Raul Tenes. Ordaindu eta Eskuraturen abokatua

«Beste kooperatibetako bazkideek ordaindu beharko lukete, bai»

X.M.
xabier martin
Bergara
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Ordaindu eta Eskuratuko kideek Bergarako epaitegiaren atarian egindako batzar azkar batean hitz egin ondoren hartu du BERRIA Raul Tenes abokatuak.

Lekukoak aurka izan dituzu beti, eta salaketa aintzat hartuko den esperantza agirietan jarri duzu. Azalduko duzu hori gehiago?

Lekukoengandik ez nuen ezer espero, auzian interesa ez dutela esan arren denak direlako Mondragoneko zuzendaritzako kideak, Aldekoa eta Trebiño salbu. Beren kudeaketa defendatu dute, eta aurreikusi nuen hori.

Eta zertarako deitu dituzu?

Mahairatu dugun bigarren alternatibari oinarria emateko: atzeratu zen konkurtsoaren erabakia ala kooperatiba guztiak hilda zegoen enpresa bat berpizteko bidaian sartu zituzten, arrakastarako inolako segurtasunik gabe? Esan digutena da alferrikakoa izan zela 2012tik aurrera egindako ahalegin guztia kooperatiba denen aldetik. 2012ko martxoan egin zitekeen 2013ko urrian egin zena; Fagorreko jendea lehenago jarri ahal zen beste lanpostu batean.

Kudeaketaz ari zara, eta hori epaitu zuen Malagonek, ezta?

Ez. Fagor Etxetresnen konkurtsoan ezin zelako Mondragon epaitu;ezin zen aztertu Mondragoneko zuzendaritzaren rola prozesu horretan. Ez naiz ari enpresa kudeaketa bati buruz, bazkideei begira egindako kudeaketaz baizik. Mondragonek gainbegiratu behar zuen kooperatibaren ibilbidea: bere zeregina zen, eta jakin behar zuen bideragarria ote zen.

Zergatik ez duzu lekuko gisa deitu ustez engainatua izan zen bazkideetakoren bat? Asko daude salatzaile ez direnak.

Ezin izan dugu inor aurkitu, eta, areago, salaketan zeuden batzuek uko egin diote auzi eskearekin jarraitzeari. Saiatu gara, baina beste lanpostu batean daudenek ez dute ezer jakin nahi.

Zertaz ari zara? Presioez?

Ez ditut ikusi, eta ezin den segurtatu, baina batzuek esan didate ez zutela auzi honetan salatzaile izan eta kooperatiba batean lanean aritu, aldi berean.

Epaileak zuen alde egingo balu, Mondragonek ez, hari atxikitako kooperatibetako bazkideek pagatu beharko lituzkete milioiak. Zuzena da hori?

Eskertzekoa da orain arte izan duten elkartasuna, eta ulertzekoa da ez ikustea begi onez Fagorren sartu duten diru hori guztia sartu ondoren, bazkide ohiak dirua eskatzen aritzea. Baina okerreko erabakiak hartu zituztenen erantzukizuna da hori.

Baina nork pagatuko luke?

Bazkideek, bai; Mondragonek ez du jarduera produktiborik egiten, eta kooperatiben ekarpenez aritzen da. Hornidura berezia egin beharko lukete agian, auzi eske hau betetzeko. Eta halakorik eragin dutenei erantzukizuna eskatu beharko liekete.

Escrache-ak bezala, epaiketa tresna bat izan da negoziazioa bultzatzeko?

Ez dira escrache-ak egon, manifestazioak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.