Koronabirusa

Hirugarren dosia xede

Pfizer eta BioNTech botika konpainiek adierazi dute beren txertoaren hirugarren dosia jartzeko baimena eskatuko dutela aurki AEBetan

Pfizer eta BioNTech etxeen botika. DAVID ODISHO / EFE.
arantxa iraola
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Pfizer eta BioNTech botika konpainiek AEB Ameriketako Estatu Batuetan elikagaien eta botiken gaineko ardura duen FDA agentzian eskatuko dute COVID-19aren aurka ekoitzi duten txertoaren hirugarren dosia jarri ahal izatea baimentzeko. Adierazi dutenez, hirugarren dosiak izan dezakeen eraginari buruzko ikerketak egiten ari dira, eta «esperantza» pizten duten aurkikuntzak egin dituzte: horregatik eskaria egiteko asmoa. Txertatuen babesa sendotzeko ona izango dela adierazi dute. Hain zuzen ere, argudiatu dute bigarren dosia jarri eta sei hilabetera beste bat jartzen bada, gaitzaren aurka egiteko antigorputzak bost-hamar bider ugariagoak izaten direla.

Botika etxeek esan dute ikerketa horien emaitzak «datozen asteetan» helaraziko dituztela FDAra, eta orduan egingo dutela eskaria, baimena eskuratze aldera. Hainbat adituk zalantzan jarri dute, hala ere, hirugarren dosi hori beharrezkoa den. Txertoen eraginari buruzko hainbat ikerketa plazaratzen ari dira orain, eta horien emaitzak xeheki aztertu beharko dira gaitzari aurre egiteko; baita izurria behar bezala hesitzeko zer babes maila behar den argitze aldera ere.

Eta AEBetan arlo horren ardura duten erakundeek ere ez dute erantzun immunitarioa sendotzeko beste dosi baten aldeko jarrerarik azaldu; botika etxeen asmoaren berri izan ostean, prentsa ohar bat atera zuten herenegun FDAk berak eta gaixotasunen prebentzio eta kontrolerako CDC erakundeak. Hirugarren dosiaren beharrik ez dutela ikusten adierazi zuten testuan: «Guztiz txertatu diren AEBetako herritarrek ez dute behar sendotze dosirik, oraingoz».

EB prest da

Europako Batasuneko Osasun eta Segurtasun komisario Stella Kyriakidesek atzo esan zuen txertoaren hirugarren dosia jarri behar bada horretarako prest egongo dela EB, behar adina txerto erosteko plana indarrean duelako. Nolanahi ere, esan zuen hirugarren dosiaren alde egiteko aurrena zientzia komunitateak onetsi beharko duela hautu hori. EMA Sendagaien Europako Agentziarekin eta eritasunen kontrolerako erakunde ECDCrekin elkarlan «estuan» ari direla azaldu zuen, eta erabaki egokiena hartzeko erarik onena horixe dela. Birusaren Delta aldaeraren arriskuez ohartarazi zuen, eta txertoaz bestelako neurriak ere defendatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.