Zientzia

Ziborg normaltxo hori

Begi bionikoak, burmuinean txertaturiko elektrodoak depresioa tratatzeko, gorputzaren parametroak kontrolatzen dituzten tatuaje elektronikoak... EHUko irakasle batek gizakiaren eta makinaren arteko nahasketaren eta zibermedikuntzaren gaurko panorama erretratatu du nazioartean argitaraturiko txosten batean.
QUIQUE GARCÍA / EFE

Edu Lartzanguren -

2018ko irailak 28
Aaltxatu, eta ibil zaitez». Horrela esango zieten AEBetako Louisvilleko Unibertsitateko eta Mayo klinikako ikertzaileek gerritik behera perlesiak jota elbarri dauden hiru laguni. Eta altxatu eta ibili egin ziren. Noski, hilabete luzez errehabilitazioa egin ondoren, eta mirari elektroniko bati esker: bizkar muinean, zauriaren azpitik, elektrodo moduko gailu bat txertatu diete, eta horrek hanketako giharrak kitzikatzen dizkie. Ez dituzte sendatu, baina orain arte ezinezkoa zirudien mugitzeko ahalmena eman die. Ziborgen aroan dago mundua, hau da, gizakiak eta makinak bat egiten duten garaian, eta haragiaren eta gailuaren arteko harremana gero eta intimoagoa bihurtzen ari da.

«Robocop, Terminator eta bestelako film zaharretan, gizakiaren eta makinaren arteko fusioa iragartzen zuten etorkizunerako. Ziurrenera, ez gara ailegatu halako gauzetara, baina gaurko aurrerapenak ekarri dizkigu lehen gailuak», esan du EHUko irakasle Gorka Oribek. Gizakia eta makina bateratzeko joerak medikuntzaren munduan egin duen aurrerapausoaren ikuspegi bat emateko artikulu bat landu du Oribek, nazioarteko talde batekin, eta Advanced Science aldizkariak argitaratu berri du: Blending Electronics with the Human Body: A Pathway toward a Cybernetic Future (Elektronika giza gorputzarekin batzen: etorkizun zibernetiko baterako bidea). «Ez genuen bakarrik jakin nahi zein den egoera; esperimentalki ere gauzak egin nahi ditugu».

Izan ere, botikagintzaren teknologia irakasteaz gain, ikertzailea ere bada Oribe. Teknologia hezurraren sorkuntzan aplikatzeko lanean ari da, eta, horretarako, zibermedikuntzaren printzipioak erabiltzen ditu. Besteak beste, hezurrak garatzea azkartzen duten substantziak askatzeko moduak ikertzen ditu, baita hezurraren garapenaren berri izateko informazio sistemak ere. Populazioa zahartu ahala hezur arazoak gero eta ohikoagoak izango direlako ari da hori ikertzen.

Material berrien iraultza

Sentsoreak, elektrodoak eta grafenoa erabiltzen ditu edo erabili nahi ditu Oribek bere lanean. Gai aurreratuenak aukeratu nahi ditu, «material adimentsuak, gauza bat baino gehiago egiten dutenak».

Euskal Herrian badabiltza hainbat enpresa eta talde halako materialetan lanean. Horretan dabil, esaterako, David Mecerreyes Ikerbasqueko ikertzailea, Donostiako Polymat fundazioan. «Polimero malgu eta eroaleekin egiten dugu lan guk, medikuntzarako erabiliko diren gailu malguak sortzeko», esan du. Cambridgeko Unibertsitatearekin (Erresuma Batua) egiten dute lan, besteak beste. Polymaten sortzen dituzten materialak probatzen dituzte Erresuma Batuan, sentsoreak eta garunean txerta daitezkeen elektrodoak egiteko.

Ez da lan erraza. «Materialei asko eskatzen zaie: eroaleak izatea, eta bateragarriak espezie biologikoekin», esan du Mecerreyesek. Horrez gain, bere taldearen erronka da materialok garatzen jarraitzea beste ezaugarri batzuk emateko; adibidez, biodegradagarriak izateko. Euskal Herrian ez dago oso garatuta ikerketa horretan, kimikariaren arabera, baina datozen urteetan asko azkartuko dela uste du.

Begi bionikoa

Ziborgak sortzeko, hainbat motatako sistema daude: inplanteak gorputzean txertatzen diren gailuak dira; protesiak galduriko edo kalteturiko atalak ordezka ditzaketen makinak dira. Sistema eramangarriak ez dira gorputzean horrenbeste sartzen, baina osasunarekin loturiko parametroak neurtzen dituzte.

Benda adimendunak aipatu ditu, esaterako, Oribek txostenean. Zauri bat nola sendatzen ari den esaten dio medikuari, edo gorputzaren inguruko datuak ematen dizkio: odol presioa, glukosa maila, laktatoa... Gorputzak sortzen dituen gaiak dira, eta gaitz bat garatzen ari dela iragar dezakete. Esaterako, melanomak kontrolatzeko, azal artifizialeko gailuak garatzen ari dira.

