Kataluniako erreferenduma

KATALANEN ORDUA

Errepublika independentea sortu nahi duten erabakitzeko, bozkatzera deitu dituzte Kataluniako 5,3 milioi herritar. Dena prest dute, Espainiako Gobernuak eragozten ez badu behintzat. Bostetan bozkalekuetan egoteko deia egin dute elkarteek, ordubetera mossoek eskolak itxi ez ditzaten.

Ikasleak Bartzelonako Unibertsitatean afixak jartzen, Demokraziaren aldeko maratoia ekimenean, duela astebete. QUIQUE GARCIA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Bartzelona
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Erreferenduma ez da egingo», dio Madrilek. «Erreferenduma egin egingo da», Bartzelonak. Espainiako Gobernuaren bozeramaile Iñigo Mendez de Vigok itxitzat jo du «auzia» Guardia Zibilaren «kolpeak» Generalitatearen Informazioaren Telekomunikazio eta Teknologia Zentroan sartu, eta, zuzenbide estatuaren izenean, datu basea eta aplikazioak baliorik gabe utzi dituenean. Ez da egingo, haren arabera, Katalunian hautetsontziak, botopaperak, mahaikideak, herritarrak, gobernua... legez kanpokoak direlako edo legez kanpo ari direlako. Baina egin egingo da, Kataluniako Gobernuak «plan alternatiboa» duelako, Oriol Junqueras presidenteordeak ziurtatu duenez, eta jendeak hala erabaki duelako, oztopoak oztopo, erakundeekin eta gobernuarekin bat eginez. Azken inkesten arabera, gehien-gehientsuenek Espainiatik bereiztearen aldeko botoa emango dute: Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?. Hori da 5,3 milioi katalanek gaur erantzun beharko duten galdera, baldin eta oztoporik jartzen ez badiete Espainiako segurtasun indarrek. Angel Gozalo Guardia Zibilaren buruak ez du ezkutatu gogoa duela «ordena jartzeko, edozein liskarren aurrean».

Deigarria da The National Eskoziako egunkariak atera duen inkesta. Errepresiorik ez balego, herritarren %66 joango lirateke bozkatzera, eta haietatik %83k baiezkoaren alde egingo lukete. Generalitateko Ikerketa Zentroak egunero egiten dituen azterketetan oinarritu da, eta, haren arabera, bi aldeek hitzartutako erreferendum batera %77 joango lirateke bozkatzera, eta %66k egingo lukete baiezkoaren alde.

Inkestak inkesta, eta haien fidagarritasuna erlatibizatu behar bada ere, pentsatzekoa da jende asko joango dela gaur bozkatzera, azken egunotan egon diren mugimenduak aintzat hartuta, izan ere, konbentzituta zeudenen artera bildu baitira Espainiako Gobernuak martxan jarritako errepresio neurriek haserretu dituzten herritarrak; ez baita bakarrik —eta ez da gutxi— independentzia bai edo ez jokoan dagoena, baizik eta demokrazia bera, adierazpen askatasuna eta oinarrizko eskubideak. Independentziaren aldeko joera izango ez luketen herritarren artean ere baiezkoaren alde jarri dira asko; egunotan agertu dute haserrea, Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen herri eredua oso urrun sentitzen dutelako.

