Zuriñe Rodriguez Lara. Kazetaria eta ikerlaria

«Aldatzen ari da bake prozesuaren agenda hegemonikoa»

Bake prozesua aukera bat da indarkeria «birdefinitzeko», Rodriguez Lararen ustez: indarkeria matxista ere politikotzat jotzeko, herritar orori bakean bizitzeko eskubidea bermatzeko.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Gasteiz
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hogeita sei emakume eta zazpi gizon etakideri egindako elkarrizketen bidez, ETAren 1958-1982 arteko garaia aztertu zuen Zuriñe Rodriguez Larak (Gasteiz, 1988), baita komunikabideetan erakundeko emakumeak nola erretratatu dituzten ere. Kazetari eta ikerlaria da, eta, gaur egun, Sudergintza ikerketa-kooperatibako kidea da, Nora Miralles eta Itziar Mujikarekin batera. Gatazka, bakea eta memoria lantzen dihardute.

Bi urte igaro dira ETAren armagabetzetik, eta zazpi hilabete ETA desegin zenetik. Nola ikusten duzu bake prozesua?

Euskal Herriko bake prozesua ez da prozesu ohiko bat. Beraz, ebaluatzerakoan beste estandar batzuk erabili behar ditugu. Oztopo asko daude oraindik, oztopo garrantzitsuenetan presoena, baina oso baldintza zailetan asko aurreratu dela iruditzen zait: ETA desegin izana, kasurako. Hala ere, ez dakigu oso ondo bake prozesua zertan den. Esperientzia berriak eta interesgarriak sortzen ari dira, baina, instituzionalizazio handirik ez dagoenez, ezin da jakin esperientziok leku guztietarako balio duten. 13/25 ebazpenaren aplikazioarekin ere ez da aurrera egin. Ebazpen horrek dio emakumeek aktiboki parte hartu behar dutela bake prozesuan. Seguruenik, esango dute hori alde biko prozesuetan soilik aplika daitekeela. Baina ez da horrela.

Nola txertatu genero ikuspuntua, beraz, gurean?

Udaletako politika publikoak dira giltza. Errenterian egiten ari direna eredugarria iruditzen zait, adibidez. Horrez gainera, oso interesgarriak iruditzen zaizkit genero lantaldeak. Garrantzitsuak dira, beren agenda erabakitzen dutelako. Horrek esan nahi dugai hegemonikoez gainera beste batzuk atera daitezkeela, baina lantalde horiek erabakitzeko gaitasuna baldin badute. Foro Sozialean genero lantalde bat ari da, sekulako lana egiten; agendan jartzen ari dira orain arte azaldu ez direnak: adibidez, Nik sinisten dizut ekinaldia, emakume torturatuen ingurukoa... Ikusten da aldatzen ari dela bake prozesuaren agenda hegemonikoa. Hori instituzioetara eta alderdietara eraman behar da, eta garrantzitsua da baliabide ekonomikoak jartzea: borondate politikoa behar da.

Mugimendu feminista bake prozesuaren parte al da?

Estatuek prozesuan parte hartzeari uko egin diotenez, gizarte zibilak hartu du bere gain, baina ez dugu ulertu gizarte zibileko beste eragile batzuek garrantzia dutela. Alegia, hasieran bazirudien mugimendu feminista ez zela gai horren inguruan gogoeta egiteko—duela zortzi urte, ez zegoen Martxoaren 8ko mugimendu hau—. Aietetik honaino, aldaketak izan dira: Aieten ez ziren egon; bai, ordea, ETAren desegitea iragartzean Arnagako deklarazioa irakurri zutenean. Aldaketa badago, saiakera ere bai, baina estetikoa da: kuota moduan egon dira.

Instituzioen inplikazioaren garrantzia aipatu duzu lehen. Jaurlaritzaren Memoria eta Bizikidetza Lantaldeak hamar hilabete daramatza aurrera egin ezinean. Nola ikusten duzu?

Bizikidetza batzordearekin zalantzak dauzkat. Errekonozimenduaren eta erreparazioaren inguruko eztabaidan ez dira sartzen ari gainerako indarkeriak, eta garrantzitsua da hori, bermatzeko ez direla berriz gertatuko. Bestela, duela 30 urte egiten hasi zirena egingo dugu ETArekin azkenean: ETAk atentatu bat egiten zuen bakoitzean instituzioak kalera ateratzea eta esatea gaizki zegoela. Orain, gauza bera egiten dugu indarkeria matxistarekin. Onartu edo ez onartu, niri bost axola. Politika publikoak egin behar dituzte. Bilgune Feministak oso ongi esaten du: «Hau ez da gure bakea», emakumeak hiltzen dituzten bitartean. Faxismoarekin ere gauza bera gertatzen da Nafarroan.

