Txema Blasco. Aktorea

«Ilusioak indartzen du bizitza, eta ezusteak; jendea harritzea gustatzen zait»

Karta jokoan aritu baino antzeztea nahiago duela aitortu du Blascok. Ia 30 urte igaro dira aktorea izatea erabaki zuenetik, eta jardun horretan jarraituko du. Haren iritziz, antzeztea «bizitzea» da. Areago, antzerki baterako gidoi bat ere idazten dabil.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ez da ohikoena izaten 50 urterekin aktore izateko hautua egitea, baina badaude kasuak. Txema Blasco aktoreak (Gasteiz, 1941), lantegia utzi, eta aktore izateko erabakia hartu zuen 1992an. Film luzeetan, laburretan eta telesailetan aritu da ordutik, baina baita antzerkian ere. Haren arabera, txikitatik izan du antzerkia egiteko zaletasuna, eta zenbait taldetan ere aritutakoa da; esate baterako, Gasteizko Farandula antzerki taldearen sortzaileetako bat da. Hala ere, pailazo izaera ere ondo gordea du. Chetti anaietako kidea izan zen, eta 4.000 ikuskizun baino gehiago egin zituzten. Uste du pailazoa izateko imajinazioa eta fantasia beharrezkoak direla, eta baita ilusioa ere.

Ia 30 urte igaro dira lantegia utzi eta aktore izatea erabaki zenuenetik. Zergatik hautu hori?

Julio Medem zine zuzendariak Behiak filma egiteko deitu zidan, 1992an. Beste bi film ere egin nituen gerora harekin. Lehen film hartan, ordea, galdetu nion ea aktore izateko balio nuen, eta, hala balitz, lantegia uzteko prest nengoen. Grabaketak amaitu ostean egin nion galdera, Elizondoko [Nafarroa] Baztan hotelean. Baiezkoa erantzun zidan, eta, beraz, etxera joan nintzenean dena kontatu nien familiakoei: «Ez dakit non egingo dudan lan, baina zin egiten dut etxe honetan ez dela dirurik faltako». Hala ere, banekien aktore izatea ez zela erraza izango.

Nolakoa da aktore izatea?

Ez da filmetan ikusten dena. Sufrimendua da, asko ikasi beharra. Onartu egin behar da horren parte zarela, zoroen mundu bat baita. Ezer ez da dirudien bezalakoa. Baina baditu gauza politak ere. Pertsonaiak antzeztea, interpretatzea da ederrena, eta batetik bestera ibiltzea. Esaterako, Paris grabaketei esker ezagutu dut.

Hala ere, aurrez beste film batzuetan ere aritu zinen, ezta?

Lehendabizikoz, Segoviako Ihesa pelikulan hartu nuen parte, 1981ean. Inspektore bat etorri zen etxera, ea bertan nengoen galdezka. Han nengoen, baina esan nion ez nuela ezer egin. Hala ere, lasai egoteko esan zidan soilik, Madriletik deitu zutela nirekin hitz egiteko. Beraz, deitu egin nuen, eta Imanol Uribe zuzendariak hartu zuen telefonoa. Hala, lan horretan ekin nion aktore ibilbideari. Gogoan dut urduri nengoela; bolaluma bat nuen eskuetan; dardarka.

Eta, azkenean, fabrika utzi zenuen.

Gasteiz hiribidean zegoen lantegia, eta haren alboan bizi nintzen. 07:50ean jotzen zuen lanera sartzeko lehen txirrinak, eta orduan esnatzen nintzen. Musua azkar batean garbitu, eta zortzietarako atean egoten nintzen. Pentsa, urtero lortzen nuen puntualtasunaren saria. Hala ere, uztea erabaki nuen aktore izateko, eta, gainera, banekien negozioa ez zegoela ondo, finantza zuzendaria bainintzen. Beraz, lantegira joan, eta zuzendariarekin hitz egin nuen, nire burua kaleratuko nuela azaltzeko. Zoratuta nengoela pentsatu zuen, baina urte batzuen buruan deitu egin ninduen, zoriontzeko.

Nondik datorkizu antzerkirako grina?

Pianoa jotzen zuen aitak; musikaria zen. Kontserbatoriora eraman ninduen, eta bertako zuzendaria fraide bat zen; sarjentu bat. Jesus Obrero ikastetxean ikasten nuen, eta, beraz, nazioarteko eukaristiaren ereserkia abesteko esan zidan. Ez nuen abesti hura gogoan, eta hala hasi zitzaidan: «Belauniko Jauna sagrarioaren aurrean». Kantatzen hasi nintzen ni ere, baina hark, pianoaren tapa itxi, eta hau esan zion nire aitari: «Ahotsa ederra dauka, baina belarria falta zaio». Orduan amaitu zen nire musikari ibilbidea.

