Koronabirusa

Maratoi baten kronika

Koronabirusaren osteko lehen urtea: 84 milioi lagun kutsatu ditu COVID-19ak, eta 1,8 milioi baino gehiago hil. «Ezohiko pneumonia» baten gisa hasi zenak ezohiko bilakaera izan du, salbuespen neurriak eta salbuespenez betetako bizimoduak ezarri ditu. Hau da bizitza hankaz gora jarri duen pandemiaren urtebeteko kontakizuna, hamabi geldialditan

Txagorritxu, martxoa. RAUL BOGAJO / FOKU.
mikel p ansa
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
2019ko abenduaren 31
Birus berri bat izakientzat

Wuhango ospitaleetan dozena pare bat gaixo agertu ziren, ezohikoak. Medikuek ez zekiten zer zen: kalentura eta pneumoniaren gisako sintomak zituzten, baina antibiotikoek ez zuten funtzionatzen haiekin; SARS birusaren agerraldia etorri zitzaion mediku askori burura, eta badaezpada gaixoak bakartzen eta maskarak erabiltzen hasi ziren. Abenduaren 30ean Wuhango Osasun Batzordeak ohar bat zabaldu zuen osasun arloko langileen artean, gaitz hori tratatzeko irizpideak emanez. Abenduaren 31n, pneumonia agerraldi baten berri eman zuen. Ez zuten jatorria ezagutzen; gaixoek elkarrekin zuten erlazio bakarra, antza, janari merkatu bat zen. Urtarrilaren 1ean itxita eta desinfektatuta zegoen merkatua. Nazioartean apenas izan zuen oihartzunik berriak, lehen egun haietan. Informazio gehiago eskatu zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak, eta Txinako Gobernuak ere adituak bidali zituen Wuhanera. Izakientzat berria zen birus baten sorrera zen. Inor gutxik susmatzen zuen zer-nolako ondorioak ekarriko zituen. Atzeman zutenerako, zabaltzen hasia zegoen, izan ere; oraindik ere ez dakite seguru noiztik. Wuhango lehen gaixoa abenduaren 1ean kutsatu zela uste da. Lehen gaixo ofiziala abenduaren 12an ospitaleratu zuten. Uste dute gaitza azaro erdian hasi zela zabaltzen. Urtarrilaren 11n hil zen koronabirus berriaren lehen biktima: 61 urteko Wuhango gizon bat.

2020ko urtarrilaren 20a
Pertsonen artean ere kutsatzeko arriskua

Koronabirus berria pertsonen artean ere kutsa zitekeela ondorioztatu zuten Txinako aditu zenbaitek urtarrilaren 20rako. Ikusi zuten Wuhango janari merkatuarekin inolako harremanik ez zuen jendea ere kutsatu zela. Albiste beltza zen: pertsonen arteko kutsatzea posible baldin bazen, gaitzaren zabalpena kontrolatzea askoz zailagoa izango zen. Hamar egun geroago, urtarrilaren 30ean, ohartu ziren sintomarik ez zutenek ere kutsa ziezaioketela birusa beste batzuei. Eta horrek are gehiago zailtzen zuen birusa jarraitu eta kontrolatzea.

Ordurako, Txinatik kanpo ere agertuak ziren kasu batzuk: Thailandian —urtarrilaren 13an; Txinatik kanpoko lehen kasua izan zen—, Japonian, Hego Korean. AEBetako lehen kasu ezaguna otsailaren 21ean agertu zen. Txinatik eramandako kasuak ziren. Txinan bertan, hiru ziren hildakoak garai hartan. Kasu ezagunak gutxi ziren oraindik, baina horren denbora gutxian munduko bost herrialdetan agertzeak ez zuen seinale ona ematen.

Beste aldean, albiste on bat: Shanghaiko zientzialari talde batek birusaren genoma sekuentziatu eta partekatu zuen urtarrilaren 10ean. Ikerketa zientifikorentzat eta elkarlanarentzat bultzada garrantzitsua izan zen. Urtarrilaren 12an, genoma partekatu eta bi egun geroago, herrialde ugaritako laborategiak hasi ziren birusa detektatzeko PCR testak doitzen. Izan ere, garai hartan oraindik ez zegoen tresnarik birus berri hori detektatzeko gorputzean.

