Kolonbia. Bake akordioak. Juan Gallo Cubillos. FARC alderdiko kidea

«Gobernuak agindu gisa onartu zuen ez uztea prozesu honi kontsolidatzen»

Cubillosek bake akordioei oztopoak jartzen aritzea leporatu dio Ivan Duque presidenteari. Gerrillari ohiaren esanetan, Kolonbiako eliteak ez du egia argitara ateratzerik nahi gerran izan zuen rola agerian gera ez dadin.

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Bogota
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Julian Gallo Cubillos edo Carlos Antonio Lozada: bi izeneko gizon honen bizi ibilerek ederki islatzen dute Kolonbiako historiaren parte handi bat. Julian Gallo Cubillos izenarekin jaio zen; egun senataria da, eta garai batean FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillako kide izan zen, bai eta 2016. urteko bake akordioetako negoziatzailerik aktiboenetako bat ere. Gainera, Azken Bake Akordioa Ezartzeko Nazioarteko Konferentziaren bultzatzailea izan da; atzo egin zuten, Bogotan.

Lehen akordioa sinatu zenetik lau urte bete diren honetan, topaketa horren helburua izan da nazioarteari erakustea zer aurrerapauso egin dituzten, baina batez ere zer atzerakada, eta zer falta den ezartzeko.

Nor da Julian Gallo Cubillos? Eta Carlos Antonio Lozada?

Oso gazterik sartu nintzen FARC-EPn, eta 38 urtez izan nintzen bertako kide, 1978tik 2016ra, orduan sinatu baitzen bake akordioa. FARCen emandako azken denboran Estatu Nagusiko Idazkaritzako kide izan nintzen, eta, bake prozesuan, azken akordioa militarrekin negoziatzeko eginkizuna zeukan batzordearen arduradun. Gaur egunean, Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea (FARC) alderdiaren zuzendaritzako kide naiz akordio horietatik sortu zen alderdikoa, eta eserleku bat daukat errepublikako senatari gisa.

Zer helbururekin antolatu duzue Azken Bake Akordioa Ezartzeko Nazioarteko Konferentzia?

Bake akordioa sinatu genuenean, ezartzen zela egiaztatzeko mekanismo sorta bat sortu genuen. Nazio mailan, Bake Akordioaren Ezarpena Jarraitzeko, Bultzatzeko eta Egiaztatzeko Batzordea (CSIVI), gobernuaren eta FARCen ordezkariz osatua, bai eta Gizarteratzeko Kontseilu Nazionala ere. Nazioartean, nabarmenen taldea sortu zen, [Uruguaiko presidente izandako] Pepe Mujica eta [Espainiako gobernuburu ohi] Felipe Gonzalez tartean direla, eta horiek adi egon behar dute ea konpromisoak betetzen diren. Era berean, teknikoki monitorizatzen da arauen garapena.

Konferentzia honetara Defenda Dezagun Bakea taldeak deitu zuen, hainbat mugimendu sozial eta politiko biltzen dituen talde batek. Konferentziaren bidez, nazioarteari ohartarazi nahi diogu prozesu hau gauzatzekotan dagoela, eta oso egoera konplexuan; izan ere, oraingo gobernuak egindu gisa onartu zuen ez uztea prozesuari kontsolidatzen, nahiz eta Duque presidenteak jendaurrean adierazi akordioa bete egingo dela.

Zer iruditzen zaizue orain arte egin dena?

Landa Erreforma Integralean ez da batere aurreratu. Gobernuak dio milioi eta erdi hektarea inguru gehitu dituela adostutako hiru milioietatik, baina gobernuaren esku dauden lugorriak dira horiek, eta ez dute ezer egin narkotrafikoko mafiaburuei atzeman beharreko lurrekin. Kolonbian mundu osoko lur kontzentraziorik handiena dugu, edo handienetan bigarrena. Hori gertatzen da lurralde horietan kasta politiko batzuk daudelako, eta jabetu direlako ez bakarrik eskualdeko kontrol instituzionalaz eta botere politikoaz, baizik eta, gainera, bat egin dutelako finantza ilegaletan etekina ateratzen duten hainbat mafiarekin, hala nola narkotrafikoan, kontrabandoan, legez kanpoko meatzaritzan eta finantza publikoen lapurretan. Gainera, horri guztiari eusteko, badira legez kanpoko hainbat talde armatu, interes mafioso horien zerbitzura.

Eta horrek akordioaren laugarren puntura garamatza: talde paramilitar horiek deuseztatzera. Akordioa bera bide bat da Kolonbian egiturazko eraldaketak gauzatzeko, eta hori da lortu ezin izan dena. Horregatik tematzen dira batzuk masakreen eta hilketen arazoa narkotrafikoari bakarrik egozten, jakin gabe laugarren puntuak Kolonbiako Estatuaren droga politika aldatzeaz hitz egiten duela. «Drogen aurkako gerra» gaizki izendatu hori aplikatzen eta aplikatzen dute, nahiz eta berrogei urtetik gora diren horrek ez duela emaitza onargarririk ematen.

Landa Erreforma Integralari buruz, esaten da ez dagoela aurrekonturik erreforma hori aurrera eramateko.

Gobernua aurrera egiten ari da xede anitzeko katastroarekin, baina desbideratzen ari da berezko helburu nagusia: zehaztea zenbat lur dauden nekazaritza muga delakoan; hau da, ea nola, non eta noren esku dauden lur horiek. Hala eginez gero, politika publiko bat sortu ahalko litzateke lurra metatu dutenak lurrari uko egitera behartzeko, laborariei eman diezaieten, eta elementu zentral hori txerta dadin garapen nazionalean; izan ere, Kolonbia bezalako herrialde batean, ikusita nolako geografia eta klima dituen, horrek aukera emango luke elikagaiak denbora guztian ekoizteko. Hemen, metatzeko eta errenta ekoizteko faktore bat izan zen lurra lehenik, eta, bigarrenik, botere publikoaren faktore bat. Arazo horrekin arrastaka daramatzagu berrehun urte baino gehiago.

