Ugo Mayor.
ARGI ALDIAN

Lagunkoitasunaren genetika

2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Animalion artean antzekotasun genetikoak ugari dira. Horregatik, animali ereduetara jotzen dugu ikerlariok askotan gizakion gaixotasunak ikertzeko. Adibidez, euli baten bitartez aztertu dezakegu Parkinsona nola garatzen den, edo sagu baten bitartez minbizia nola sendatu. Eboluzioaren zuhaitzan geroz eta hurbilago egon, antzekotasun genetikoak handiagoak izan ohi dira; halere, beste faktore batzuk ere kontutan hartzen dira ikerketa sistema aukeratzeko orduan.

Williamsen sindromea gaixotasun genetiko bat da, 7.en kromosoman zenbait genek huts egitean sortzen dena, eta fisikoki garapeneko arazoekin adierazten dena. Bi horiez gain badu ere beste ezaugarri bat: bereziki lagunkoiak dira sindrome hori dutenak. Hurbilekoak ez direnekiko ere lagunkoitasuna ia mugagabea dutelarik, autismoaren guztiz kontrako izaera dute.

Txakur eta otsoen arteko ezberdintasun genetikoak aztertzen ditu Bridgett M. vonHoldt-ek, bere lankide estatubatuarrekin batera. Duela bi asteko Science Advances aldizkarian, txakurren lagunkoitasunaren oinarri genetikoa zein den azaldu dute. Eta horretan haien harridura, Williamsen sindromea duten pertsonetan lagunkoitasuna eragiten duten gene multzo berean ikusi dutelako lau hanketakoetan ere izaera horren jatorria.

Anbientalisten eta genetisten arteko eztabaidan zeresanik emango du aurkikuntza horrek. Giza izaera ezberdinak azaltzeko ingurugiroak edo genetikak, zeinek duen garrantzi gehiago, argudiatu egin izan da urteetan. Emaitza berria ikusita —gure izaeran eragin dezakeen gene multzoak txakurrei antzeko eragina egiten diela— genetistek argudio bat irabazi dute haien diskurtsorako.

Azkenik, eta txakur baten jabe izanda, ondorengo hausnarketa eragin dit vonHoldtek eta bere lankideek topatutakoak. Askotan pentsatu izan dut, gizakiok adoptatutako lehengo txakurra otsokume galdu bat edo izango zela, hazi ahala ohituko zena gizakion bizimodura. Nire imaginazioan, haren kumetxoak naturaltasunez jarraituko zuten gizakion babesean, eta pixkanaka belaunaldiz belaunaldi eraldatzen joango ziren gaur egun ezagutzen ditugun txakur arraza guztiak garatu arte.

Oraingo datuekin ordea, beste modu batean ikusten dut. Gure arbasoek otso normalak ez bezala portatzen zen otso batekin topo egin zuten duela milaka urte. Mutazio aleatorio bati esker, otso hark gizakiongan lagunkoitasun berezia zuen, horiei hortzak erakutsi beharrean, haiekiko interesa eta sumisioa erakutsi zuen. Begibistakoa denez, normaltasunaz at, eta naturaren legeen kontrako jarrera izanda, espezie berri hark otso normalak baina nitxo ekologiko askoz erosoagoa topatu zuen. Orduan eta gaur egun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.