Baina, bozkatzeko asmoa dutenen artean, bereizi behar dira oztopo guztien gainetik joango dena, eta liskarren ondorioz etxean gera daitekeena. Erabakigarria izango da gaur goizean eskoletan gertatzen dena. Asteburu osoan izan dira guraso, irakasle eta bizilagunak, haiek zaintzen itxi ez ditzaten, baina gaur, goizeko seietan, mossoek eskolak ixteko agindua dute, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren laguntzaz. Kataluniako Auzitegi Nagusiko magistratu Mercedes Armasek, fiskaltza kasutik kanpo utzi, eta bere gain hartu du auzia, eta, fiskaltzaren neurriak arindu dituen arren, gogorrak dira oraindik: fiskalak nahi zuen asteburu osoan eskolak ehun metrora zigilatzea. Armasek, ordea, hori kendu du, baina ixteko agindua ez da mossoen esku soilik geratuko: Espainiako poliziei zabaldu die agindua. Mossoak dagoeneko egon dira hainbat eskolatan ohartarazten ezin dela erreferendumarekin zerikusirik duen ezer antolatu, eta gaur 06:00etatik aurrera eskolak hustu behar direla, baina Josep Lluis Trapero buruaren agindua dute, eurak ez daitezela izan herritarrekin liskarretan sartuko direnak.

Crida per la Democraciak mobilizazio etengabekora deituak dituzte herritarrak. Herritarrei dei egin die 05:00etatik eskoletan egon daitezen, desobedientzia zibila eginez modu baketsuan eta probokazioetan erori gabe, orain arteko ekimen guztietan egin duten bezala, aitzakiarik izan ez dezaten poliziek erreferenduma zapuzteko. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Bartzelonako eta inguruko hiri jendetsuetan liskarrak sustatuko dituztelako beldur dira agintariak.

Eskolak, berez, 09:00etan ireki beharko lituzkete, eta 20:00etan itxi. 2.315 eskolatan bozkatuko dute, 6.940 mahaitan, eta 7.235 pertsona egongo dira mahaiotan. Eguna igaro ostean, berriz, Katalunia plazan egin dute hitzordua, herritarrak joan daitezen, emaitzak jakitera.

Behatzaileak

Egunean zehar gertatzen denerako, behatzaile, abokatu eta psikologoak egongo dira eskoletan, edozein arazoren aurrean erantzun bateratua emateko. Adierazpen askatasunaren eta eskubide zibil ororen kontrako ekintzak jaso eta salatuko dituzte, eta babesa eman hala behar duenari. Psikologoak ere hor egongo dira, errepresioaren ondorioz inork behar izanez gero.

Iridia zentrokoa da Andres Garcia, giza eskubideen defentsarako elkartekoa, eta «Bartzelonako eta inguruko eskoletan» banatuko dituzte 60 abokatu, 70 behatzaile eta 25 psikologo. «Asmoa da gertatzen den guztia grabatzea, biktimen lekukotzak jasotzea, eta laguntza psikologikoa eskaintzea behar duenari. Informazio guztia ia denbora errealean koordinatuko dugu zentroan, nazioarteko giza eskubideen urraketaz arduratzen diren erakunde guztietara bideratzeko, eta egoera salatzeko». Espero du gauzak on bidean joatea, «baina, azken bi asteotan ikusitakoak ikusita, liskarrak egongo diren beldur gara. Dena den, lana egiteko prest gaude, eta behar den guztian laguntzeko».

Gaur gertatzen denaren arabera marraztuko dute datozen egunetarako estrategia. Alderdiak baturik daude, baina eztabaidak dituzte estrategien inguruan.CUPek berehala nahi du independentziaren aldarrikapena, baiezkoak irabaziz gero, ERCk ez du jarrera erabat argitu, eta PDECatek patxada handiagoz jokatu nahi du. Comu-ren ingurukoek, berriz, demokraziaren eta duintasunaren alde bozkatzeko deia egin dutela eta, nabarmentzekoa da Mireia Boya CUPeko diputatuak kanpainaren azken mitinean esandakoa: ez dezatela erabil euren aldera Katalunian sortu den mugimendua. «Hau erreferendum bat da, ez da galdeketa bat, eta hortik ateratzen dena bete beharrekoa da». Urak nahasten ari direla dirudi. Dena den, bihar ospatzeko eguna izan dezakete katalanek, historia berria idazten hastekoa, baina, ikusita Katalunia salbuespen egoeran dagoela, mobilizazioen eta protesten eguna izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.