Ulertzen dudanez, antzeko zerbait gertatzen da kokaren ordezkapenarekin.

Orain arte, 90.000 nekazari familia baino gehiago konprometitu dira ordezkapen boluntarioko programarekin. Programa horrek droga politika aldatzea du oinarri, ulertuta trataera berezitua eman behar zaiola narkotrafikoaren negozioaren katebegi bakoitzari.

Nekazariak dira katebegirik ahulena; izan ere, lurraren metatzea eta landa eremuaren egiturazko abandonua direla eta, ez dute estatuaren babesik ordezko horiek ekoizteko. Familia horiek beharrezkoa dute estatuak laborantza alternatiboak bermatzea, baina baita bizpahiru urterako subsidio bat ematea ere. Horrekin batera, estatuak azpiegitura soziala eraiki behar du: errepideak, zubiak, ospitaleak eta eskolak, nola edo hala ezabatzeko bi Kolonbiak bereizten dituen arrakala izugarri hori. Baina estatuak ez du bete halakorik, eta, ondorioz, mafiek bermatua dute eremu horien gaineko aginpidea aurrerantzean ere, eta sistematikoki erail dituzte komunitateetako buruzagiak eta lider sozialak, mafiek beren interesen kontrako mehatxutzat jotzen baitituzte elkarteak. Jadanik mila lider sozial eta 225 gerrillari erail dituzte 2016an bake akordioa sinatuz geroztik.

Zertan dira gatazkaren biktimak eta erreparazio prozesuak?

Horretan ere oldarraldi latza egin digu gobernuak; izan ere, behin eta berriz ekiten dio egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea oinarri dituen sistema integralaren bizkarrezurra porrokatzeko proiektu sorta bati. Apurka, sistema horrek zeinaren arabera gatazkan parte hartu dugun alde guztiek mintzatu beharko genukeen ia sektore guztiak utzi zituen akordioaren garapen normatibotik kanpo.

Oraintxe bertan, eztabaida politikoaren erdian dago indar paramilitarretako komandante ohi batzuek erakutsi duten konpromisoa: gerran, estatuaren kontra jardun ziren, eta sisteman sar ditzatela eskatzen ari dira orain, beren egia eman ahal izateko. Baina Kolonbiako elitea, jakinda prozesu horretan argitara aterako dela zer konpromiso izan zituen gerran sarraskiak egin, giza eskubideak urratu eta lurrak ostu zituen gerra batean, eginahaletan ari da aurrera egin ez dadin. Horrek guztiak ez die utzi biktimei egiara iristen.

Ideia jakin bat finkatu nahi dute nazio iruditerian: Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea, insurgentzia, ez dela bere konpromisoak betetzen ari, nahiz eta guk etengabe hartu dugun erantzukizuna.

Guk eskatzen dugu egiaren ideia ez dadila insurgentziara mugatu, baizik eta parte hartu zuten eragile guztiak har daitezela aintzat prozesua ahalik eta osatuena izan dadin.

Akordioak ezarritako funtsezko aldaketetako bat izan zen FARC desmobilizatu egin zela, alderdi politiko bilakatu eta zortzi urtez bost eserleku bermatu zizkiotela ganbera bakoitzean. Zer emaitza izan du horrek?

Guretzat, prozesu hau oso zaila izan da, zeren gerrilla bat zenaestatuarekin gatazkan egona 50 urtetik gora alderdi politiko bilakatzeak berekin baitzekarren biktimen eta nazio adiskidetzearen kapitulua ixtea. Eskuin muturreko sektore batzuek gu estigmatizatzeko kanpaina gogor bat egin dute, oihartzuna baitaukate komunikabide handietan, gure herria beti gobernatu duten sektoreen jabetzakoak direnez gero. Horrek giro etsaia eta konplexua ekarri du, eta, lurraldeen estigmatizazioa gaineratuta, ondorioa izan da sistematikoki erail dituztela gure militanteak eta lider ezagunak. Beste alderdiek nahikoa onartu gaituzte kongresuan, baina hauteskunde eremuan hainbat erresistentziarekin egin dugu topo. Halere, uste dugu prozesuaren parte dela hori, eta eutsi egingo diogu eraldaketari.

2019ko abuztuaren 29an,FARCeko gerrillari ohien talde batek, tartean Ivan Marquezek eta Jesus Santrichek bake prozesuan funtsezko rola izan zuten biek, iragarri zuen gerrilla berriz armatzeko prozesua hasia zutela. Zer deritzozu horri?

Hala da; haiek zirt edo zart egin zuten, eta okerreko erabakia hartu zuten, argi eta garbi, ikusita zer adostu genuen azken gerrilla konferentzia nazionalean, bertan berretsi baikenuen aurrerantzean esparru instituzionalaren barruko borroka zela segitu beharreko bidea. Alderdiaren zuzendaritzak jarrera horri eutsi dio, baita akordioa sinatu genuen gehienok ere. Beren burua FARC-EP izan zenaren ondorengotzat aldarrikatu dutenek are konplexuago egin dute lurraldeen egoera biolentoa.

Guk uste dugu oraintxe bertan Kolonbiako gizartean ezinezkoa dela halako proiektu batek laguntzarik eman ahal izatea herrialdearen egiturazko arazoak konpontzeko. Hortaz, akats larritzat jotzen dugu, bakearen etsaiei argudioak emateko bakarrik balio izan baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.