2020ko otsailaren 11
Birusaren bataioa

OMEk izen ofiziala jarri zion gaitz berriari otsailaren 11n: COVID-19 —2019ko koronabirus gaitza esan nahi du—. Berau sortzen duen birusari, berriz, SARS-CoV-2 izena eman zion —ingelesez, arnas sindrome akutu larrien sigla da SARS; koronabirusak eragina dela adierazten du CoV horrek, eta 2 zenbakia eman zioten, 2003ko SARS-CoV agerralditik bereizteko—. Ordura arte, hedabide askotan eta agintari zenbaiten ahotan Txinako pneumonia deitzen zioten. Txinako Gobernuak ahaleginak egin zituen izen hori desagerrarazteko. Gaitza Txinan sortu zela gezurtatzeko ere ahaleginak egin zituen. Gaitzaren lehen egunetako kudeaketari eta emandako informazioari buruz kritika asko jaso ditu Txinako Gobernuak. Zalantzak badira, ordea: Frantzian egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen abenduaren 27an bazela COVID-19a zuen gaixo bat herrialde horretan. Edonola ere, Europan atzemandako lehen kasu ofizialak urtarrilaren 24ko data du; Bordelen atzeman zuten, Frantzian. Alemanian, urtarrilaren 28an agertu zen lehen kasua.

Gaitza herrialde gehiagotara zabaldu ahala, larritasuna handituz joan zen nazioarteko eragileen artean. OMEk misio bat bidali zuen Wuhanera urtarrilaren 20an. Hamar egun geroago, bi bilera luzeren ondoren, OMEk adostu zuen Nazioarteko Eragina daukan Osasun Publikoko Larrialdi gisa izendatzea egoera: «Herrialde guztiek prestatu behar dute eusteko, behaketa aktiboa egiteko, garaiz detektatzeko, gaixoak bakartzeko, kontaktuak atzemateko eta informazioa OMErekin partekatzeko».

Ordurako, Txinako Gobernua arazoa serioago hartzen hasia zen: urtarrilaren 23an itxi egin zuten Wuhan, eta milioika pertsonari testak egiten hasi zen. Hurrengo asteetan neurriak gogortuz joan ziren, harik eta otsailaren 16an Wuhan erabat konfinatu zuten arte.

2020ko otsailaren 29a
Lehendabiziko bi kasuak Euskal Herrian

Otsailaren 29an iritsi zen koronabirus berria Euskal Herrira. Araban atzeman zuten kasu bat, eta Gipuzkoan bestea. Txagorritxuko ospitalean pilatu ziren kasu asko, justu gaitz horrentzat erreferentziazko zentroa izan behar zuen lekuan. Langileek kexuak eta protestak egin zituzten: babesteko materiala falta zutela salatu zuten. Ordurako, Txinan bazituzten 79.000 kutsatu eta 2.800 hildako inguru. Espainian 56 kasu ezagutzen ziren, eta Frantzian, 73. Europan, ordea, Italia zen okerren zegoen herrialdea garai hartan: bazituzten 29 hildako eta 1.128 kutsatu atzemanak. Azkar zabaldu zen gaitza herrialde guztietan; martxo bukaeran, ia 9.000 kutsatu atzemanak zituzten Euskal Herrian. Munduan, berriz, Iranen sortu zen foku nagusietako bat otsailean.

Gerora egindako ikerketek erakutsi dute otsailaren 11rako, gutxienez, birusa Euskal Herrian zegoela. Lehendabiziko bi kasuak atzeman zituztenerako, milaka pertsona zeuden kutsatuta koronabirus berriarekin. Munduko herrialde guztietan gertatu bezala, osasun zerbitzuak eta administrazioak, Asiako zenbait herrialdetakoak salbu, ez zeuden prestatuta halako osasun krisi baterako. Ez zegoen osasun arloko langileak babesteko materialik, testak egiteko baliabiderik ere ez, tratamendurik are gutxiago, eta protokoloak oso ahulak ziren oraindik.

Martxoaren 4an hil zen Euskal Herriko aurreneko gaixoa, 82 urteko Bizkaiko gizonezko bat. Aste pare bat geroago, martxoaren 19an, Galdakaoko ospitaleko 52 urteko erizain bat hil zen COVID-19aren ondorioz.

