Jon Ander Egaña. Euskadiko Elikaduraren, Klusterreko zuzendaria

«Prezioak nahi eta nahi ez igoko dira»

ELIKADURA KLUSTERRA.
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ziurgabetasunez betetako egunak dira euskal enpresentzat, baita elikagaien sektorean ere. Baina Egañak gauza bat daki seguru: ekoizleek jada ezin dituzte prezioak mantendu, eta prezioak igo egingo dira kontsumitzaileentzat.

Elikagaien euskal industrian zertan ari da igartzen Ukrainako gerra?

Epe laburrean, eta salmentei begira, Errusia eta Ukraina ez dira garrantzizko merkatua. Enpresaren batek edo bestek izango du bezeroren bat handik, baina, orokorrean ez da arazorik handiena. Aldiz Ukraina Europako garautegia da, eta handik osagai asko datoz. Garia, artoa, zerealak, bai eta ekilore olioa ere...

Zein eragin izango du horrek sektoreko balio katean? Hasteko, pentsuen prezioa igoko da, eta garestiagoa izango da haragitarako abereak eta oiloak elikatzea. Eta hori igarriko da alor horretako ekoizpenen prezioan.

Transformazioan, adibidez, Ukrainatik etortzen da ekilore olioaren zati oso inportante bat. Eta olio hori estaldura likido gisa erabiltzen dutenei, kontserbagileei kasurako, faltako zaie. Alternatibak egon ahal dira, baina oso zaila da hori aldatzea. Hor arazoa egon badago jada, eta beste olioetan ere, espekulazioa tarteko, egongo dira arazoak. Gero, kostu energetikoak daude, latak egiteko materialen garestitzea ere.

Izan ere, metalen prezioak ere hor...

Jakina. Dena kate bat da, eta pandemiako egoeratik gatoz; ikusi dugu energia zenbat garestitu den, KPIak nola egin duen gora... Urtarrilean ere KPIa ere igo egin da, eta lan hitzarmenekin lan kostuak ere garestitu dira. Egoera txar batetatik gatoz, eta horrek egoera are txarragoa izatea dakar.

Egoera muturrekoa omen da ekilore olioarekin. Badago edo esan dizuete horrekin jada arazoak dituenik?

Bai, badaude arduratuta daudenak eta beste aukera batzuk bilatzen ari direnak. Badakigu kontserberetan olioa asko erabiltzen dela. Eta saltsa egileak ere berdin ibiliko da.

Haien arazoa ez da prezioa soilik; gauza da osagai hori ez dagoela.

Eta falta izanik, mundu guztia hasiko da beste aukeren bila. Gertatzen da, aldagai bat aldatzekotan, etiketak ere aldatu egin behar direla. Serigrafia berria egin behar duzu, baina ez dakizu noiz arte beharko duzun. Horrek guztiak kostua dauka; ahaztu gabe eskatzen duzunetik jasotzen duzunera hiru hilabete pasako direla.

Oraintxe, erabakiak hartzea oso zaila da. Oso-oso zaila. Batek daki agertokiak zein izan daitezkeen. Ez dakigu lehen sektorearekin zerikusia duten hango instalazioak ere kaltetuta irtengo diren. Egoerak orain bi urtekoaren antza dauka: egun batetik bestera gauzak aldatzen dira. Denborak beste perspektiba bat emango digu baina...

Mezuren bat edo oharren bat euskal kontsumitzaileei?

Prezio guztiak gora, enpresen marjina txikituz doa. Banatzaileekin, saltoki handiekin prezioak igotzea oso zaila izaten da, kontsumoa jaitsi egiten dela diotelako. Hor oreka bat dago, eta ekoizleak saiatu dira prezioak ez igotzen, marjina murriztuz-eta. Baina hori ezin izango da gehiago mantendu; prezioak, bai ala bai, igoko dira.

Politikariren batek esan du, hau denon artean ordaindu beharrekoa izango dela. Errusiako produktuak zigortzen baditugu horrek kostu bat izango du denontzako, bai haientzako eta bai guretzako ere.

Ez dut uste produkturik faltako direnik; egongo direlako alternatibak, baina horiek ere garestiagoak izango dira. Prezioak igoko dira, seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.