Kolonbia. Indarkeria

Odolez bustitako herrialdea

FARCek eta Kolonbiako Gobernuak akordio bat sinatu zuten 2016an, eta horrek baretu zuen herrialdeko indarkeria orokortua, baina ez zuen deuseztatzea lortu. Are, azkenaldian areagotu egin dira erasoak. Ekintzaileak kezkatuta agertu dira.

Gobernuaren kontrako protesta bat, urtarrilean, politiken eta indarkeriaren aurka. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Edozein egunetan, edozein ordutan: Pum!. Tiro hotsa. Indarkeria. Bortizkeria. Erasoak. Sarraskiak. Krudeltasuna. Tragedia. Ez dirudi bake akordio baten ondorengo kontzeptuak direnik, baina eguneroko errealitate baten parte dira Kolonbian. 2016an izenpetu zuten bake akordioa FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak —alderdi politiko bat da, egun, FARC—, Herriaren Armada gerrillak eta Kolonbiako Estatuak. Bost hamarkada baino gehiago iraun zuen gerra amaitzeko balio izan zuen itunak, eta lorpen handi bat erdietsi. Haatik, hitzarmenak biolentziaz girotutako paisaia odoltsua arintzea ekarri bazuen ere, ez zuen lortu herrialdeko indarkeria amaitzea, ezta gutxiagorik ere. Prozesu korapilatsua izan da hasieratik, eta, ordutik, makina bat hilketa egin dituzte, gehienak buruzagi sozialen eta giza eskubideen defendatzaileen aurkakoak. Ikara ere eragiten dute erregistratutako kopuruek: 2016tik, mila ekintzaile sozial baino gehiago hil dituzte Kolonbian; gutxienez 215, dagoeneko, aurten.

Horren aurrean, egungo egoeraz hausnartu eta analisi kritikoa egin du Leonardo Gonzalez Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketa Zentroko kideak. «Egoera oso larria da. Batzuek krisi humanitario bezala kategorizatu dute. Krisialdi handi batean dago bake prozesua, eta horrek gatazkak areagotzen ditu». Eremu desberdinetan estatuaren «presentzia integrala» falta dela salatu du, eta azaldu hutsune horrek talde armatu ezberdinen agertzea eragiten duela, askotariko interesek bultzatuta.

Indepazeko kideak kezkaz neurtu du herrialdean bizi duten oldarraldia, eta azpimarratu duhorri gobernu «ahul bat» gehitu behar zaiola, indar militar handia duena. «Badirudi diktadura zibil moduko batean gaudela. Botere guztiak gobernuan zentratzen dira, eta horrek egitatezko diktadura sortzen du». Ezin ahaztu, gainera, azkenaldian zeresana eman duen Poliziaren indarkeria. Agenteek Javier Ordoñez abokatua hil izanak sua eragin du herrialdean, eta protesta ugari egiten ari dira instituzio horren gehiegikerien kontra. «Poliziaren indar gaineztua dago».

Testuinguru gaiztotu horretan iritsi zen pandemia Kolonbiara. Hasieran COVID-19aren aurkako neurri murriztaileek indarkeria apaldu zezaketela uste bazuten ere, guztiz bestelakoa izan da efektua. Izan ere, talde armatuek euren boterea erakusteko eta baliatzeko aukera gisa erabili dute momentua, kontrol soziala eskuratzeko asmotan. «Pandemiak buruzagi sozialen aurkako eraso kopurua igo du. Talde armatu ilegalak eremu horietan jarraitzen dute, larrigarri batekin: buruzagi sozialak etxean daude, babesik gabe, eta, beraz, errazagoa da haien aurka jotzea. Bestetik, talde armatu ilegalek lortu nahi duten kontrol sozialari dagokionez, formuletako bat legeak eta arauak ezartzea da. Pandemiaren erdian, talde armatu guztiek birusaren inguruan ustez babesteko arauak atera zituzten: 'guztiek etxean egon behar dute, eta handik irteten dena hil egingo dugu'. Hala, jende asko hiltzen hasi ziren». Pandemia lurraldeko kontrola izateko «aitzakia» moduan erabili dutela dio Gonzalezek, eta ariketa horrek indarkeria areagotzea eragin duela.

Badago atentzioa ematen duen beste kontu bat ere: buruzagi sozialen hilketen %70 inguru landa eremuetan egin dituzte, hain justu, gatazka armatua gehien sufritu zuten lurraldeetan. Horrek badu azalpenik, eta estatuaren presentzia falta da arrazoi nagusia. «Ez dago osasuna, ezta hezkuntza ere, nekazarientzako maileguak falta dira, eta ez dago inbertsio sozialik». Eremu horietan erabilera ez-legitimoko laboreak dira nekazarien «alternatiba bakarra»; bai, behintzat, alternatiba bideragarri bakarra: «Noski kafea, patata eta beste erein dezaketela, baina ez dute dibidendu berdina sortzen; askotan galtzen ere irteten dira».

FARCek eta gobernuak izenpetutako itunak nabarmen jaitsi zuen herrialdeko indarkeria orokortua, gatazka armatua hasi zenetik inoiz ikusi gabeko kopuruetaraino. Ez diote eutsi, ordea, joera horri, eta erasoak areagotzen ari dira. Gonzalezen arabera, bake akordioaren inplementazio falta dela-eta gertatu da hori.

Akordioaren ostean, FARC lurraldeetatik irtetean, beste talde armatu batzuk okupatu zuten horien tokia: ELN gerrillak, talde paramilitarrek nahiz disidenteek. «Azken horiek, lehengo FARCen jarraipena izatea nahi dute, baina narkotrafikoari gehiago lotuta. Guk hondar taldeak deitzen diegu».

Baina zergatik buruzagi sozialen aurkako jazarpen hori? Talde armatu bat edozein lurraldetara iristen denean, nahi duen lehen gauza eremu horretako «kontrol soziala» izatea da, eta kontrol sozial hori, justuki, ekintza komunaleko batzordeak, oinarrizko erakundeak, azpiratzetik hasten da. Beraz, buruzagi sozialak dira jopuntu nagusiak, eta hortik haien aurkako jotzeak. Eraso horiek, baina, ez dira ulertu behar norbanakoaren kontrako ekintza bezala: erakundeen sareak dituzte helburu, gizarte antolakuntza.

Horiek horrela, eskualde osoko testuinguruaren ezaugarriak aintzat hartzea beharrezkoa da tokian tokiko egoera egoki aztertzeko. Interes ezberdinak daude departamendu bakoitzean, eta indarkeriaren jatorriak eta asmoak hari mutur ugari ditu, nahiz eta lurraldeko kontrola izan xedea. Konplexu paramilitar terminoa erabili du Gonzalezek egoera azaltzeko: «Paramilitarismoak, orokorrean, hanka asko ditu. Bat: armatua; bestea: ekonomikoa, legezkoa nahiz ilegala. Narkotrafikoa, meatzaritza ilegala, pertsonen salerosketa... baina baita legezkoa ere: talde armatuek enpresei estortsio egiten die, baina horien presentziarekin etekinak ateratzen dituzte horietako batzuk. Konexio bat dago bien artean; hirugarren hanka, berriz, politikoa da; eta, azkena, soziala. Hori da konplexuena: narkotrafikoaren, paramilitarismoaren tema kulturala. Aldaketa kultural hori askoz zailagoa da lortzea».

Ereduak

Andrea Becerra Kolonbiako Juristen Batzordeko ikerketa arloko koordinatzailearen esanetan, sistematikoa da han bizi duten indarkeria, eta eredu jakin batzuk identifikatu dituzte. Urte honetako lehen seihilekoan gertatu denaren azterketa sakona egin du erakundeak, eta Becerrak nabarmendu du segida izan dutela lider sozialen aurkako eskubide urraketek, «indarkeria orokortuaren marko baten barruan». Areago ere jo du: «Larriagotu egin da giza eskubideen urraketen klima hori». Becerraren arabera, indarkeria gehien nozitu den departamentuetan eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen inguruko prekaritatea ere identifikatu dituzte.

Bestalde, indarkeria ereduen inguruan, hainbat gako eta aspektu nagusi bota ditu: indarkeria orokortua eta erasoen fokalizazioa; bortxaketen maiztasuna eta jarraitutasuna; pertsonen eskubideen urraketen aniztasuna; etengabeko arrisku egoeran dauden lidergoak, komunitateak eta erakundeak; eragin bereizgarriak; eta ustezko erantzuleak.

Indarkeria olatu honen aurrean kaltetuena den populazioaren berri ere eman du: hala nola herri indigenak, afro-amerikarrak eta landa eremuko komunitateak. Biktimizazio modalitateak, berriz, mehatxuak, hilketak, torturak, behartutako desplazamenduak eta itxialdia direla dio.

Kolonbiako indarkeria orokortua bezala kalifikatu dute, buruzagi sozialetan ardaztua. «Hilketa gehienak Caucan egin dituzte, baina baita Antioquian, Putumayon, Santander iparraldean, Cordoban eta Nariñon ere. Departamendu erdietara baino gehiago hedatuta dago». Eta zer dute komunean eremu horiek? Historikoki gatazka armatuaren eragina gehien sufritu duten lurraldeak direla. «Termino ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ez daude babestuta».

Kolonbiako Juristen Batzordeko kideak beste indarkeria eredu bat ere azpimarratu nahi izan du: eskubideen urraketa anitzak. «Ikusgaitasun gehiena duena hilketak dira, baina, horrez gain, torturak, behartutako desagertzeak, indarkeria sexuala, behartutako desplazamenduak… daude».

Sarraskiak

Eta egoera horretan, beste eraso modu batzuk ere areagotu dira: sarraskiak. Hilabeteotan indarra hartu du indarkeria modalitate horrek. Gonzalezen arabera, sarraskiak helburu bat du: «Esatea: hemen gaude, eta edozer egiteko gai gara».

Beti existitu dira sarraskiak Kolonbian, ez da zerbait berria, baina kezka eragin du aurten pairatutako areagotzeak: «62 sarraski daramatzagu aurten. 2019an, 36an egin zituzten». Bi fenomeno identifikatu ditu horren atzean. Batetik, talde armatuen arteko lurralde gatazkak, eta, bestetik, horietako kideen adina: «Asko oso gazteak dira; hondar talde edo paramilitar berrietako buruzagiek 25 urte bueltan dituzte, eta hauxe esan nahi dute: 'Ni hemen nago eta nik agintzen dut'. Modan jarri dira sarraskiak. Talde armatuaren adierazte modu bat dira». Ez du uste taldearen politika bat denik, baizik modus operandi bat. «Babes faltarekin ere zerikusia du, justizia faltarekin. Inpunitate oso handia dago Kolonbian».

Indarkeriaren areagotze horrek landa eremua are gehiago ezegonkortu dezakeela iritzi du Gonzalezek. «Momentu honetan trantsizio batean gaude. Bakea egonkortzea da asmoa, baina beste aldean gerra dago. Infernurako bidea harriz beteta dago, baina baita zerurakoa ere. Eta bakerako bide hau oso zaila izaten ari da». Hala ere, uste du mobilizazio sozialak lortuko duela indarkeria bolada hori balaztatzea, eta funtsezkotzat jo du herritarren ekimena.

Bestetik, bat egin dute Becerrak eta Gonzalezek: erasoen inguruko estatuaren erantzuna falta da. Babeserako unitate nazionalaren babes eskemak ez dira funtzionatzen ari, eta liderren aurkako indarkeriak jarraitzen du. «Ikerketaren, epailetzaren eta zigorraren bueltan, estatuaren erantzuna ez da nahikoa izan», azaldu du Becerrak.

Ikerketa sakon baten falta sumatu dute indarkeria sistematiko horren elementuak bilatzeko. Izan ere, «ez dira bakartutako kasu bat edo bi izan. Lurralde nazionaleko eremu erdietan baino gehiagotan gertatzen ari da, eta lidergo gama guztiei eragiten die». Gonzalezen arabera, gobernuak plan bat du, baina «funtzionatzen ez duena»: «Testuinguruaren irakurketa okerra egiten ari da. Ez dute ikertzen zein diren talde armatuaren atzean dauden benetako interesak. Analisi askoz sakonagoak egin behar dira. Askotan, buruzagiaren atzetik joaten dira, eta intentzio guztia jartzen dute talde armatuetako buruak harrapatzen. Baina negozioak jarraitzen badu, beste batzuk etortzen dira. Hori betidanik ikusi dugu». Adibide argigarria eman du hori azaltzeko: «Pablo Escobar hil zuten, baina narkotrafikoak jarraitu zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.