraz ekoiztutako edukiak biltzeaz gain, nazioarteko eduki arrakastatsuak euskarara itzultzearen aldeko apustu argia egin behar da».

Streaming plataforma handietan, bestalde, euskararen presentzia bermatzea eta areagotzea jasotzen du manifestuak. Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoei neurri hauek eskatu dizkiete: «Estatuetako ikus-entzunezko lege berrietan eragitea euskararen presentzia bermatzeko, euskarari gutxieneko kuotak ezarriz, bai euskarazko ekoizpenerako bai katalogoan euskarara bikoiztu eta azpidatzitako eduki kopuruan; eta streaming plataformetan euskarazko edukiak bermatzeko, beharrezkoak diren neurriak hartuz».

Zinemaren lege propioak sortzea da manifestuaren eskaera bat —Arabako, EAEko eta Nafarroako ikus-entzunezko ekoizleen elkarteek babesa eman diote manifestuari, baita Iparraldeko Zukugailua elkarteak ere—.

Legeak eta kontseiluak

Bideo jokoetan euskararen presentzia bermatzeko eta sustatzeko eskatu dute. Baita sortzaile plataformetan ere.

Ikus-entzunezko lege propioak sortzea eskatu dute manifestuan. Baita lurralde administrazio bakoitzean ikus-entzunezkoen kontseilu propioak sortzea ere. «Aditu independentez osatuko lirateke kontseiluak, eta horiek bermatuko lukete gardentasuna, aniztasuna eta neutraltasuna betetzen direla. Kontseilu horien ardura ere balitzateke euskaldunen hizkuntza eskubidea betetzen direla gainbegiratzea». RTVEk eta France Televisions taldeak, hizkuntza aniztasuna beren programazioetan bermatzeko eskatzen du Pantailak Euskaraz-en manifestuak. Honako hiru eskaera hauek egin dizkiete talde horiei: «RTVEk EAE eta Nafarroarako albistegien deskonexioak euskaraz eskaintzeko; Clan katean edukiak euskaraz emateko; eta France3 katean euskarazko eduki gehiago emateko».

Aginagaldek gogorarazi du Pantailak Euskarazek aldarrikatu izan duela streaming plataforma guztiei %7,5eko kuota ezarri behar zaiela hizkuntza gutxituetan. Espainiako Ministro Kontseiluak onartu duen legearen harira, zera adierazi du Aginagaldek:«Funtsezkoa da plataformei betebeharrak ezartzea; beraz, euskalgintzarekin eta Kataluniako eta Galiziako eragileekin lanean jarraituko dugu, Espainiako Kongresuko tramitazioan betebehar hori bermatua izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.