Euskal kulturaren transmisioa eskolan. Hutsuneei aurre hartzen

Saretua ehuntzen

Euskal kulturgintzaren ezagutza ehunak zuloak ditu ikasgeletan. Eta Mahoma ez badoa mendira, mendia joan behar Mahomarengana. Eskolaz kanpo edo sortzaileak eurak kanpotik eskolara joanda bete ohi dira zenbait hutsune.

Jon Basaguren ikasleen aurrean, Musikariak Ikastetxeetan programan. IÑIGO URIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskal kultura gurasoak dira». Ezaguna da jada Unai Iturriagak Jakin aldizkariaren kontrazaleko komikian idatzitako hura. Alegia, edo etxean blaitzen da bat euskal kulturaz, edo aldapatsua dauka bidea kanpoan. Euskal Herriko geografian ertz batean ala bestean izan, aldapan ere bada alderik. Hezkuntzan indarrean dauden curriculumak hankamotz geratzen badira bertako kulturgintza ezagutzera ematerakoan, saretua den ehun hori kanpotik josten da sarri.

MUSIKARIAK IKASTETXEETAN

«Ezezagutzari aurre egiteko, lan handia eta polita dago egiteko»

Ikasturte honetako lehen lauhilekoan jarri zuten martxan Musikariak Ikastetxeetan programa Nafarroan. Alberto Barandiaran Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko teknikariaren hitzetan, esperientzia «oso ona» izan da; bai ikastetxeen aldetik eta bai musikarien aldetik. Aspalditik datorren kezka bati erantzuteko jarri dute martxan: euskarazko irakaskuntzako ikasleak euskal kulturarekin zaletzea eta tradizio horri jarraipena ematea. Bada, musika jo dute estrategikotzat horretarako.«Gazteen artean, batez ere, 14-18 urte artean, kultur kontsumoa finkatzen eta norberarena izaten hasten denean, musika da kultur kontsumo orokorrena, batzuetan bakarra. Hori baliatu nahi genuen euskal kulturarekin lotzeko». Are, Barandiaranen esanetan, euskal musika da ikasgelatik kanpo euskal kulturarekin askok duten harreman bakarra. «Beran edo Tuteran duten ezagutza oso ezberdina izan daiteke, baina bietan musika oso presente dago gazteen bizitzetan». Ez dira hutsetik abiatu. Aurretik ere egin izan dira musikariekin lotutako saioak zenbait ikastetxetan; orain, hori «instituzionalizatu» eta modu antolatuan ikastetxe denei eskaintzean ikusten du aurrerapausoa Barandiaranek.

D eta E ereduko DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleengana bideratu dute programa, eta 23 musikarik hartu dute parte lehen edizioan; kontzertu labur bat eta solasaldi bat prestatu dute saioetarako. Haien artean izan dira Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, La Basu, Maria Rivero, Miren Narbaiza, Pantxix Bidart, Pelax eta Zuriñe Hidalgo, besteak beste. Horien arteko «pluraltasunak eta maila onak» harritu ditu ikasleak. «La Basurekin harritzea euskaraz rapa hain ondo egiteagatik; edo Jon Basagurenekin Madrilen euskaraz kantatzen dutelako... Halako erreakzioekin ulertzen da ze ezezagutza dagoen. Horren aurrean lan handia eta polita dago egiteko».

Hartu-eman horretan egiten den transmisioak duen garrantziaz kontzientzia hartzea da Barandiaranentzat behar dena. «Ondo planteatzen denean, administrazioak berehala ulertzen du honen garrantzia». Transmisioa zeregin konpartitua izan arren, instituzioen papera gakotzat du: «Ez da dena administrazioaren esku utzi behar, baina hark baditu baliabideak, antolatzeko gaitasuna, eta badu lidergoa erakutsi beharra. Administraziotik garrantzia ematen zaionean gaiak beste dimentsio bat hartzen du». Musikariek ere gogoz antzeman ditu programan. «Euren artean gogoeta bat pizten ari dela uste dut; horretan beraien ardura hor zein den pentsatzeko».

