Billy el Niño eta beste lau polizia frankista ikertuko dituzte estreinako aldiz

«Gizateriaren kontrako delituak» egin ote dituzten aztertuko du epaile batek. Franco ateratzeko erabakiari helegitea jarriko dio sendiak

Gonzalez Pacheco epaileen aurrean deklaratzen, 2014an. ZIPI / EFE.
Erredakzioa
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Lehenengo aldiz, Espainiako epaile batek aintzat hartu du Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño eta beste lau polizia frankistaren kontra jarritako kereila, eta ikertu egingo du «gizateriaren kontrako krimenik» egin ote duten. Orain arte, 30 kereila inguru aurkeztu dituzte Billy el Niñoren kontra, baina horixe da onartu duten lehenengoa.

Miguel Angel Gomezek jarri du kereila. Salatu duenez, birritan atxilotu zuten frankismoaren garaian, LCR Liga Komunista Iraultzaileko kide zelarik, 1971n eta 1973an, eta torturatu egin zuten polizia etxean inkomunikatuta egon zen bitartean.

1973ko atxiloaldiaren ostean, esaterako, hamabost egun eman behar izan zituen erietxean kartzelara sartu aurretik. Autoan, Maria Isabel Durantez epaileak esan du «zigor arau-hauste baten zantzuak» egon daitezkeela Gomezek salatutako gertaeretan.

Ceaqua frankismoaren biktimen plataformak adierazi du «aurrerapena» dela Gonzalez Pacheco eta gainerakoen kontrako kereila onartu izana, eta biktimen «bultzadari» esker gertatu dela hori.

Plataformaren ustez, urrats horrek balio beharko luke fiskaltzak bere irizpideak alda ditzan «hain delitu larriak» aztertzean.

Franco sendiaren helegitea

Francisco Franco diktadorearen senitartekoek iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean, Espainiako Gobernuak diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko hartutako erabakiaren kontra. Halaber, eskatuko dute Gorenak horren inguruan ebatzi bitartean erabakia bertan behera uzteko.

Espainiako Gobernuari igorritako eskutitz batean, Francoren senitartekoek berretsi dute haiek Madrilgo Almudenako katedralean ehortziko lituzketela diktadorearen gorpuzkiak hobitik aterako balituzte. Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du ez duela ontzat jotzen irtenbide hori, oso litekeena delako han Francoren aldeko omenaldiak ugaltzea.

Hala ere, Francoren senitartekoek ez dute beste lekuren bat proposatzeko asmorik, Auzitegi Gorenak, helegitea atzera botata, horretara behartu ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.