Lapidek Israelgo presidenteari esan dio gobernu bat osa dezakeela

Netanyahu kargutik kenduko lukeen akordio bat adostu dute oposizioko alderdiek

Naftali Bennett Yaminako burua eta Yair Lapid Yesh Atidekoa hizketan, atzo, Knesseten. RONEN ZVULUN / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Azken orduan iritsi da albistea: Yesh Atid alderdiko Yair Lapidek Israelgo presidente Reuven Rivlini jakinarazi dio koalizio gobernu bat osatuko duela. Lapidek negoziazioak amaitzeko ordu erdi inguru falta zela lortu du indar politikoen arteko adostasuna, eta, hortaz, Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroaren agintaldi luzea amaitzeko pauso erabakigarrietako bat ematea lortu du.

Yesh Atiden buruzagiak «aldaketaren gobernua» deiturikoa osatzea lortu du, tentsioa eta zurrumurruak nagusi izan diren hainbat egunen ostean. Atzo gauerdira arteko epea zuen alderdi guztiak ados jartzeko, eta azken unean lortu ditu Zerrenda Arabiar Batua alderdi arabiarraren, Itxaropen Berria eskuindarraren eta Yamina eskuin muturrekoaren sinadurak.

Lapidek adierazi du gobernu berriak funtzionatu egingo duela, eta bere eskuetan dagoen guztia egingo duela «Israelgo gizartea elkartzeko»: «Horretarako konpromisoa hartzen dut».

Iragan asteburuan nabarmen areagotu ziren Lapid gobernura iristeko aukerak, Yaminako lider Naftali Bennettek adierazi ostean hura babesteko prest zegoela. Alderdiek hitz egindakoaren arabera, bi politikariek lehen ministro kargua txandakatuko lukete: gobernuaren lehen bi urteetan Bennettentzat izango litzateke kargua, eta ondorengo bietan, Lapidentzat. Bien bitartean, besteak Atzerri ministro kargua hartuko luke.

Azken orduko negoziazioak arrakastarako bidean zeudela, Netanyahuren Likud alderdiko parlamentariak elkarrizketak egiten ari diren eraikinaren aurrean elkartu ziren, gobernu aldaketaren aurka protesta egiteko. Jarduneko lehen ministroak gogor kritikatu du orain arte haren koaliziokide zirenen jarrera, nagusiki, Bennettena.

Israeli «traizio» egitea leporatu dio Yaminako buruari, eta adierazi ezkerreko gobernu batek «hondamena» eragingo lukeela.

Orain, Israelgo Parlamentuak atzo adosturiko akordioaren inguruan bozkatu beharko du, eta lehen ministro kargurako aurkeztuko duten hautagaitzaz iritzia eman ere bai. Horiek onartu arte, Netanyahuk Israelgo lehen ministro karguan jarraituko du.

Aldaketarako, hortaz, Lapidek parlamentua osatzen duten 120 diputatuetatik gutxienez 61en babesa beharko du; printzipioz, hori ziurtatua izango du, egunotan adosturiko akordioa betetzen badute, eta, beraz, azken orduko ezustekorik izaten ez bada. Izan ere, egunotan ordezkari batzuek eurenzalantzak jakinarazi dituzte.

Herzog, Rivlinen ordezko

Rivlini hilabete inguru geratzen zaio oraindik Israelgo presidente karguan, baina Knessetak jada aukeratu du haren ondorengo izango dena. Alderdi Laboristako lider ohi Isaac Herzogek irabazi zuen atzo goizean eginiko bozketa, Miriam Peretz hautagaiak baino 61 boto gehiago lortuta.

Herzogek uztailaren 9an hartuko du kargua, zazpi urteko agintaldiari hasiera emateko. Oraindik ikusteko dago ordurako nor izango den lehen ministroa. Chaim Herzog presidente ohiaren —1983tik 1993ra— semea eta Abba Eban Atzerri ministro ohiaren iloba da, eta hainbat kargu politiko izan ditu azken urteetan.

2005etik 2011ra bitartean hainbat ministerio gidatu zituen, Ariel Sharon, Ehud Olmert eta Netanyahuren agintaldietan. Azken agintari horrek laboristak gobernutik kanpo utzi zituenean, oposizioko buru bilakatu zen, 2018ra arte.

Parlamentua utzita, Israelerako Juduen Agentziako presidente izan da azken urteetan. Erakunde publiko hori Israelerako bidea hartzen duten migratzaile juduen iritsieraz arduratzen da.

Israelen presidenteak ez du botere legegilerik, lehen ministroaren eta haren gobernuaren esku baitago hori. Halere, karguak garrantzi berezia hartu du azken bi urteetan, presidentearen ardura baita gobernua eratzeko mandatua hautagai aproposenari ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.