Frantziako Asanblearako bozak. Korsika

Korsikan bananduta, Parisen elkartuta

Nazionalistak zatituta daude uhartean, baina Frantziako Asanblean hiru diputatu autonomistek ez dute zailtasunik izan elkarlanerako. Egoera berezi batean saiatuko dira 2017ko arrakasta berriz lortzen

Acquaviva —erdian—, Colombani —ezkerrean— eta Castellani —Colombaniren atzean—, iragan martxoan. BERRIA.
ander perez zala
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Korsikako mugimendu nazionalista zatituta dago iragan agintalditik, baina hori ez da erabat islatu Frantziako Asanblean, Mediterraneoko uharteko hiru diputatu autonomisten artean. Horietako bi, Jean-Felix Acquaviva eta Michel Castellani, Femu a Corsica alderdikoak dira —Gilles Simeoni buru duena—, eta hirugarrena, Paul-Andre Colombani, PNC Korsikako Nazioaren Alderdikoa. Urte luzez elkarrekin aurkeztu dira bi indar horiek, baita 2017ko Frantziako behe ganberarako bozetan ere, eta horrek bide eman zuen hiruren arteko koordinazioa erabatekoa izateko. Bost urteotan nazionalistak banandu izanak, baina, ez du eragin handirik izan ordezkari horiengan, erakutsi baitute elkarrekin lan egiteko gai direla egoera desberdina izanda ere. Hala jarraitzeko asmoa dute datorren agintaldian, faborito baitira nor bere hautesbarrutian.

2017ko garaipenak olatu nazionalista bete-betean lortu bazituzten, aurtengo bozak egoera ezin bereziagoan egingo dituzte Korsikan, eta, besteak beste, Simeoniren estrategiaren arrakastarentzako proba bat izango dira. Finean, Yvan Colonnaren hilketaren afera amaitu ez den honetan, eta Aiacciuren eta Parisen arteko negoziazioak hastear diren honetan —hilaren amaieran, oraindik data finkorik gabe— saiatuko dira autonomistak eta independentistak lau eserlekuak eskuratzen.

Korsika lau barruti elektoraletan dago zatituta Frantziako Asanblearako bozetan: bi Korsika Garaian, eta beste biak Hego Korsikan. Castellani Korsika Garaiko 1. hautesbarrutian lehiatuko da, baina, printzipioz, ez du arazorik izango diputatu kargua berriz eskuratzeko. Auzia zera izango da: lehen itzulian ala bigarrenean irabaziko duen —2017an bigarrenenean irabazi zuen, botoen %60,81 bilduta—.

Femu a Corsicaren gotorlekuetako bat da hautesbarruti hori hartzen duen Korsika ipar-ekialdea —Bastia eta haren inguruko herriak, esaterako—, eta baliteke garaipena gaur ez lortzea haren kontra, besteak beste, Corsica Libera independentistako Petru Antone Tomasi aurkeztuko delako. Baina, oro har, ez da sorpresarik espero.

Korsika Garaiko 2. hautesbarrutian ere islatu da nazionalisten arteko zatiketa. Acquaviva da aurtengo faboritoa —botoen %63,05 jasota irabazi zuen duela bost urte, bigarren itzulian—, eta, hasieran lehiak estuagoa zirudien arren, kanpainak agerian utzi du Femu a Corsicako diputatuak dena duela aldeko irabazteko, nahiz eta Lionel Mortini independentista izango duen aurrean; Corsica Liberakoa da, baina etiketa hori gabe aurkeztu da.

Acquaviva haren alderdiko idazkari nagusi izandakoa da, esperientzia handikoa uharteko politikan, eta oso ezaguna mugimendu nazionalistako sektore autonomistan; hori, ezinbestean, abantaila izango da harentzat, baita Colonnaren hilketari buruzko Frantziako Asanbleako batzordean lanean aritu izana ere. Printzipioz, hautagai autonomistak aukera handiak ditu gaur bertan lortzeko berriz ere diputatu kargua.

Colombani, bakarrik

2017ko hirugarren diputatu nazionalista Colombani da, Hego Korsikako 2. hautesbarrutian aukeratu zutena, bigarren itzulian babesen %55,22 bilduta. Hura ere autonomista da, baina PNC alderdikoa, eta haren hautagaitzak badu berezitasun bat: mugimendu osoaren sostengua duen bakarra da.

Hiru diputatuen artean babes txikiena bildu zuen arren, aurten ez da sorpresarik espero haren kasuan ere, are gehiago kontuan harturik autonomisten eta independentisten babesa duela. Duela bost urte Camille de Rocca Serra historikoa irabazi zuen —barruti hori eskuin jakobinoaren gotorleku bat izan zen—, eta mugimendu nazionalistan jakitun daude garaipen zail hori mantendu beharra dagoela.

Halere, badirudi Colombanik ez duela zailtasun handirik izango diputatu kargua berriz ere lortzeko; hori bai, 2017an bezala, badirudi aurten ere bigarren itzulian lehiatu beharko dela.

Horiek horrela, Korsikako azken hautesbarrutian, Hego Korsikako lehenean izango da zirrararik handiena. Duela bost urteko garailea, Jean-Jacques Ferrara errepublikanoa, ez da berriz aurkeztuko, eta lehia irekia aurreikusi dute, lau hautagairen artekoa.

Laurent Marcangeli Aiacciuko auzapeza —jada diputatu izandakoa— da faboritoa lehen itzulian eta bigarrenean irabazteko, baina zailtasunak izango ditu hori lortzeko, babes falta izan lezakeelako datorren igandean.

Haren aurrean bi hautagai nazionalista egongo dira: Jean-Paul Carrolaggi —Corsica Liberaren eta PNCren babesa du—, eta Femu a Corsicaren Romain Colonna. Horientzat, helburua izango da bigarren itzulira pasatzeko behar adina boto lortzea, eta bi itzulien artean mugimendu nazionalistaren batasuna negoziatzea hautesbarruti horretan ere irabazteko.

Ezustekorik handiena, berriz, eskuin muturraren hautagai Nathaly Antona litzateke, zeinak Marine Le Penen presidentetzarako bozetako babesa balia dezakeen diputatu kargua lortzen saiatzeko. Izan ere, Le Penek emaitza onak lortu zituen Aiacciun eta hiri horren inguruan, eta Antonak uste du horrek mesede egingo diola.

Arreta handiena, hortaz, Hego Korsikako 1. hautesbarrutian egongo da jarria, mugimendu nazionalistari falta zaion azkena baita, eta lehia oso estua izango delako. Printzipioz, badirudi 2017ko hiru autonomistek berriz irabaztea lortuko dutela, eta, azken bost urteetan bezala, elkarlanean jarraituko dutela. Hori iradoki du behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.