Eta aktorearena hasi?

Ordu hartan ja antzezten nuen; pailazoa nintzen. Ramon Jimenez Zape umoregile gasteiztarrarekin egin nuen lehen emanaldia. Behin, berarekin batera joan nintzen emanaldi batera, eta esan zidan aktore izango nintzela. Ez nuen nahi, lotsa ematen zidalako. Hala ere, azkenean, sudur gorri bat eman zidan, eta antzeztu egin nuen. Ez nago ziur zer egin nuen, baina badakit txaloak jaso genituela. Gerora, hausnartu, eta pentsatu nuen ederra dela pailazoa izatea; zoriontsuago egiten duzu jendea, espetxeetan, esaterako.

Zer da sudur gorria zuretzat?

Pailazoa. Ni horrela normala naiz, baina sudurra jantzi eta eraldatu egiten naiz. Irrigarri gelditzeari ere beldurra galtzen diozu. Hori gertatu zitzaigun Chetti anaiekin ere. Gazteen talde batean nengoen, eta bertako kide batekin batera sortu genuen proiektua, Titorekin. Guztira, 4.316 emanaldi egin genituen.

Pertsona guztiak al dira pailazo zentzu batean edo bestean?

Bai. Esango nuke pailazo izateak lotsa deuseztatzen dizula, ez zaituelako inork ezagutzen. Esate baterako, inork ez nau ikusi makillatzen edo makillajea kentzen, eta behin baino gehiagotan pasatu zait emanaldi batetik atera eta ikusle batek pailazoa non dagoen galdetzean laster aterako dela erantzutea. Pailazoa, ordea, ni nintzen, eta ikusle horiek ez ziren ohartzen; hori oso polita da.

Gasteizko Farandula antzerki taldean ere parte hartu zenuen.

Guk sortu genuen antzerki taldea. Ero batzuk elkartu ginen, eta antzerkiak egiten hasi ginen. Parte hartu genuen Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren lehen aldian ere, Eta guztiok jaio ginen herren obrarekin. Izan ere, guztioi falta zitzaigun zerbait benetan osatuta egoteko, Francoren garaiak baitziren.

Nolakoa zen frankismoaren garaian antzerkia egitea?

Chetti anaiekin, adibidez, antzerki ikuskizun arruntak egiten genituen soilik; entretenitzeko. Hala ere, badut anekdota zaharrago bat. Txirinbil dantza taldean aritu nintzen gaztetan, eta behin Polizia agertu zen entseatzen genuen lokalean. Badirudi norbaitek salatu gintuela. Korrika hasi ginen guztiok, eta alde zaharretik jarraitu ziguten, ihes egitea lortu genuen arte. Ezin genuen ikurrina atera ere egin. Pentsa, garai hartan sindikatu bertikala zegoen, falangista zena. Bada, behin, bertan egin behar izan nuen dantza, eta talde bat ere sortu genuen. Zaragozara [Espainia] joan ginen sindikatuarekin, eta bertan egin genuen dantza. No-doan ere agertu nintzen.

Eta zer harreman izan duzu euskararekin?

Txirinbilen nenbilenez, ikasteko gogoa nuen. Oraindik gogoan dut abestia ere: «Euskal mendi zelaiak, elurrez zuri dira esnatu (...) Txirinbil aurrera!». Hunkitu egiten naiz oraindik ere. Hala ere, azkenean ezin izan nuen ikasi. Eskola nazionaletara bidaltzen gintuzten ikastera, eta han ezin zitekeen hitz bat ere egin euskaraz. Atseden orduan, guztiok ilara batean jartzen gintuzten, eta ez genuen Cara al Sol abesten, baina ia-ia. Beldurra ematen zuen, eta asko zigortzen gintuzten.

Bihurria al zinen?

Bai, oso bihurria. Ikastetxean, eraikinak dorre batzuk zituen, eta banuen ohitura igotzeko. Behin, apaizak harrapatu egin ninduen, eta jaisteko agindu. Hala ere, ez nintzen jaitsi, banekielako zigortu egingo ninduela. Hurrengo egunean, ilarak eratu zituzten ikasle guztiokin, eta dorrean zegoenari irteteko esan; bere hobe beharrez. Ez nintzen atera, eta, azkenean, guztiok egin behar izan genuen korrika patioan. Egiari zor, lagun txarra izan nintzen.

Eskolan ere egiten zenuten antzerkia, ezta?

Federico Rodriguez Garcia jauna izeneko irakasle bat zegoen, eta berogailu baten inguruan batzen gintuen neguan, ipuinak eta istorioak kontatzeko. Hor hasi nintzen zaletzen.

