Koronabirusa. David Nabarro. OMEko koordinatzailea Europan

«Gobernuak orain hasi dira arazoa ulertzen, birusa zabaldu denean»

Mediku eta diplomazialari britainiarrak eskarmentu handia du, besteak beste, ebolak, gripeak eta SARS birusak eragindako izurriteetan. Osasunaren Mundu Erakundeko Europako arduraduna da COVID-19 gaitzaren aurkako estrategian.

MARTIAL TREZZINI / EFE.
Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

Osasunaren Mundu Erakundeko arduradun nagusietako bat da David Nabarro doktorea (Londres, 1949). Erakunde horretako kidea da 1999tik, eta gizakiei eragiten dieten izurriak aztergai izan ditu hainbat urtez: hiesa, Haitiko kolera epidemia eta ebolaren izurritea, besteak beste. 2009an, A gripearen pandemia zabaldu zenean, Nazio Batuen Erakundeko aholkulari zientifiko nagusia izan zen, eta OMEko zuzendari nagusi izateko hautagaietako bat izan zen 2017an. Genevan (Suitza) duen etxeko konfinamendutik hitz egin du BERRIArekin. «Nire arbasoak nafarrak izanda, estimu handia diot lurralde horri, eta ilusio berezia egin zidan hango gizarteari elkartasun mezu bat helarazteak, egoera zail honetan».

 

Egoera zaila izanik, zer deritzozu Europako gobernuek koronabirusari emaniko erantzunari?

Kontuan hartu behar dugu oso gaixotasun berria dela COVID-19a, eta denbora gutxi daramala gizakion artean. Duela hiru hilabete pasatxo atzeman zuten, eta, ordutik, denok egin dugu ahalegina gaitzaren inguruan ikasteko. Gobernuek ere bai. Ez da erraza zer egin behar den jakitea, eta denok ari gara ia aldi berean ikasten, pandemia hedatu ahala. Oraintxe daukagun erreferente ia bakarra zera da, Asiako herrialdeetan orain arte egin dena.

Adibidez?

Txinako kasua, esate baterako, oso ongi dokumentatua dago, eta Osasunaren Mundu Erakundeko lantalde batek txosten oso baliagarria ondu zuen otsailaren 24an, koronabirus hau herrialdean nola hedatu zen azaltzeko. Hori da oraintxe izan dezakegun bide orririk onena, gaixotasunaren foku ugariei eusteko eta aurre egiteko modua azaltzen digulako. Europako estatuak orain jabetzen ari dira auziaren tamainaz eta larritasunaz. Gero eta gehiago dira koronabirusaren kontra neurri integralak ezartzen dituzten gobernuak, eta asko pozten nau horrek, baina arazo bat daukagu: birus hau izugarri bizkor ari da hedatzen. Esponentzialki. Horrek behartzen gaitu gero eta azkarrago aritzera, COVID-19aren fokuak garaiz harrapatzeko. Ezinbestekoak dira berehalako neurriak: kasu berrien edo kate epidemiologiko berrien lehen zantzuak azaldu bezain laster erantzun beharko genuke.

Europako gobernuek argi al dute hori?

Europako gobernuak orain ulertzen ari dira erantzun azkarrak eta gogorrak behar direla. Tamalez, gaitza hedatua dagoenean ulertu dute. Hasieran ez ziren hain bizkor ibili, eta hori ere nabarituko dugu nolabait, neurri are gogorragoak ezarri beharko direlako. Europak erronka latza dauka aurrean, koronabirusa asko hedatu delako azken asteotan, hainbat herrialdetan.

Zeintzuk dira egin beharreko urratsak?

Lau ardatz dira: komunitateak, detekzioa, osasun zerbitzuak eta gobernuaren jarduna. Lehenik eta behin, komunitateak antolatu eta prestatu behar dira, gaitzari aurre egiteko gai izan daitezen. Bigarrenik, koronabirus kasuak ahalik eta azkarrena detektatu behar dira, birusa atzemateko proben bidez —hori da modurik egokiena—, eta, halakorik ezean, sintomak identifikatuz. Kutsatutakoak erabat bakartu behar dira, eta ingurukoak berrogeialdian jarri. Hirugarrenik, bermatu behar da ospitaleek baldintza egokiak dituztela krisiari aurre egiteko. Horrek esan nahi du osasun langileak babestu behar direla, ospitaleen baldintzak eta edukiera bermatu, eta, oro har, osasun zerbitzuak indartu. Azkenik, gobernuek lehentasun osoa eman behar diete birusaren hedatzea mugatzeko neurriei; batez ere, aldentze fisikoa konfinamendu bidez bermatuz. Itxialdia dekretatu ostean, baina, gobernuek esku hartu beharko dute konfinamenduak kalte eginiko pertsonei edo egoera zaurgarrian direnei laguntzeko.

