Musika

Barru huste emozionala

Alabama Shakes taldearekin nabarmendu ostean, Brittany Howardek pauso bat eman du 'Jaime' bakarka grabatu duen lehen lanarekin. BIME jaialdian aurkeztuko du, larunbatean.

Brittany Howardek orain arte zapaldu gabeko eremuetara egin du jauzi. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Brittany Howarden ahizpa zaharra 13 urterekin hil zen, haurrei eragiten dien begietako minbizi baten ondorioz. Ahizpak, Jaimek, poesia idazten, marrazten eta pianoa jotzen irakatsi zion, eta baita irudimena erabiltzen ere, «dirurik gastatu gabe» dibertitzeko. Ahizpa buruan izanda baina hari buruzkoa izateko nahi jakinik gabe osatu du Howardek bakarkako lehenengo diskoa. Nola ez, Jaime izenburua duena. «Beti izan naiz haren espirituari lotua. Album hau biok elkarrekin zerbait egiteko nire modua izan da».

Alabama Shakes taldeko abeslari eta gitarrista gisa egin zen ezagun Brittany Howard (Athens, AEB, 1988). 24 urte besterik ez zituela kaleratu zuen Boys & Girls (2012), rocketik, bluesetik eta souletik edaten zuen estreinako disko entzutetsua, eta, handik hiru urtera, haren jarraipena, Sound & Color (2015), taldearen proposamenak bestelako ñabardurak ere bazituela erakusten zuen lana. Disko sofistikatuagoa eta garaikideagoa zen hura, estreinakoaren aldean.

Ez baita Howard estilo bakar batean bertan goxo gelditzekoa. Ezta taldearen babesa behar duen kantari huts bat ere. Eta Jaime horren erakusle nabarmena da. Proiektua buruan mamitzen joan ahala, garbi ikusi zuen bere kasa garatu behar zuela, eta taldekideei halaxe adierazi zien: «'Album hau nik bakarrik egingo dut' esan nien. Banekien guztiaren kontrola izan behar nuela: musika, moldaketak... Orain ez bada, noiz egingo dut bada?».

Jaime-k asko baitu aitortzatik, barrua hustetik. Bere buruarekin zintzo jokatzetik. «Zintzoa izan nahi baduzu, ezin zara pixka bat zintzoa izan». Eta horrek eraman du bere ahizpaz baina, batez ere, bere buruaz hitz egitera kantuetan. Goat Head-en, adibidez, bere haurtzarora jotzen du Howardek, AEBetako hegoalde artean arrazistan —Alabaman hain zuzen— ama zuri baten eta aita beltz baten alaba izatea zer den kontatzeko. «Zeinek moztu zizkion tiranteak eta jarri zion ahuntz buru bat bizkarrean aitari?», galdetzen du bertan. Izan ere, diskoak aukera eman dio orain arte gordeak izan dituen hainbat gai mahai gainean jartzeko: «Neure buruari baimena eman diot hainbat istorio kontatzeko, nahiz eta haietaz ez dudan hitzik ere egiten».

Princeren aztarnak

Istorioak kontatzeko bezala, bere buruari baimena eman dio musikalki ere eremu bakarrera ez mugatzeko. Jazzetik eta hip-hopetik datozen musikarien —Robert Glasper (teklatua) eta Nate Smith (bateria)— eta Zac Cockrellen (Alabama Shakes) laguntzarekin, Howardek klasikoa bezain modernoa den diskoa ondu du, musika beltzaren tradizioari izkin egin gabe, gaur-gaurkoa dena. Funk eta soul arima izanda ere, pop janzkerak dituena. Eta, beste ezeren gainetik, askatasun sentsazio handia transmititzen duena. Alde horretatik, oso modu agerikoan ez bada ere, Princeren espiritu aske eta bilatzaileak disko osoa zeharkatzen du, Run to Me azken kantuan nabarmenago azaldu baino lehen.

History Repeats lehen kantuaren erritmo dantzagarriek 1970eko hamarkadan funka landu zuten hainbat sortzailerengana eramaten dute entzulea —ez da zaila Funkadelicen arrasto lausotua ere sumatzea—, eta He Loves me sentsualitatez beteriko funk eztanda da, «edan eta belar asko erre arren» kantaria maite duen Jainkoari eskainitakoa. Bere buruaz mintzo da Georgia balada sofistikatu bezain hunkigarrian ere; hain zuzen ere, «neskato beltz bat gustatzen zaion neskato beltz homosexual» bati buruz. Diskoarekin batera zabaldu duen prentsa oharrean sakon azaldudu ezberdina izateak zer esan nahi duen: «Ni hazi nintzen hiriaren gisakoetan, ezberdina dena txarra da. Nik neuk inoiz ez nuen ezberdina izan nahi izan. Gehien nahi nuena besteak bezalakoa izatea zen».

Diskoak batzuetan alderdi dantzagarri eta garaikidea duen arren —13th Century Metal-en elektronikak blaitzen du XXI. menderako ereserki izan zitekeena—, badu bere alde sentimentala ere —Short and Wave zirraragarriak Nina Simonek abesteko idatzia dirudi—, eta baita goxoa ere —Stay High—ek soularen klasiko baten zeinuak ditu—.

Brittany Howarden bakarkako diskoa kalean izanik, zer gertatuko da aurrerantzean Alabama Shakesekin? Kantariak ere ez daki erantzuten: «Familia bat gara; nire bizitza osorako anaiak ditut. Baina, orain, nire proiektua aurrera eramaten utzi didate. Beti kantu berdinak eginez gero, ez nintzateke zoriontsu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.