2020ko martxoaren 11
Mundu bat konfinatuta

OMEk koska bat estutu zuen larritasuna martxoaren 11n: pandemia izendatu zuen egoera, eta alarma handitu zuen. Munduko herrialde askotan konfinamendua ezarri aurreko izendapena izan zen hori. Martxoaren 9an, Europan osasun arazo batengatik aurreneko aldiz, Italiako Gobernuak aginduta itxialdia hasi zuten. Hamar egun geroago, Txinako heriotza kopuru ofiziala gainditua zuen Italiak: 3.400 hildako. Atzetik jarraitu zioten Espainiako Gobernuak, martxoaren 15eko gauerdian —eta harekin Hego Euskal Herriak— eta Frantziako Gobernuak, martxoaren 16tik aurrera —eta harekin Ipar Euskal Herriak—. Paradoxa: martxoaren 15ean udal bozetako lehen itzulia egin eta ia segidan agindu zuen itxialdia gobernuak; ekainera atzeratu zuten bigarren itzulia. Europa guztiak jarraitu zuen atzetik, baita Erresuma Batuak ere: Boris Johnson lehen ministroak martxo hasieran konfinamenduaren estrategia baztertu zuen arren.

Sekula ez da hainbeste jende etxean konfinatuta egon, aldi berean. Ezagutzen ez zen birus batengatik, nola jokatu behar zuten oso argi jakin gabe, hilabete lehenago pentsaezinak ziren salbuespen neurriak eguneroko bihurtu zitzaizkien mundu ia guztiko milioika herritarri. Italiako ospitaleetako langileek zabaldutako irudi eta testigantzek etor zitekeenaren gaineko izua sortu zuten. Ziurtasun falta eta ezohiko egoera horrek batu zituen herritarrak: elkartasun sareak sortu ziren, maker-ak antolatu ziren, enpresa txiki askok borondatea eta materiala jarri zuten, txaloka elkartu ziren herritarrak iluntzeetan.

Martxoaren 19an, aurreneko egunez, Wuhanen ez zen kasu berririk agertu. Txina hazkundearen kurbari eusten ari zitzaion seinaleak ematen hasi zen. Baina, bitartean, mundu osora zabaltzen ari zen gaitza, eta apirilaren 2rako 171 herrialdetan zegoen; alegia, irla eta estatu txiki batzuk kenduta, guztietan. Eta AEBak jarri ziren buruan: beste inon baino kasu gehiago zeuzkaten martxo bukaeran. Apirilaren 18an, bere agintaldi luzean aurreneko aldiz, telebista bidezko agerraldi bat egin zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak: «Munduak Bigarren Mundu gerraz geroztik izan duen erronkarik handiena da. Serioa da; har ezazue serio».

2020ko apirilaren 14a
Kurba jaisten

Bi asterako izan behar zuen konfinamendua hamabost egunetik hamabost egunera luzatuz joan ziren Euskal Herrian. Antzera Europako beste herrialde gehienetan ere. Apiril erdialdean hasi zen heriotzen kurba egonkortzen, eta Austria izan zen, apirilaren 14an, konfinamendua arintzen hasi zen Europako lehen herrialdea. Egoerak oso diferenteak ziren kontinenteko eremu bakoitzean, hala ere. Herrialdeetan bertan ere bai: Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan, adibidez, apenas sentitu zuten lehen olatuaren kolpea; Araban eta Nafarroan nabaritu zuten batez ere heriotzen ugaritzea. Erresuma Batuan, berriz, Boris Johnson lehen ministroa zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten apirilaren 6an, COVID-19ak kutsaturik. Martxoan, talde immunitatea lortzeko helburua mahai gainean jarri zuen Johnsonek, konfinamenduaren estrategiari kontra eginez. 500.000 heriotza gerta zitezkeela ohartarazi ziotenean aldatu zuen.

Txina, berriz, gaitza kontrolatzeko bidea hartzen ari zen: apirilaren 26an jakinarazi zuen dagoeneko ez zuela COVID-19a zeukan gaixorik Wuhango ospitaleetan. Egun gutxiren buruan mila oherekin eraiki eta mundua harritu zuen ospitale berria husten hasia zen. Ordurako, baina, milioi bat pertsona kutsatuak baziren munduan. Gaitza detektatzeko bitartekoak falta zituzten gobernu gehienek, eta askoz gehiago ziren egiaz kutsatuak, halere.