IDAZLEAK

«Beste aukerak dira norberak interesa jartzea edo etxean testuingurua izatea»

Euskal Idazleen Elkarteko Idazleak Ikastetxeetan programa izan daiteke aurrekoaren aurrendarietako bat. Dagoeneko 22 urte dira martxan jarri zela, eta bide horretan elkartea programa gehiago joan da sortzen haren ondoan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora bitarte. Urtean zehar gutxienez liburu bat landu, eta ondoren idazlearekin saio bat antolatzen da, adinaren araberakoa. Eta horrekin, itxura batean ekimen soila dirudienarekin, «ildo asko lantzen dira», Oier San Martin elkarteko kudeatzailerentzat. «Lehen kezka irakurzaletasuna da, eta harekin ulermen gaitasuna. Euskaraz irakurtzea unean bertan argitaratzen ari dena baino askoz gehiago da; hor daude itzulpenak, klasikoak... Hori guztia ezagutaraztea ere bada helburua». San Martinen esanetan, gainera, ikasle askorentzat euskal literaturarekin harremanetan jarri eta euskal idazleak ezagutzeko bide bakarrenetakoa da programa, «tamalez». «Beste aukerak norberak interesa jartzea, edo etxean testuinguru aproposa izatea dira».

60 idazle baino gehiago aritzen dira programan, eta iazko urtean, kasurako, 572 saio egin zituzten, denera, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastetxeetan. Jardun hori literaturaren ezagutza justua den egoera bat indartzeko izan daitekeela dio kudeatzaileak. «Alor honetan bada zer aldatu, eta ahaleginak egiten dira halako programekin». Arrakastatsutzat du elkartetik egiten den eskaintza. Ipar Euskal Herrira zabaltzeko lanetan ari dira orain.

SEASKA

«Irauteko kultura baten inguruan hurbileko giroa behar da, katea elikatu»

Lapurdin, Nafarroan eta Zuberoan ere egiten dira kultur transmisioari lotutako saioak. Xan Aire Seaskako hizkuntza proiektuaren koordinatzaileren zalantza da ea «molde aski partekatu eta antolatuan» egiten diren. «Giroa sortzea» iruditzen zaio ezinbestekoa, eskolan nola handik kanpo. «Gazte batek irauteko kultura horren inguruan, behar da hurbileko giro bat, katea elikatu. Hori gehiago jokatzen da eskolaz kanpo, baina eskolak behar du hobeto kokatu». Galderak bestelakoak dira Airerentzat: «Maskaradetan eta libertimenduak dauden tokietan zer egina da eskolatik ikasleak horietara lotzeko? Nola eman gustua dantzari izateko, bertsolari izateko?».

Bertsolaritzak eskoletan egin duen lekua da aztertzekoa harentzat. LHko bigarren zikloan lantzen dute, ordu pare bat astean, bertsolaritza ezagutarazi eta hizkuntzarekin jolasteko. «Ikasle guzti-guztiek behar dute hortik pasatu. Baina gaurko antolaketarekin nahi baduzu sakonago landu, behar duzu bertso eskola ondoan». Barnealdeko ikastoletan herriko kultur ekintzekin dagoen hurbiltasuna ikusten du aldeko. «Gogoetatu behar dena da zer gelditzen den ikastolaren gain, eta ondoan zer behar duen».

ANTZERKI ESKOLAK

«Helburu gehiagotara iristen gara moduez-ofizialean»

Antzerki eskolak izan daitezke herriz herri euskal antzerkigintzari eutsi eta ezagutza transmititzen duten egiturak. Baietz esango luke Iñigo Ortega Pasaiako Badia Antzerki Eskolako kideak. Kulturaren bitartez «euskararen arnasgune» bat izateko sortu zen 2011n, «eskolatik kanpo haur eta nerabeek euskara gehiago entzun eta erabil zezaten jaio zen». Eskolaz kanpo aritzeko asmoz sortu arren, herriko ikastetxeetara jo beharra ikusi zuten, zaletasuna handik sustatzen hasteko.

Ikasturteka egiten dute lan:6-9 urte artekoekin jolas dramatikoa eta ipuina lantzen, eta 9-14 artekoekin antzezlanak sortzen. «Adierazpen gune libre bat da, eta euskaraz». Ikastetxeetan, jangela garaian eskaintzen dituzte klaseak, eta arratsaldetan barrutietako kultur etxeetan, eskolaz kanpo. Curriculumetatik aparte ari dira, beste hainbat herritako antzerki eskolak bezala, baina Ortegaren susmoa da hobeto dela horrela: «Eztabaidak ditugu honen inguruan, baina nik uste dut helburu gehiagotara iristen garela modu ez ofizialean. Eskolan landu beharko lituzkete testuak, horien testuingurua; baina guk ezberdin egiten dugu lan, gurea sorkuntza da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.