Bide orri hori betetzen ari dira estatuak? Italiako, Frantziako eta Espainiako gobernuei leporatu zaie berandu hasi zirela neurriak hartzen, eurek ezarritako itxialdia ez dela Txinakoa bezain zorrotza, eta Espainiako Estatuan, adibidez, oso test gutxi egin direla...

Nik ez dut inoiz atzera begiratzen. Geroago, historia idazten den unean, aukera izanen dugu atzera begiratzeko eta ardurak eskatzeko. Niri interesatzen zait non gauden orain, eta orain, bai gobernu erregional eta autonomikoek, bai Espainiako, Frantziako eta Italiako gobernuek ulertua dute azkar eta zorrotz jardun beharra dagoela, kutsatze foku berriak eragozteko. Ziurtatu behar dute, oraingo egoeran eta oraingo baliabideekin, eman dezaketen erantzunik onena ematen ari direla, eta prest egon beharko dute estrategia egoera berrietara egokitzeko. Izan ere, koronabirusaren hedatzea hain da azkarra, ezen denok egon beharko baitugu prest edonoiz norabidea aldatzeko, informazio berrien argitara.

Zenbait gobernuk, hala ere, bizkarra eman diete adituen gomendioei orain arte. Erresuma Batuak, esate baterako, ez zuen hartu urruntze soziala bermatzeko neurririk, eta Osasunaren Mundu Erakundeak kritikatu egin zuen hori.

Aurretik eman dizudan erantzunak balio du Erresuma Batuaren kasurako ere, beste herrialde guztietarako balio duen bezala. Niretzat, garrantzitsuena da gero eta herrialde gehiago hasiak direla ulertzen neurri zorrotzak hartu behar direla, eta euren arteko lankidetza ezinbestekoa dela. Ez du zentzurik birusaren kontra nork bere kabuz jardun nahi izateak, besteengandik aldenduta, horrek arazo itzelak sortzen baititu herrialdeen arteko mugetan. Erresuma Batuaren kasu zehatza aipatu didazu, eta uste dut Londres begira dagoela Italian, Espainian, Iranen edo Txinan egin dutenari, eta lezioa ikasi duela azkenik. Sistema britainiarrari erreparatu, eta egoerara egokitzeko urratsak egin ditu; hortaz, pozik nago norabide berriarekin. Espero dut ikuspegi horri eutsiko diotela, ez baita nahikoa neurriak hasieran aplikatzea: horiei eutsi behar zaie krisiak aurrera egin ahala, eta euste fasea igarota ere, ezin da arreta galdu. Gerta daiteke gaixotasunaren agerraldi berriak antzematea han-hemenka, eta komeni da adi egotea, halakoak garaiz detektatu eta eusteko.

Zenbait gobernuren arabera, ezin da jardun ekonomikoa erabat eten, eta nolabaiteko oreka bilatu beharra dago ekonomiaren eta larrialdi neurrien artean. Zeinek izan behar luke lehentasuna?

Orain, birusaren kontrako borrokak izan beharko luke lehentasun bakarra, eta gure esku dagoen guztia egin beharko genuke gaixotasunaren zabaltzea gelditzeko. Birusak gizartean izan duen eraginaren ondorioz, ekonomiak ere kaltea pairatuko du, ados, baina egoera ekonomikoa hobetzeko biderik egokiena zera da, ahalik eta neurri zorrotzenak hartzea. Horrek etenaldi edo itzalaldi ekonomiko bat ekarriko duela? Bai, baina neurriak zenbat eta gogorrago, orduan eta laburragoa eta arinagoa izanen da ekonomiaren etenaldia. Kontua ez da erdibideko neurriak hartzea ekonomia babeste aldera, gaitz birikoari aurre hartzea baizik. Horrek bakarrik ekar dezake ekonomiaren susperraldia. Gizarteak errealitate berrira egokitu behar du: alarma egoera, konfinamendua, ekonomiaren atzeraldia... Kalte horiek guztiak pairatu behar ditu orain, egoera latz honetatik atera nahi badu. Ingelesez, no pain no gain dioen esaera bat daukagu (minik gabe, irabazirik ez). Bada, ekonomiari dagokionez ere, hori da gakoa. Ez du zentzurik orain arteko errealitateari eutsi nahi izateak edo oreka bat bilatzeak. Gure ahalegin guztiak jarri behar ditugu osasun publikoan eta birusaren aurkako neurrietan.

Goia jo al du birusaren hazkunde kurbak?

Mundu osoa erreferentziatzat hartzen badugu, ez. Ez gaude kurbaren goiko partean, goranzko aldaparen hasieran baizik. Pandemia global baten erritmoa neurtzen da mundu osoan gertatzen diren infekzio fokuen arabera: herrialde batzuetan, bizkor detektatu, mugatu eta desegin dituzte infekzio foku eta kate epidemiologikoak, eta, gai badira jokabide diziplinatu horri eusteko, gaitzaren hedatzeak laster batean joko du goia. Txinan, adibidez, goia jo zuten, eta okerrena gainditu dute. Hala ere, alertan dira oraindik, birusa itzul daitekeelako. Beste hainbat tokitan, berriz, kutsatzeak etenik gabe ari dira hazten, eta ez dakigu noiz joko duten goia. Herrialde batzuetan lehenago etorriko da, eta beste batzuetan, geroago. Orain hartzen diren neurrien araberakoa izanen da hori. Pandemia bere osoan hartuta, baina, ez gaude arazoa konpontzear.

Zuk gertutik ezagutu dituzu SARSen, ebolaren eta H1N1 gripearen izurriteak. COVID-19ak ba al du antzik haiekin?

Bai, antzekotasunak badira egungo pandemiaren eta aurreko horien artean, baina baita ezberdintasunak ere. Bereziki, COVID-19ak antz handia du SARS arnas sindrome akutu larriarekin, bien oinarrian baitago koronabirus bat, eta sintomak ere oso antzekoak baitira. Aldiz, gripea eragiten duen birusa zeharo ezberdina da: gripe mota ugari daude, eta sasoikakoak dira. Berehala zabaltzen da, erritmo oso bizian, eta intzidentzia tasa handia du, baina apaltzera jotzen du berehala, gure organismoa ohitu egiten delako. Ebola, azkenik, gaitz bortitza da, eta hilgarritasun tasa handiagokoa, baina baita lokalizatuagoa ere, birusarentzat zailagoa delako pertsona batetik bestera igarotzea. Kutsatzeko, ezinbestekoa da gaitza duen pertsona baten gorputz jariakinekin kontaktu zuzenean egotea. COVID-19aren kasuan, berriz, nahikoa da tanta bat: eztula edo doministiku egitean airean zabaltzen ditugunak, adibidez. Askoz kutsakorragoa da hasieran, sintomak azaleratu baino lehenagotik ere.

SARS-CoV birusa egungo koronabirusaren antzekoa dela diozu. Zerbaiterako balio izan zuen esperientzia horrek?

Bai. Eritasun hori 2003. urtean zabaldu zen gizakien artean, Asiako hego-ekialdean. Hondamendi beldurgarria izan zen, eta hildako ugari eragin zituen. Gauza on bakar bat utzi zigun: horri esker, Asiako herrialdeek ikasi zuten zer egin behar duten gisa horretako gaitz kutsakor bati aurre egiteko. Ordutik, asko hobetu dira birusak detektatzeko prozedurak eta urruntze sozialerako neurriak. COVID-19a iritsi aurreko entsegu orokorra izan zela esan dezakegu. Era berean, aurtengo pandemiatik ere hainbat lezio ikas ditzakegulakoan nago.

Zeintzuk dira irakaspen horiek?

Italiako esperientziari esker, adibidez, badakigu gaitzak larrialdi zerbitzuetan duen eragina oso handia dela, eta horretarako prest egon behar dugula. Hego Koreako kasuak argi utzi digu detekzio bizkorraren garrantzia: askoz errazagoa da kutsatze fokuak eta kate epidemiologikoak mendean hartzea, oso denbora laburrean birusa detektatzeko probak herritar askori egiten badizkiogu. Txinari esker ikasi dugu komunitatearen elkarlana ezinbestekoa dela, eta osasun zerbitzuen sare egoki bat behar dugula, gizartea egituratzeko eta komunitate horiek indartzeko. Azkenik, Asiako beste herrialde batzuek koronabirusarekin izan duten esperientziak irakatsi digu halako pandemia baten aurrean gobernu osoak egon behar duela Osasun Ministerioaren eta osasun zerbitzu publikoen esanetara. Irakaspen horiek barneratzea garrantzitsua izanen da Europako gainerako herrialdeetan ere gaitzari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.