Urrats bat gehiago Forondan, 24 orduz zabalik izatera itzultzeko

Irune Lasa.
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Apirilaren 25etik aurrera Foronda 24 orduko aireportu izatera itzuliko da: astelehenetik ostiralera egun osoz hartu ahalko ditu hegaldi komertzialak, eta, asteburuetan goizaldeko orduetan soilik egongo da itxita —00:00etik 07:00etara—; orduan ere, bi orduko hegaldi tarteak zabaltzeko aukerarekin. Espainiakoaire nabigazioa kudeatzen duen Enairek jada emana du aldaketaren berri hegazkin pilotuentzako prestatzen duen agirian. Tramitazioan aurrera egiteko, orain, AENAren ingurumen inpaktuaren adierazpena faltako da.

2012. urtean galdu zuen Forondak 24 orduko ordutegia, AENak hainbat aireporturen baliabideak oinarri-oinarrizko mailan utzi zituenean, langileria 120 beharginetatik 30era txikituz, eta gaueko ordutegia praktikoki merkantzia garraiora mugatuz, hots, gauetara.

Azken zazpi urteetan gorabehera handiak izan dira Forondako aireportuaren orduetan, eskariaren araberako irekitzeekin eta abarrekin. Mariano Rajoyren gobernuaren 2018ko aurrekontuak babesteko EAJk PPrekin hitzartutako akordioan jaso zen Forondaren ordutegia handitzeko diru saila, baina aurrekontu haiek ez ziren aurrera atera, ezta 2019rako Pedro Sanchezenak ere. Gauzak horrela, azkenean Aenak jarri du dirua. Apirilaren 25etik aurrera, hamabost langile gehiago izango ditu aerodromoak —42 orotara—, hamar suhiltzaile, zentral elektrikorako hiru behargin eta eragiketetarako bi teknikari gehiagorekin.

Forondak atzean utzi ditu urterik okerrenak. Ryanairren etorrerak 2006. eta 2007. urte oparoak ekarri zituen, baina aire konpainia irlandarra joan zen, eta horri krisia gehitu zitzaion. 2013. urtean jo zuen hondoa: bidaiari kopurua ez zen 7.000 lagunera iritsi.

Ryanair

Baina, orain, nahiz eta 2007. urteko 173.000 bidaiariak ez dituen oraindik berreskuratu, Forondak azken hiru urteetan igoera ikusgarria izan du kopuruetan, iazko ekitaldia 140.000 bidaiarirekin ixteraino. Ryanairren itzulera dago horren oinarrian. Konpainia 2017ko martxoan itzuli zen, eta astean bitan hegaldiak egiten ditu Bergamora (Italia), Koloniara (Alemania), Sevillara (Espainia) eta Palmara; eta hirutan Tenerifera (Espainia). Horiei charter hegaldiak ere gehituko zaizkie Aste Santuan eta San Prudentziotan. Gero, ikusi beharko da, ordutegi zabalagoa izatea Forondari zenbateraino izango zaion baliagarri hegaldi gehiago erakartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.