Pandemiak ekonomiak eragin zezakeen krisialdi bortitzaren kontzientzia hartzen ere hasi ziren. Martxoan, burtsek 2008koen adinako eroriak izan zituzten. Eta apirilean, barne produktu gordinari buruzko urteko lehen datuak ezagutu zirenean, kezkak gorputza hartu zuen: atzeraldian sartu ziren ekonomia asko.

2020ko maiatzaren 27a
Europako 'Marshall plana'

Europako Batzordeak Next Generation EU plana aurkeztu zuen maiatzaren 27an, kontinentea astintzen ari zen krisi ekonomikoari buru egiteko. Bigarren Mundu Gerraren ostean AEBek Europan zabaldu zuten Marshall Plana-ren gisako bat da, maileguetan eta kredituetan oinarrituko dena. Uztailaren 21ean onetsi zuten Europako Batasuneko kideek. Azaroaren 9an Europako Parlamentuak baiezkoa eman zion proiektuari: 1,8 bilioi euro izango dira, proiektu «ekologikoak, digitalak eta erresilientzia» sustatuko dutenak. Europako gobernuak, Euskal Herrikoak barne, urte bukaerarako ari ziren zehazten funts horietara aurkeztuko dituzten planak.

2020ko ekainaren 15a
Mugak irekitzeneta arnasa hartzen

Europak ekainaren 15ean ireki zituen barne mugak atzera; hiru hilabetez eduki zituzten itxita. XXI. mendean Mendebaldeko herritarrak sekula ez dira garai horretan baino gutxiago mugitu, eta sekula ez dute horren karbono dioxido gutxi isuri atmosferara. Koronabirusak kutsatutakoen datuek onera egin zuten Europa guztian ekainean, baita Euskal Herrian ere: ospitaleek hustera egin zuten gutxinaka, baita ZIUek ere, kasu positibo berri oso gutxi agertzen ari ziren, eta zahar etxeetan heriotzak gutxitu ziren —horietan gertatu dira heriotzen %40 inguru Euskal Herrian, eta antzera Europan—. Kasu berriak eta haien kontaktuak atzeman eta bakartzeko sistema eraginkorragoak ezartzen saiatu ziren gobernuak uda atarian eta konfinamendua arintzeko estrategiaren barruan, eta arnasa hartu zuten herritarrek: maiatzetik aurrera, pixkanaka, bukatu ziren konfinamenduak, eta ekain bukaeran normaltasun berria ezarri zuten gobernuek, arau sozial berriekin: distantzia fisikoa eta higienea. Euskal Herrian, ia ehun egun iraun zuen itxialdiak.

Zeelanda Berriak ekainaren 9an iragarri zuen gaitza kontrolpean zeukala. Indiak, Errusiak eta Iranek ere ekain erdialdera bukatu zituzten konfinamenduak.

Apiril hasieratik, birusa aerosolen bidez zabaldu eta kutsa zitekeela pentsatzen hasiak ziren adituak, eta ECDC Gaitzak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Europako Zentroak aholkatu ere egin zuen jendearekin egotean maskarak erabiltzeko. Baina ez zegoen maskararik. Mundua ez zegoen prestatua halako egoera baterako. OMEk ez zuen erreakzionatu ekainaren 5era arte: orduan argitaratu zuen maskaren erabilerari buruzko irizpideen aurreneko gida; umeek maskara erabiltzeari buruzko gida ez zuen argitaratu abuztuaren 21 arte. Baina normaltasun berrian maskarak ez ziren derrigorrezkoak Mendebaldeko herri gehienetan. Eta, hala ere, maskarak erabiltzeko gomendioak zabaltzen hasi ziren bezala hasi ziren sortzen kontrako mugimenduak ere. Maiatz erdialderako, Alemanian behintzat antolatzen hasiak ziren talde batzuk maskaren eta salbuespenezko neurrien kontra.