Zaletasunetik tiraka, film laburretan ere parte hartu duzu.

Iaz arte 167 film labur egindakoa naiz, baina orain gehiago dira. Corellan [Nafarroa] egon naiz azkenekoz film labur bat grabatzen. Are, telesailetan ere agertu naiz. Esate baterako, Patria telesailean apezpikua izan naiz hileta batean, eta La linea invisible telesailean ere izan naiz aktore.

Lan horietarako castingak egiten al dituzu?

Lehen, bai, baina orain, dagoeneko, ez. Hainbeste film egin eta gero, telefonoz deitu ohi didate. Zuzenean galdetu ohi didate ea parte hartu nahiko nukeen.

Zer da zuretzat aktore izatea?

Aktore izatea, antzeztea, bizitzea da. Beste pertsonaia batzuen larruan sartzen zara, eta era bizian bizitzen duzu. Jendeak, sarritan, pentsatzen du pertsona bera dela pertsonaia baten atzean dagoena, baina ez da horrela izaten. Izan ere, pertsonaia baten paperean sartzen den momentutik, aktorea eraldatu egiten da; izan zaitezke zorigaiztoko pertsonaia bat edo kakagixon bat, ala ez.

Zer eskaintzen du antzerkiak?

Batetik, antzerkiak irakatsi dit sentimenduak ezin direla benetakoak izan; antzeztutakoak izan behar dira. Izan ere, hunkituz gero, zaila izaten da antzezpen batean aurrera jarraitzea, eta, beraz, ez da komeni benetako sentimenduekin aritzea. Bestetik, esperientzia ere eskaini dit. Irakaspen prozesu bat da, eta pixkanaka ikasten da zer eta nola egin. Gainera, ingurukoengandik ere ikas daiteke, dagoeneko esperientzia handia duten aktoreak baitira. Hala ere, aitortu behar dut badaudela astopitoak diren aktore batzuk ere, euren burua sekulako aktoretzat dutenak. Baina uste dut denok izan beharko genukeela berdinak eta, ahal dela, ingurukoekin lagunkoiak. Nire kasuan, ahal dudan aldi guztietan saiatzen naiz ingurukoei laguntzen. Jendeak aitortu egiten du egin dudan lana.

Omenaldiak ere egin dizkizute; azkena, Urrezko Zeledona.

Bai, eta oparitu zidaten pina ere soinean daramat. Omenaldi hori abuztuan egin zidaten, Pilar Lopezekin batera. Nik ez nuen omenaldia egiterik nahi, ez nintzen nor sentitzen horretarako, baina pozez eta ilusioz jaso nuen berria. Azkenean, aktore guztiek egindako lana aitortu genuen.

Eta orain, zer asmo dituzu?

Bizitza ohartu gabe igarotzen da; azkar batean. Hala ere, lan egiten jarraitzeko asmoa dut. Izan ere, lanik ez badago, zer egin: aspertu? Niri ez zait gustatzen kartetan aritzea, eta ezta dantza egitera joatea ere; arraroa naiz. Antzeztea da gustatzen zaidana, egitea gustuko dudana. Orain, antzerki ikuskizun bat idazten hasita nago. Bi pertsonaia izango dira protagonistak, eskale bat eta gizon dirudun bat; elkar ezagutu, eta, azkenean, elkarrekin abesten amaituko dute.

Baina beste antzerki batzuk ere idatzi dituzu.

Guztira, bederatzi antzerki idatzi ditut. Horietako bat da Noisuli. Uste dut ilusiorik gabe ezin zaitezkeela zoriontsu izan, eta, beraz, ideia horretatik abiatuta, istorio hau idazteko ideia otu zitzaidan. Istorioan, Lurrera beste planeta bateko izaki bat iristen da, energiarik gabe gelditu delako. Pertsona batzuk ikusten ditu gauza arraroak egiten; antzerkia, hain zuzen. Gustuko du ikusten duena, eta bertan daudenek aurrez azaldu dudan teoria esplikatzen diote: ilusioa beharrezkoa da zoriontsu izateko. Azkenean, energia berreskuratu, eta bere planetarako bidea hartzen du.

Beraz, gidoi bat idazteko ere, ilusioa beharrezkoa da?

Ilusioa, ideiak eta fantasia behar dira gidoi bat idazteko, eta baita imajinazioa ere. Pailazoa izateko ere, imajinazioa eta fantasia beharrezkoak dira. Azken finean, ilusioak indartzen du bizitza, eta baita ezustekoak ere; gustuko dut jendea harritzea espero ez duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.