Zer esan nahi duzu?

Oro har, Gipuzkoatik bideratzen ari dira prozesua, eta Nafarroaren eta Arabaren beharrak alde batera geratzen dira. Esango nuke Nafarroak eta Arabak berak beste harreman bat dutela indarkeriarekin, indarkeriaren erresistentziarekin beste harreman bat duten bezala, Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioz ez ezikfaxismoaren esperientziaren ondorioz ere. Bake prozesuari begira, ez da bakarrik ETAren desarmatzea edo biktimen zaintza, baizik eta herriak berak bakean bizitzeko duen eskubidearen eraikuntza. Nafarroan eta Araban faxismoarekin dagoen lotura aztertu beharko litzateke.

Horrek harreman zuzena du aipatu izan duzun indarkeria birdefinitu beharrarekin.

Bai. Borroka armatua bizi duen herri batek aukera dauka indarkeria bera sozialki birdefinitzeko. Hori egiten da normalki bake prozesuetan. Ez dugu ulertu, adibidez, emakumeen kontrako indarkeria ere indarkeria politikoa dela, eta faxismoarena. Gasteizen bi emakume hil zituen gizona gotorturik zegoen egunean iragarri zuen ETAk desegin egingo zela. Arnaldo Otegi prentsaurrekoan atera zen, esanez: «Gaur berri on bat daukagu: bakean bizi gara». Feminista gisa, mindu egin ninduen, indarkeria matxista ez delako erdigunean jartzen. Indarkeria hegemoniko bat egon da hemen.

Euskal Herriko bake prozesua badago besteren batekin alderatzerik?

Esango nuke, eta badakit hau polemikoa dela, badagoela alderatzerik Espainiako diktaduraren prozesuarekin, trantsizioan iragana ahazteko hitzarmenarekin. Uste dut antzeko zerbait gerta daitekeela. Hemen, esperientzia txikiak egin arren, benetako apustu bat ez badago, baliteke memoriaren galera bat egotea, eta horrek zerikusi handia du Espainiarekin eta frankismoarekin. 36ko gerraren eta frankismoaren eragina ikusten ari gara gaur egun, trauma kolektibo hori, eta Euskal Herriko bake prozesuarekin hori gertatzeko arriskua dago.

ETAko emakumeez gutxi aztertu da gurean. 2011n ETAren hasierako urteez azterketa egitea erabaki zenuenean (1958-1982), oztoporik izan zenuen?

Zaila izan zen. Hainbatek zalantzan jarri zuten nire lana, modu misoginoan. Ezkerreko gizon batzuek betoak jarri zizkidaten. Oztopoak ere izan nituen elkarrizketatutako emakumeengandik, beste arrazoi batzuk zirela medio: ETAk utzia zuen jardun armatua, baina atxiloketa masiboak zeuden, eta beldur ziren hitz egiteaz. Horregatik, ikerketa guztietan izengoitiak erabili nituen. Hala ere, feminismoaren gorakada gertatu den neurrian, jendearen jarrera aldatu egin da.

Zer ondorio atera zenituen?

ETA ez da irla bat izan, gizartearen isla baizik. Amodioan, amatasun kontuetan, plazeraren kontuetan... Min handia topatu dut. Estigma handi bat jasan zuten, militantearen bikotekidearen estigma, gudariaren gogortasunarena... Horretan sartzen ez ziren emakumeek frustrazio handiz bizi izan dute egoera, klandestinitatean, erbestean edota modu legezkoan egonda. Baina nik garai jakin bat aztertu dut, eta ezin da garai guztietara estrapolatu.

Diskurtso aldaketaren mugarriak aztertu dituzu.

Bai. ETAk diskurtso kristaua zuen sorreran. Komunikatuen bidez ikusten da emakumea ez zutela ulertzen militante moduan, zaintzaile moduan baizik. Marxismoaren inguruko eztabaida etorri zenean, berriz, Aljerko mugimenduak-eta, emakume langileez hitz egiten hasi ziren. Emakumeen inguruko eztabaida sortu zen, betiere perspektiba oso marxista batean, eta emakumeen askapenerako dei bat egin zen. Beste aro bat Burgosko Prozesua da. Mugarria da. Hiru emakume epaitu zituzten, eta haien aurpegiak eta izenak agertu ziren; horrek erreferentzialtasun bat sortu zuen emakumeengan. Beste giltzarri bat ere badago: abortuaren aldeko borroka. Etakide emakumeen artean eztabaidak egon ziren, baina ez zen egituretan sartu: beste edozein gizarte mugimenduren moduan izan zen, baina klandestinitateak bizitza erregulatzen du, eta errepresioa ere bai, eta genero rol bat eragiten du.