2020ko ekainaren 28a
Zer etorriko ezin asmatu

John Hopkins institutuaren datuen arabera, hamar milioi pertsona kutsatu eta 500.000 inguru hilak zituen COVID-19ak ekainaren 28rako, gaitz berria detektatu eta sei hilabetera. Hong Kongen hirugarren olatuan sartuak zirela adierazi zuten uztailaren 10ean, eta eskolak itxi zituzten.Txinan ere izan zituzten agerraldiak, goiz mozten saiatu zirenak, itxialdiekin eta testak eginez. Jaki lantegi batzuetan ere gertatu ziren, Alemanian adibidez. Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak positibo eman zuen uztailaren 7an. COVID-19ak arnasaldi bat eman zuen, baina ez erabateko atsedena.

Euskal Herrian, ez-festen sasoia zen. Agerraldiak ugaritu ziren ekainean eta uztailean: osasun zentro batzuetan aurrena, ostatuen inguruan eta familia zein lagun bileretan gero. Etxean konfinatuta igarotako denbora luzearen ajeak eta nekeak agertu ziren. Konfinamendua arintzeko neurriak azkarregi ezarri ote ziren ere kezka zabaldu zen. Euskal Herria datu ezohikoak ematen ari zen: positibo berri asko ari ziren agertzen, eta Eusko Jaurlaritzak maskaren erabilera ezarri zuen kalean, distantzia fisikoa gorde ezin zenean. Uztailaren 16an eman zuen agindua, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta lau egun geroago. Ordurako Kataluniak urrats hori egina zuen, eta Frantziako Gobernuak ere uztail erdian agindu zuen maskarak erabiltzeko leku publiko batzuetan. Europako herrialde gehienak joan dira udan aurrera egin ahala maskaren erabilera derrigortzen; Italiak, adibidez, abuztutik aurrera. Garraio publikoan aspaldi behartu zuten maskarak erabiltzera Europako herrialde gehienetan, baina bigarren olatuak indarra hartu zuen arte ez da orokortu.

2020ko uda
Udari neurria hartu ezinik

Uda lasaia ez, baina udaberria baino lasaiagoa izan zen mundu gehienean, agerraldiak eta lekuan lekuko gertakari jakinak aparte. Euskal Herrian kasu positiboak pilatuz joan ziren neurri kezkagarrietan. Abuztuaren 18an, Jaurlaritzak neurriak gogortu zituen, kalean bildu zitezkeen taldeak hamar kidera mugatuta eta ostatuei baldintzak zorroztuta. Bigarren olatua leku askotan baino goizago iritsi zen Euskal Herrira. Uztail erdian hasi ziren positibo kopuruak ugaritzen, eta Nafarroak etenik gabe jarraitu du tasa handitzen; Europako intzidentzia handienetakoa izan zuen aste askotan. Hegoaldeko beste hiru probintzietan irailean hasi zen jaisten gorakada hori: bigarren olatuaren lehen kolpea.

Baina bigarren olatua ez da lehenaren iguala izan, eta hazkunde horrek ez zuen ekarri heriotza kopurua hainbeste igotzea, seguru asko uda hasieran kutsatu zirenen parte handi bat gazteak edota asintomatikoak izan zirelako. Aurki okertu zen egoera, ordea. Irail hasierarako, India kasu gehien zutenen artean bigarren herrialdea zen, AEBen atzetik; Brasil hirugarren lekua zegoen.

Uztailean, bestalde, zientzialari talde batek ondorioztatu zuen koronabirusaren aurkako antigorputzek, batez beste, hiru hilabetez irauten zutela, eta gero indarra galtzen hasten zirela. Era berean, ikusi zuten asintomatikoek antigorputzik garatu gabe pasatu zezaketela, edo haiek sortutakoak ahulagoak izan zitezkeela besteenak baino.

Urriaren 2an, berriz, Donald Trump AEBetako presidenteak eman zuen positibo testean; ospitalera eraman zuten. Hiru egun geroago, ospitaletik atera zenean, Twitterren idatzi zuen mezua: «Ez kezkatu koronabirusarengatik. Ez iezaiozu utzi zure bizitza dominatzen».

