Arrantza pelagikorik ez!

2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aurtengo hegaluze kosteran ere sare pelagikoz arrantzatutako hainbat tona hegaluze porturatu da Ondarroan, zoritxarrez. Txalupa frantses eta irlandarrek sartu dute arrain hau portuan, bertoko arrantzaleentzako arrantza sistema hau ilegala delako. Arrantza metodo pelagikoa oso suntsitzailea da. Zergatik? Sare horrek aho zabal bat dauka gainaldean,futbol zelai baten tamainakoa, eta horregatik deskarte asko ere arrantzatzen ditu, gero behar ez diren babestutako espezie asko: dortokak, izurdeak, marrazoak... eta baita baleak ere.

Botaldi bakoitzean arrain asko harrapatzen duenez, normalena da arrain hori hilda eta apurtuta jasotzea txalupara. Gainera, debekatuta dauden beste tunido espezie batzuk ere arrantzatzen dituzte.

Hala ere, «gure» kontserberek apurtutako hegaluze horiek erosten dituzte, itxurak ez dielako ardurarik (arrandegiei bai, horiek arrainaren itxura asko zaintzen dutelako). Egokia izango litzateke Eusko Jaurlaritzak kontserbera horiek identifikatzea, gero propaganda faltsua egiten dutelako, euren arraina metodo tradizionalarekin atrapatu dela esaten dutelako, arrain hori banan-banan atrapatu dela esanez. Eta ez da egia izaten.

Bertoko arrantzaleek metodo tradizionala erabiltzen dute, eta arraina banan-banan atrapatzen dute, amua arrastatuz edo kanaberarekin. Beraz, kanpoko txalupa hauek konpetentzia desleiala ari dira egiten estatuko arrantzaleei, horiek arte selektibo ez-intentsiboak erabiltzen dituztelako, eta haiek metodo depredatzaileekin dabiltzalako. Gainera, tripulazio gutxiago erabiliz txalupa bakoitzean.

Ez hori bakarrik. Aurten, Frantziako flota pelagikoa uztaileko bigarren astean hasi zen kosteran, normalean abuztuan hasten bada ere. Eta bertoko txalupa tradizionalek estatuko arrantza kupoa amaitu dute, eta, bitartean, Frantzia eta Irlandako txalupek arrantzatzen jarraitzen dute.

Eguzki talde ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Bizkaiko Golkoko arrantza-errekurtsoak modu jasangarrian eta arduratsuan kudea ditzala, bertoko arrantzaleek atrapatzen dituzten espezieak zainduz, bere eskumenek ematen dioten ahalmenak erabiliz. Eta horretarako, kontuan har ditzala Ondarroa 12 mila Plataformak planteatutako ekimenak.

Gai honetan gehiago inplikatzeko eskatzen dio Eguzkik Jaurlaritzari, eta aplika ditzala berriro arrantzako 6/1998 Legearen 10. eta 11. artikuluak, zeinetan esaten den «arrantza autoritateak edozein neurri hartu ahalko ditu[ela] errekurtsoak zaindu eta babesteko», kofradiei eta baimendutako beste establezimenduei debekatuz pelagikoki atrapatutako hegaluzea (Thunnus Alalunga) porturatzea eta saltzea Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan (nahiz eta txalupa hauek euren arrantzua Fratziako mendebaldeko kostaldeko portuetan saldu). Eta kontrol hori modu definitiboan egin dezala, eta ez modu trantsitorioan, iaz egin zuen lez. Eta handitu dezala inspektoreen plantilla txikia, txalupa hauek orain baino hobeto inspekzionatzeko.

Bestalde, eskatzen dugu EBk euskal txalupei emandako kuotak ez daitezela pribatizatu eta publikoak izan daitezela, kofradiek kudeatuz eta kontrolatuz. Eta ez daitezela merkantilizatu, zimarroiaren (Thunnus Thynnus) kuotarekin gertatu den bezala, zeina Mediterraneoko enpresa bati saldu zaion, errentabilitatearen aitzakiaz. Eta orain, behar dugunean, ezin dugu erabili.

Eta EBri eta ICCATri eskatzen diogu kuotak (kasu honetan tunidoenak) banatu ditzala; batez ere, modu jasangarrian arrantzatzen duten txalupen artean (APKren 17. artikulua). Eta Bizkaiko Golkoan, 46. paralelotik behera, debeka dezala tunidoen arrantza pelagikoa, arrantza tradizionalaren lana ez oztopatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.