Nola erregulatu izan du klandestinitateak emakumeen bizitza?

Klandestinitatea modu askotan bizi izan da Euskal Herriko gatazkan. Hori esanda, emakumeengan ondorio asko izan zituen. Klandestinitatean, esparru pribatua politizatu egiten da. Egunerokoa kudeatu behar da, etxeko kontuak ere bai. Autonomiaren galera zekarren horrek. Emakumeok zer behar dugu autonomia izateko? Soldata bat eta etxe bat, eta ez zeukaten ez gauza bat eta ez bestea, eta, gero, klandestinitatearen arau ez-idatzi bat da normaltasuna, ez ETAn bakarrik, beste erakundeetan ere bai, eta zer da normaltasuna? Diskretuak izatea, femeninoak izatea. Etakide batek esan zidan: «Familiarekin apurtu nuen, herriarekin. Nik ez nuen izan nahi igandeetan dantzara joaten zen hori, eta, bat-batean, egin nahi ez nituen gauzak egiten ari nintzen». EL Salvadorko FMLNko emakumeek ere kontatzen dute: 20 urte horrela egon ondoren ez zekitela oso ongi nor ziren.

ETAren zuzendaritzetan emakume asko egon dira.

Bai. Gatazka mediatizatu zenean, eta batez ere ZEN [Zona Especial Norte] planarekin, emakume batzuk hasi ziren ateratzen. Dolores Gonzalez Katarain Yoyes, geroago Carmen Gisasola, Idoia Lopez Riaño, Ainhoa Mujika... Boterea eskuratu zuten, eta hori positiboa da, nahiz eta ez zuen genero politikarik ekarri.

Yoyesek, Lopez Riañok eta Kastresanak komunikabideetan izandako trataera aztertu duzu. Zergatik hiru horiek?

Oso ezagunak izan direlako, eta hiru garairen ordezkariak. Yoyesen kasua oso esanguratsua da, ez bakarrik gertatu zenagatik. Komunikabide konstituzionalistetan, hil zutenean terrorista moduan agertu zen, eta, handik 30 urtera, ama zela erakutsi ziguten, militante ohi, baina ez inoiz terrorista ohi. Barkatu egin zioten, itzuli behar zuen lekura itzuli zelako: ama eta emazte izatera. Komunikabide abertzaleetan, berriz, gertatu zena kontatu zuten, baina gero desagertu egin zen. Dena den, Yoyesen kasuan esan beharra daukat BERRIAk azken urteetan saiakera berezia egin duela, isiltasuna apurtuz.

Idoia Lopez Riañoren kasuan zer aipatuko zenuke?

Kontrakoa gertatu zen. Madril komandoan Belen Gonzalez Peñalba, Lopez Riaño... lehen planoan agertu ziren, eta odolzale irudia zabaldu zuten. Komunikabide batzuetan diote: «Haren baginak bezainbeste odol jaurtitzen zuen haren pistolak». Izugarria. Komunikabideei bideraturiko atal bat zeukan ZEN planak, militanteen praktika txarrak nabarmendu behar zirela zioena. Odolzalearen irudiaz gain, putarena ere landu zuten. Tigresa ezizena sortu zuten —Margarita zen ETAn—. ETAtik atera zenean, ez zioten barkatu, Yoyesi bezala, ez delako itzuli itzuli beharko lukeen lekura; haien ustez, puta bat delako oraindik.

Eta Olaia Kastresana?

Olaia Kastresanarena ere hartu nuen, amodiozko mitifikazio patriarkal bat gertatzen delako. ETA analizatzerakoan, ikusten da bikote harremanek garrantzi handia izan dutela. Olaia Kastresanaren kasutik abiatu nintzen aztertzeko zer gertatzen den amodioarekin eta harremanekin. Anartz Oiartzabal bikotekideak eskela bat jarri zion, eta ezker abertzaleko komunikabideetan militante bikote gisa agertu zen. Gonzalez Peñalbaren hilketan ere, bikotekidearekin agertzen zen argazki bat aukeratu zuten. Iruditzen zait ez dela egokia bake prozesu batean negoziatzaile izan den baten irudi hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.