Eskuina. Eskuin muturraren hazkundea Europan

Internazional erreakzionarioa

Europan, urteak dira eskuin muturreko alderdiak nabarmen ari direla hazten. Askotarikoak dira arrazoiak, eta heterogeneoa eremu ideologiko horretako alderdien tipologia. Baliteke pisu esanguratsua lortzea Europako bozetan.

Jon O. Urain -

2019ko martxoak 24

Mamu bat zeharkatzen ari da Europa, eta ez da 1848an Karl Marxek eta Friedrich Engelsek idatzitako mamu komunista. Manifestu hartatik 170 urte igaro dira, eta eskuin muturraren aldaera berriak ari dira protagonismoa hartzen Europan, nahiz eta politika ezberdinak defendatzen dituzten tokian-tokian.

Izan ere, gaur egun eskuin muturreko alderdiek osatzen duten kluba mugimendu heterogeneoa da; politikoki, ekonomikoki, erlijioari dagokionez nahiz hainbat arlo sozialetan duten jarrerari erreparatuta. Mugimendu ultrakatolikoak dira batzuk, baina estatuaren laikotasuna da beste batzuen bandera. Aitzitik, badituzte elementu komunak ere, aniztasunaren gainetik norabide amankomun bat ematen dietena. Hiru ezaugarri komun antzematen ditu Leonie de Jonge Cambridgeko Unibertsitateko ikerlariak, BERRIAri azaldu dionez. Batetik, «natibismoa»: «Denen funtsean dago natibistak direla, nazionalismo forma xenofobo bat dutela eta uste dutela nazioa talde etniko bakarrak osatu behar duela. Naziotik kanpoko elementu oro nazioak bizirik irauteko mehatxutzat daukate; horregatik, alderdi ultraeskuindar guztiak dira immigrazioaren aurkakoak». Bestetik, autoritarismoaren defentsa da alderdi horien bereizgarrietako bat: «Legearen nagusitasun zorrotzaren aldekoak dira, eta segurtasuna eta ordena sustatzen dituzte». Hirugarren aldagaia da jarduera populista darabiltela.

Nazionalismoa da eskuin erradikaleko eta muturreko mugimendu osoa egituratzen duen ardatza, guztiak lotzen dituen haria, Sofia Vasilopoulou York Unibertsitateko Politika Zientzietako irakaslearen arabera: «Nazioa eta nazionalak dira lehentasuna, nazio horren parte direnak, eta horren barruan sartzen ez direnak baztertu egin behar dira». Hala ere, nazionalismo horrek «zehaztasun propioak» ditu tokian-tokian, eta «leku batean nazionala nor den definitzeko era ez da beste leku batean duten berbera. Bakoitzak bere testuingurura egokitzen du nazionalismo hori». Horregatik, «dimentsio ezberdinak» antzematen ditu Vasilopoulouk; izan ere, «herrialde batzuetan, aldagai batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa dute».



Ekonomikoki ere sailkatzen zailak dira alderdiok. De Jonge: «1980ko hamarkadan, uste genuen eskuin erradikaleko alderdi guztiak neoliberalismoaren aldekoak zirela, eta hala ziren garai hartan. Baina hori aldatu egin zen 1990eko eta 2000ko hamarkadetan, eta ikusi genuen eskuin populista oso eskuinekoa zela kultur arloan —immigrazioarekiko aurkakotasuna, adibide gisara—, baina ekonomian ezkerrera jotzen zutela». Frantziako Batasun Nazionalean topatzen du paradigma: «Ezkerreko agenda ekonomikoa zuen, baina ez hertsiki ezkerrekoa, ongizate estatu indartsua ez duelako nahi frantziar guztientzat, soilik bertan jaiotakoentzat baizik».

Ezinegonaren isla

Edozein gisara, loraldia orokorra da, eta De Jongek uste du hazkunde horren atzean herritarren ezinegona islatzen dela. Nazioarteko giro politikoaren aldaketan jarri du abiapuntua: «Globalizazioa, Europako integrazioa, immigrazioa... Horrek ziurgabetasuna sortu du, joera politiko nagusiekiko nekea. Izan ere, boto emaileek gero eta gehiago uste dute ezkerra eta eskuina gauza bera direla. Koalizio Handi asko gauzatu direla ikusi dugu, eta horrek nahigabea eragin die boto emaileei». Antzera mintzo da Vasilopoulou, uste baitu nagusi izan diren politikek «ez asebetetzeko sentipena» hazi dutela herritarren artean: «Azken urteetan, jendeak irudipena du ez duela aukerarik, edozein bozkatuta ere ez delako ezer aldatuko». Desilusio testuinguruari krisia gehitzen zaio: «Eskuin muturraren diskurtsoa oso antzekoa izan da urteetan, baina krisi giroak aukera bat eman die. Kontua da alderdiok nola zuzentzen diren inoiz botoa eman ez dieten herritarrengana; agenda berri bat sortu dute».

