Irungo alarde mistoaren alde, 511 andreren sinadura

Ion Orzaiz -

2018ko ekainak 19
Irungo alarde mistoaren (Gipuzkoa) aldeko manifestua sinatu dute 511 emakumek, eta hilaren 30ean, San Martzial egunarekin, Irunera joateko deia egin dute, «alarde parekidea babesteko eta elkartasuna adierazteko». Idatzia sinatu duten andrazkoen artean, politikaren, kulturaren, kazetaritzaren eta zuzenbidearen esparruetako ordezkari ezagun ugari daude: EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarte, PSEko politikari ohi Gema Zabaleta, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Arana, Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Anari musikaria, Estibaliz Ruiz de Azua kazetaria, eta Toti Martinez de Lezea eta Laura Mintegi idazleak, besteak beste.

Manifestuaren sinatzaileen arabera, jai adierazpen gehienak «garai berrietara egokitzen joan diren arren», Irunen, «itxurazko normaltasun baten atzean», bi alarde egiten dira oraindik: «Bata pribatua, tradizionala eta baztertzailea; eta bestea parekidea, zeinean emakumeek eta gizonek rol berdina daukaten».

Aurten, gainera, hogei urte beteko ditu Irungo alarde parekideak. Izan ere, 1998an EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batek adierazi zuen emakumeek «oinarrizko eskubidea» zutela alarde publikoetan gizonen baldintza berberetan desfilatzeko, eta, beraz, udalek antolatutako alardeetan emakumeek aukera izan behar zutela soldadu gisa parte hartzeko. Ordurako, Irungo eta Hondarribiko alardeek eginak zituzten pribatizatzeko lehen urratsak. Hortaz, Irungo Udalak alarde publiko misto bat antolatzea erabaki zuen.

Agiriak dioenez, hogei urte baino gehiago igaro dira Irun eta Hondarribiko andreak «bestelako rol bat aldarrikatzen hasi zirenetik», eta, ordutik, «hamaika jazarpen kasu sufritu dituzte, tradizioan oinarrituta». «Gogoan ditugu emakume horiek, plastiko beltzez inguratuta, istiluen aurkako Poliziak babestuta desfilatu behar izaten zuten bitartean».

Martxoaren 8a gogoan

Manifestuaren sinatzaileek gogora ekarri dute, halaber, martxoaren 8ko mobilizazioek izan zuten oihartzuna: «Argi gelditu zen, alde batetik, emakumeok dugun indarra geure eskubideen alde borrokatzeko, baina bestetik, parekidetasun erreala lortzeko, bide luzea dugula aurretik». 511 sinatzaileek azpimarratu dute, halaber, alardeen auzia ez dela «tokiko arazo bat, kanpotarrek ulertu ezin dutena», eta konponbide bat ematera premiatu dituzte instituzioak: «Ezin ditugu beste bi hamarkada eman erabaki politiko baten zain». Horregatik, deia egin diete «Euskal Herriko emakume eta gizon guztiei, ekainaren 30ean Irunera joan eta alarde publikoaren alde mobiliza daitezen». Irungo alkate Antonio Santanori eta PSE alderdiari ere eskaera egin diete : «Alarde mistoaren aldeko herritarrak errespetuz trata ditzatela, eta alboratu dezatela orain arteko anbiguotasuna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna