Koronabirusa

Positiboen kopuruak 800 kasuren langa gainditu du Hego Euskal Herrian

Beste 809 positibo atzeman dituzte osteguneko testetan. 43 pertsona erietxeratu dituzte birusagatik; guztira 403 dira Hegoaldeko zentroetan

Erizain bat, ostegunean Lazkaon egindako baheketan. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gero eta bistakoagoa da: kutsatuen kurba gora eta gora ari da berriz ere Hegoaldean. Are gehiago, haren malda nabarmen ari da malkartzen azken egunotan. Osakidetzak eta Osasunbideak azken sei asteetako koronabirus kasu gehien atzeman zuten ostegunean egindako testetan: 809. Zehazki, otsailaren 10etik aitzina Hego Euskal Herrian erregistratu den positibo kopururik handiena da atzo osasun agintariek jakinarazitakoa. 12.446 test egin ziren, eta horien %6,5ek eman zuten positibo.

Bestalde, gaitzarekin loturiko beste heriotza baten berri eman zuen Nafarroako Gobernuak. Birusarekin eri zen gizonezko bat zendu zen herenegun herrialdean; 87 urte zituen.

Kutsatuei dagokienez, lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zen positibo gehien herenegun: 293. Nafarroa izan zuen atzetik; izan ere, 205 kasu zenbatu zituzten. Gipuzkoan 199 kasu izan ziren, eta Araban, 104.

Hala, kasu gehien izan zuen herrialdea ez bada ere, aipatzekoa da pandemiaren bilakaerak Nafarroan hartutako bidea. Martxoaren lehen bi asteetan zenbatutako kasu kopurua egunero izan zen ehundik beherakoa lurraldean. Ordea, datuek nabarmen egin dute okerrera hilaren 15etik, herenegungo probetan 200 kasuren langa gainditzeraino. Gainera, bereziki kezkatzekoa da positiboen portzentajea: %8,5. Aldiz, Osakidetzak ostegunean egindako testen %6k eman zuten positibo. Aldea nabarmena da, baina ehunekoa bi kasuetan izan da OME Osasunaren Mundu Erakundeak gehienezko mugatzat ezarritakoa baino handiagoa (%5).

200dik gorako intzidentzia

Kutsatzeen goraldiaren ondorioz, intzidentzia tasa metatuak etenik gabe puzten ari dira Hegoaldeko herrialde guztietan. Atzotik, tasak lau lurraldeetan dira 200dik gorakoak, eta, are, 300 baino handiagoa da Araban: azken hamalau egunetan, 100.000 biztanleko 325 laguni atzeman diete birusa. Bizkaian 245 da tasa; Gipuzkoan, 230, eta Nafarroan, 213.

Bestalde, ospitaleetako presioa handia da oraindik ere. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako informazioaren arabera, oraintxe bertan 403 lagun daude guztira Hegoaldeko erietxeetan ospitaleraturik. Paziente horietatik 296 zentroetako gela arruntetan daude, eta osasun agintariek zehaztu dute 107 direla ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; hau da, aurreko egunean baino bost lagun gehiago dira.

Azken datuen arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak 43 pertsona ospitaleratu zituzten herenegun COVID-19agatik. Hain zuzen ere, hori da azken hamalau egunetako batezbestekoa Hego Euskal Herrian.Ostegunean izandako 43 ospitaleratzeetatik 6 Nafarroakoak izan ziren, eta, aldiz, 37 pertsona eraman zituzten erietxera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bezperan aski handiagoa izan zen kopurua: Osakidetzak 47 lagun erietxeratu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.