Inplante asko tatuaje elektroniko gisa ezarri ahal dira. Izerdia aztertzen dute, horretan informazio asko dagoelako: elektrolitoen oreka, hezurraren mineral galera. Tatuaje elektronikoek metal astunak antzeman ditzakete gorputzean, eta giharren kaltea ere bai.

Burmuinean txertaturiko sentsoreek elektroenzefalografiak eskain ditzakete, eta elektrodoak erabili izan dituzte burmuina barrutik kitzikatzeko, depresioaren eta epilepsiaren moduko gaitzak tratatzeko.

«Materialak garatu izanak ekarri du benetako iraultza: lehen txipak gogorrak ziren, karratuak... gaur, ordea, material bigunak, malguak, borobilak ditugu, gure gorputzetara moldatzen direnak», esan du Oribek. Lehen, elektronika eta biologia ez ziren ondo moldatzen, eta horretan lan egiten zutenen arteko komunikazioa hutsaren hurrengoa zen, Oribek gogoratu duenez. Orain, elkarrekin egiten dute lan.

«Hemendik 40 urtera, kalean zurekin gurutzatuko diren pertsonetako batek begi bioniko bat izango du agian, edo hobeto entzuteko sistema bat. Edo parkinsona izateko arriskua duen batek txip bat izango du garunean». Herritarren bizi kalitatea hobetuko dute gauzok, Oriberen aburuz. Edonola ere, ez du ukatzen batzuetan arriskua ere ekar dezaketeela, eta eztabaida etikoak piztuko dituztela.

Kontrola eta supergizakia

Eztabaida hori hasi da dagoeneko. Applek duela bi aste iragarri zuen bere hurrengo erloju adimentsuak elektrokardiogramak egiteko ahalmena izango duela, eta erabiltzaileak taupada normala edo arritmia ote duen antzeman ahalko duela. Handik gutxira, AEBetako aseguru etxe nagusietako batek (John Hancock) esan zuen aurrerantzean eurekin asegurua hartutako guztiek derrigorrez eraman beharko dutela halako gailu bat euren bezero izan nahi badute. Pribatutasunarekin kezkatuta dauden erakundeek esan dutenez, litekeena da laster konpainiek bezerorik osasuntsuenak bakarrik aukeratzea —hau da, profitagarrienak— eta behar adina kirol egiten ez dutenei edo bestelako arazoak dituztenei primak igotzea. «Norberaren osasuna pribatua da. Enpresa handi hauek —Apple, Google, Microsoft— ahalegin handia egiten ari dira medikuntza zibernetikoan: enpresa txikiagoak erosi dituzte, eta inbertsio handia egin dute monitorizazio gailu txiki eta inplante hauek erabiltzeko. Gure informazioa nahi dute; baina nola erabiliko dute? Beldur pixka bat ematen du horrek».

Beste eztabaida bat egongo da bioteknologiak hainbat erabiltzaileri emango dizkien superbotereen inguruan. Inork ez dio zalantzan jarriko gor bati ondo entzuteko inplanteren bat jartzeko eskubidea. Baina zer gertatzen da norbaitek halakoak erabiltzen baditu ez dagozkionak entzuteko edo ikusteko? Edo gizaki normal batek ez duen indarra lortzeko? Lege aldetik nola kudeatuko da hori?

«Zelula amekin ere gertatu zen halako eztabaida duela hogei urte, gizakiak klonatuko zituztelakoan, eta ez da halakorik gertatu», esan du Oribek. «Zientzia gauzak ondo egiten saiatzen da, eta onurak ekartzen, baina horiek beti kontrol baten barruan egon beharko dira».

Oribe eta lankideen artikuluak 440 erreferentzia baino gehiago ditu, eta 40 orri. Informazioaz gain, hausnarketa batzuk ere badakartza. Gizartea zahartzen ari da, eta horrek aldaketa handia eragingo du gizartean. Azken ehun urteotan, bizi itxaropena asko handitu da; datozen 50-100 urteetan beste horrenbeste luzatzea lortuko da? «Agian gehiegi da hori pentsatzea. Baina kontrolatzen baditugu gaurko gaixotasun batzuk, neuroendekatzaileak, minbizia eta abar... Horretarako agian erabilgarria izan daiteke teknologia hau. Zergatik ezin dugu pentsatu balitekeela ehundik gorako urte asko hartzea, baina horretarako protesi, gailu eta halakoak behar izatea?». Lehenengo teknologia zortzi eta hamar urte barru merkatuan egongo dela uste du Oribek, enpresa handi asko horretan buru-belarri baitabiltza.

Duela hamarkada pare bat asko entzuten zen ziberespazio hitza, baina gaur zaharkituta geratu da, Internet gauza arrunt bilakatu delako. Baliteke, ziborg hitzarekin berdin gertatzea aurki, makina-gizaki nahasketa salbuespena ez denean, ziborg normaltxoen aroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna