Txetxu Aurrekoetxea. Gasaren Aurkako Batzordeko kide ohia

«Erandioko hilketek lorratz sakona utzi dute nire belaunaldikoengan»

Bertatik bertara ezagutu zituen Aurrekoetxeak Erandion 1969an gertatutakoak. Dioenez, ikerketa bat egin zen hilketen inguruan, baina afera eraman zuen kapitain jeneralak auzia artxibatzea erabaki zuen.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Txetxu Aurrekoetxea (Erandio, Bizkaia, 1941) ingeniaria da, eta Gasaren Aurkako Batzordearen sortzaileetako bat 1960ko hamarraldian. 1969ko gertaerak bertatik bertara bizi izan zituen, eta liburuxka batean ere jaso zituen, La lucha contra la contaminacion. Los sucesos de Erandio, 1969 (Kutsaduraren kontrako borroka. Erandioko gertaerak, 1969), 2010ean argitaraturikoa.

Zein zen Erandioren egoera garai hartan, kutsadurari dagokionez?

Erandio inguruan siderurgia bat zegoen, bi zentral termiko, azido sulfurikoa ekoizten zuten hainbat lantegi, porlan fabrikak eta abar. Horri trafikoaren eragina gehitu eta ondorioa zen kutsadura izugarria zela. Gainera, itsasadarrean gainazpikatze termikoa izeneko fenomenoa gertatzen zen: udazkenean eta neguan bereziki, goian dagoen aire beroaren geruzak ez dio kutsadurari gora egiten uzten, eta gasa lur arras gelditzen da.

Zeintzuk ziren enpresarik kutsatzaileenak?

Dow Unquinesa, Ercosa, Remetal, Indumetal, Metalquimica del Nervion, Plomos y Aleaciones, Sefanitro eta abar. Arduradunen artean Neguriko jende ezaguna zegoen: Lipperheide familia, Pedro Kareaga —Cadaguako Kondea eta Pilar Kareaga Bilboko orduko alkatearen neba—, Abrako kondea [Alfonso Txurruka] eta abar.

Nola hasi zen horren kontrako borroka?

Protestak 1962an hasi ziren. 1969an sortu genuen Gasaren Aurkako Batzordea. Urte hartako jaietan egin zen ezagun «Gasa kanpora!» oihua. Asko okertu zen egoera, eta mobilizazio bat egitea erabaki genuen: itsasadarraren ondotik igarotzen den errepidea moztea. Bilboko Aste Nagusia zen, garai hartan Bilboko jaietan zezenketak eta opera baino ez zegoen, eta bagenekien kutsaduraren erantzuleak errepide horretatik itzuliko zirela operatik Neguriko haien txaletetara.

Ikerketarik egon al zen hilketen inguruan?

Bai, eta gerra ikuskaritza bat ere egon zen. Auzia eraman zuen kapitain jeneralak ebazpena plazaratu zuen, bi punturekin: lehenengoa, zigor auzibide arrunta irekitzea Antonio Castañeda Rodriguez izeneko poliziaren kontra, delitu zantzuak zeudelakoan; eta bigarrena, aipatutako auzibide hori behin betiko artxibatzea. Dena dokumentu berean.

Zein izan zen agintarien erreakzioa?

Hilketen ostean, Espainiako Gobernua hasi zen kutsaduraren gaia aintzat hartzen, eta teknikariak bidali zituzten hona. Neurgailuak jarri zituzten udalerriko hiru lekutan, 25.000 pezetako isuna jarri zieten bi enpresari, baina dena itxurakeria zen. Krisiaren ondorioz enpresa horiek itxi zituzten arte egoerak ez zuen hobera egin.

Herritarrek nola gogoratzen dituzte orduan gertatutakoak?

Erandioko hilketek lorratz sakona utzi zuten nire belaunaldikoengan. Josu eta Anton emozio handiz gogoratzen ditugu. Arlo instituzionaletik antolatutako kontuek, berriz, ez naute gehiegi gogobete. Kultura jarduera modukoak antolatu dituzte, eta hau ez da kultura kontu bat. Ez da onargarria udal aldizkarian esatea Josu eta Anton zauriturik suertatu zirela; erail egin zituzten, eta horrela esan behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.