2020ko urriaren 22a
Bigarren olatuko ilunpean

Nafarroako Gobernuak murrizketa berriak jarri zituen indarrean urriaren 22an, Espainiako Vuelta igaro eta ondorenerako: herrialdea itxi zuen eta etxeratze agindua ezarri. Europako intzidentzia okerrenetakoa zuen, eta Europa hartzera zihoan bidearen aurrekarietako bat zen. Euskal Herriko beste probintziek aurki jarraitu zioten atzetik. Europako agintariek, oro har, konfinamendu gogorraren bidea saihestu dute bigarren olatu honetan: itxialdirik agindu gabe birusa eusten saiatzen ari dira herrialde gehienak harrezkero. Belgika, Txekiar Errepublika, Eslovenia, Herbehereak... izan dira bigarren olatura azkarren iritsi direnak, Euskal Herriarekin batera. Datuek egonkortzera eta kasu batzuetan jaistera egin dute, indarrean jarri diren neurri horiekin, baina azken asteetan jaisteari utzi diote, eta, negua hasi besterik ez denez egin eta arnas aparatuko gaitzentzako erosoenak diren hilabeteak izanik, gobernu gehienek neurriei eusten diete. Gogortzen ere ari dira batzuk, batez ere Erresuma Batuak iragarri zuenetik SARS-CoV-2 birusaren mutazio bat detektatu zuela —abenduaren 13an—, errazago kutsatzen dena. Herrialde guztiz gehienetan aurkitu dute mutazio horrekin gaixotutako kasuren bat. Euskal Herrian ere dozena erdi bat kasu badira, Osakidetzaren esanetan. Ingalaterran konfinamendu estua ezarri zuten abenduaren 20an, birusaren aldaera horren zabalpena kontrolatu nahian. Tartean, abenduaren 17an, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eman zuen positibo, eta berrogeialdian jarri ziren Europako hainbat agintari, harekin harremanetan egonak zirelako.

Edozein moduz, ez da birusaren lehen mutazioa; normala da aldatzea, etengabe aldatzeko joera baitute birus batzuek. Irailaren 23an, Houstongo (AEB) ospitale batean egindako ikerketa batean ikusi zuten bigarren olatuan kasu gehiago eragiten ari zela birusaren mutazio bat. Aldaera hori ere errazago zabaltzen zela ondorioztatu zuten.

2020ko abenduaren 27a
Txertoen txanda

Laborategi pribatuen arteko lasterketa bortitza izan da COVID-19a zabaltzen hasi eta ia aurreneko egunetik. Eta lasterketa horrek pandemiaren bi aurpegiak erakutsi ditu: denbora gutxian lorpen zientifiko handiak eskuratzeko gaitasuna, eta, aldi berean, edozein preziotan ahalik eta etekin handiena ateratzeko nahia. Mendebaldean, Pfizerren txertoari oniritzia eman zion Erresuma Batuak abenduaren 2an. Margaret Keenan eta William Shakespeare izan ziren txertoa jarri zuten lehenak, Coventryn (Ingalaterra), abenduaren 8an. Euskal Herrian, abenduaren 27an jarri zituzten aurreneko txertoak, Pfizerrenak. Zahar etxeetako egoiliarrei hasi dira jartzen, eta arlo soziosanitarioan eta osasun arloan aritzen diren langileei jarriko dizkiete hurrena. Europa ia guztian hasi ziren egun berean txertoak ematen. Aurki merkaturatuko dituzte beste laborategi batzuen txertoak ere, Moderna enpresarena esaterako. Mexikon, abenduaren 23an jarri zuten aurreneko txertoa; Latinoamerikako lehena izan zen. Errusiak abenduaren 5ean ekin zion, eta aste honetan jakinarazi du 800.000 dosi jarriak dituela dagoeneko. Txinak, abendu erdirako, milioi bat txerto inguru emanak zituen; doan edo oso merke banatzeko moduko beste hainbat txerto garatzen ari da, bestalde.

Gehienek espero baino bizkorrago iritsi dira txertoak. Talde immunitatea lortzeko zenbateko eraginkortasuna duten ikusi beharko da orain. Mutazioei aurre egiteko gai ote diren ere bai. Edozein moduz, datorren udazkena baino lehenago ez da itzuliko normaltasun zaharra, eta salbuespenezko neurriek bolada batean iraungo dute. Koronabirusaren osteko aroak zer bilakaera izango duen ikusteko, beste urte bat gutxienez itxaron beharko da; maratoi baten itxura gehiago baitu pandemiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.