Erreakzioa ezberdina izan da Europa iparraldean eta hegoaldean; izan ere, Espainian, Portugalen eta Grezian, ezkerreko alderdiek kapitalizatu dute haserre hori nagusiki. Vasilopoulouk uste du hegoaldeko herrialdeetan ekonomia aldagai garrantzitsua dela eztabaida politikoan, krisiaren eraginez: «Eztabaida ekonomikoa oso inportantea izan da, eta ezkerrak proposamen indartsua dauka hor. Iparraldean, ordea, krisia ez da berdin izan, eta horietan hazi da eskuin muturra».

Horrez gain, De Jongek uste du gizartea «gero eta indibidualistagoa» dela, ez lehen bezain leiala alderdi nagusiekiko: «Lur hori Europa osoan dugu, baina ez ditugu eskuin muturreko alderdiak Europa osoan ikusten; ez Irlandan, ez Portugalen... Giroa horrelakoa bada ere, ultraeskuinaren hazkundea ez da edonon gertatzen; beharrezkoa da alderdi bat egotea eskari horiek kanalizatzen, karismadun lider bat...».

Iruditeriak ere badu garrantzia; eskuin muturraren hazkundea azaltzeko orduan, Linda Bos Amsterdamgo Unibertsitateko Komunikazio Politikoko irakasleari «giltzarri» iruditzen zaio eskuin muturra aldatu izana faxismo klasikoaren aldean: «Eskuin muturreko alderdientzat garrantzitsua da zilegitzat hartzea, ez antidemokratikotzat. Boto emaile gehienek ez dituzte onartzen muturrekoegiak edo faxistak diren alderdiak».

Hain justu, eztabaida dago faxismo klasikoarekin duen loturaz eta eremu ideologiko horri gaur egun eman behar zaion izenaz: eskuin muturra, erradikala, populista, ultraeskuina, faxismoa, postfaxismoa, neofaxismoa... Zenbat dauka faxismo klasikotik? XXI. mendeko eskuin muturrak ez du behar ikur bateraturik; ideologikoki, berriz, jarraitzen die duela 80 urteko mugimenduen ildo batzuei, eta beste batzuei, ez. Postfaxismoaz mintzo da, esaterako, Enzo Traverso historialaria Les nouveaux visages du faxisme (faxismoaren aurpegi berriak) liburuan, faxismo klasikotik eta hartatik eratorritako mugimendu neofaxistetatik bereizteko: «Postfaxismoa faxismo klasikotik emantzipatu da, gehienetan matrize gisa eusten badio ere. Mugimendu horietako gehienek jada ez dute aldarrikatzen kidego hori, eta hor bereizten dira argien neofaxismoetatik. Gainerakoan, plano ideologikoan jada ez dago jarraitutasun ikusgarririk faxismo klasikoarekin(...). Ezin diogu ez ikusiarena egin jatorri faxista horri, hori gabe ez bailirateke existituko, baina aintzat hartu behar dugu beren eboluzioa ere».

Egituratzeko ezinak

Bi hilabete falta dira Europako bozetarako, eta ikusteko dago familia hori nola aurkeztuko den; mugimendu bateratu bat osatzeko prest dagoen, gai den eta, hala eginez gero, nolako indarra izango duen. Egun, lau talde parlamentariotan sakabanatuta daude ultraeskuinaren eremuko alderdiak, baina Nazioen eta Askatasunen Europa taldean daude nagusiak; Lega Nord, RN, FPO eta PVV. Europako Alderdi Popularrak asteon erabaki du Hungariako Fidesz alderdia taldetik ez egoztea, baina Viktor Orban Hungariako presidenteak deseroso ditu bazkideak. Europako Parlamentuaren otsaileko inkesta batek hazkundea aurreikusten die RNri, Legari, AfDri eta Voxi.

Guztiak koordinatzeko ahaleginetan ari da Steve Bannon, Donald Trumpen estrategia buru ohia. The Movement fundazioa sortuta, Europako hamahiru herrialdetako alderdi ultraeskuindarrak bildu nahian ari da. Bi oztopo ditu: batetik, herrialde horietatik bederatzitan debekatuta dagoela atzerriko finantzaketa edo bestelako laguntzak jasotzea; bestetik, aliatu posibleen jarrera zalantzatia; harekin kolaboratzeari uko egin diote gehienek, edo, behintzat ez daude ados Bannonekin.

Hortaz, galdera da nolako pisua izango duen eskuin muturrak Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta ea koordinatuko diren, Bannonen laguntzarekin edo gabe. De Jongek ez du uste bat egin dezaketenik: ez du uste posible denik, bakoitzak «interes nazionalak» babestu nahi dituelako. Iritzi berekoa da Vasilopoulou: «Historikoki, eskuin muturreko alderdiek zail izan dute elkarrekin lan egitea Europako Parlamentuan. Nazionalismoa dago horien ideologiaren muinean, eta, sarri, beste herrialde bateko nazionalismoaren kontra egoteak definitzen du herrialde baten nazionalismoa».

ALKANDORA ZAHAR, LURRIN BERRI

Etsipenak elikatutako ituna

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna