Albistea entzun

Txina, EBren bazkide arriskutsua

Europako Batasunak Txinarekiko estrategia aldatuko du. Bazkide izateari utzi gabe, aurrerantzean gehiago izango du lehiakidetik eta areriotik. Pekinekin duen harreman ekonomikoari eutsi nahi dio Bruselak, baina sektore batzuetan harekiko duen menpekotasuna arindu nahi du, «arriskuak» gutxitzeko.
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 21

Sukaldaritzaren sekretuetako bat da osagaien nahasketan asmatzea. Nekez aterako dira bi patata tortilla berdin, osagaiak berak izan arren. Europako Batasunari ere gauza bera gertatzen zaio Txinarekiko politikan. Asiako herrialdea «bazkidea, lehiakidea eta arerioa» da, Bruselaren doktrinaren arabera, baina hiru osagai horien arteko proportzioa aldatu nahian dabil orain: bazkide dosia gutxitu, eta lehiakidearena eta arerioarena handitu.

Hiru osagaien formula 2019an asmatu zuen, Brusela ohartu zenean Txina ez zela bazkide komertzial arrunt bat, helburu handinahiak zituela, eta horiek lortzeko egindako urratsek talka egiten zutela EBren interesekin. Helburu oso garbia baitu Xi Jinpingen gobernuak: munduko potentzia nagusia izatea, ekonomikoa batetik, baina baita politikoa eta militarra ere. Azken finean, iraganeko loria berreskuratzea da Txinako Alderdi Komunistaren ametsa, XIX. mendetik oraintsu arte luzatutako gainbehera behingoz atzean uztea.

Helburu horrek, noski, talka zuzena egiten du AEBekin. Bakarrarentzat dago lekua piramidearen erpinean, eta hor jarraitu nahi du Washingtonek. Barack Obama jada hasi zen AEBetako nazioarteko politika ekialderantz zuzentzen, eta Donald Trumpek Txinaren aurkako lehen neurri komertzialak hartu zituen, nahiz eta ez zuen aukerarik galtzen Xi «adiskidea» goresteko. Baina Joe Bidenekin hasi da modu argi batean munduko bi ekonomia handienen arteko haustura, ingelesez decoupling deitutakoa.

Bidenek debekatu egin du teknologia handiko zenbait mikrotxip Txinara esportatzea, herrialde hark Taiwani eraso egiteko baliatu ditzakeela argudiatuta. Baina, batez ere, Washingtonek inbertsio plan erraldoi bat jarri du abian —Inflazioa Gutxitzeko Legea (IRA, Inflation Reduction Act)—, energia fotovoltaikoan eta autoen baterietan Txinako inportazioak ekoizpen propioarengatik ordezkatzeko.

Bide horretan, Europako Batasuna erakarri nahian dabil Etxe Zuria, Mendebaldeko ikuskera komun bat dutela argudiatuz, eta Ukrainako gerrak berriro agerian utzi duen Europaren menpekotasun militarra baliatuz. Baina Washingtonen deiak pare bat hormarekin egin du topo Atlantikoaren alde honetan.

Macronen horma

Batetik, horma politikoa dago, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak irudikatzen duena. Zer du irabazteko EBk bi erraldoien arteko lehian AEBen alde eginda? Galdera horri EBren «autonomia estrategikoa» aldarrikatuz erantzun zion Macronek, apirilean Txinara egin zuen bisitan. Harrera beroa egin zioten, eta ahoan bizarrik gabe ziurtatu zuen Txina-Taiwan gatazka «geurea ez den krisi bat» dela. Xik ezin zuen gehiago eskatu.

Mezu horren atzean Frantziako presidenteak AEBekin duen «harreman txarra» ikusten du Alicia Garcia-Herrero Bruegel think-tank-eko Txinari buruzko adituak. «AUKUSekin gertatutakoa oso gaizki hartu zuen Macronek. Uste du AEBek ez dutela Europa aintzat hartzen, eta ernegatuta dago horrekin».

Macronek kritika gogorrak jaso zituen EBko hiriburuetan, baina kritikatu zutenetako askok ere ez dute Txinarekiko lotura ekonomikoa hautsi nahi, oso kaltegarria izango litzatekeelako. AEBekin batera, Txina da Europako Batasunaren merkataritza bazkide nagusia, baina oso harreman desorekatua dute: iaz Txinak 626.000 milioi euroren ondasunak saldu zizkion EBri, eta 230.500 milioi erosi zizkion. Desoreka hori gero eta handiagoa da: 2012az geroztik, %250 handitu dira Txinaren esportazioak, eta %75 EBrenak.

Bruselan garbi daukate arrazoia: Pekinek diruz laguntzen ditu bere enpresak, lehiakorrak izan daitezen, eta mugak jartzen dizkie Txinan aritu nahi duten Europako enpresei. Ahaztu gabe derrigortutako joint venture-k —autogintzan, esaterako— teknologia transferentzia handia eragin dutela, eta lapurreta intelektualak ugari izan direla.

Alemaniari interesatzen zaio gehien Txinarekiko merkataritza harreman onak izatea —EBk Txinara egiten dituen esportazioen %46 Alemaniak egiten ditu; autoak eta makinak dira nagusiki—, baina Berlinen ere tonua aldatzen ari da. Azken asteetan Olaf Scholz gobernuburuak eta Annalena Baerbock Atzerri ministroak esan dute «zoritxarrez» Txina gero eta gehiago dela arerio bat eta lehiakide bat.

Ukrainaren lezioak

Gauzak horrela, Europako Batzordeak ekainean aurkeztu behar die Txinarekiko harreman berrirako proposamena EBko kideei. «Txinarekiko estrategia aldatu egingo da, baina ez oso modu erasokorrean», baieztatu du Garcia-Herrerok. AEBetako decoupling-aren ordez, «de-risking» izango da hitz gakoa. Hau da, arriskuak gutxitzea, baina azken hamarkadetan eraiki diren ekoizpen kateak hautsi gabe. «Hasieran, soilik Txinarekiko menpekotasun handiena dugun inportazioekin gertatuko da. Esaterako, material kritikoen beste iturri batzuk bilatzen saiatuko da EB. Mugimendu batzuk izan dira jada: Taiwango konpainia batek [Prologiumek] bateria fabrika bat eraikiko du Frantzia iparraldean [Dunkerquen]; Suediako Northvoltek azkenean bai jarriko du baterien lantegia Alemanian...». Garcia-Herrerok uste du aldaketa ez dela soilik erretorikoa izango; «mamia» ere izango du.

EBren estrategia berriari Txinak mehatxuekin erantzungo diola ez du zalantzarik Bruegeleko analistak. «Gaur egun, zeresan handiena ematen ari den gaia da EBk Txinako enpresa batzuk zigortu nahi dituela, ustez Errusia militarki eta ekonomikoki laguntzen dietelako, helburu desberdinetarako balio duen teknologiarekin. AEBak dagoeneko zigortu ditu, baina haiei ez zaie ezer gertatu, eta gu mehatxatu egiten gaituzte. Txinak uste du, eta nire iritziz zuzen dabil, EB zigortu dezakeela». Mehatxuak eraginkorrak izango direlakoan dago Garcia-Herrero: «[Europar] Kontseiluan izango da kontrako botoa emango duenik, eta zigorrak ez dira indarrean jarriko».

Ukrainako gerra faktore garrantzitsua da EBren eta Txinaren arteko tentsioan. Oreka zail bati eutsi nahi dio Xik: batetik, Vladimir Putin «mugarik gabeko adiskidearen»alde mintzatzen da, eta haren petrolioa eta gasa erosten ari da, merke bada ere. Baina, bestetik, uko egin dio armak saltzeari, eta bada Putinek erretorika nuklearra asko itzali izanaren atzean Xiren eskua ikusten duenik.

Baina EBrentzat, ageriko neutraltasuna «erasotzailearen alde jartzea» da, eta Pekini gogorarazi dio Ukrainaren geroa gai «existentzial» bat dela batasunarentzat. Gainera, Ukrainako gerrarekin beste lezio bat ikasi du EBk: ez dela komeni atzerriko hornitzaile batekiko gehiegizko menpekotasuna izatea. Huts egin zuen Errusiarekin, eta Txinarekin ez du gauza bera egin nahi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©R. H.
Lehortearen eraginak, Fustiñanako zereal lurretan (Nafarroa). ©IÑIGO URIZ / FOKU

JATEN DUGUN LURRA

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
 ©ADRIANA CLIVILLE
Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ©ZSOLT SZIGETVARY / EFE

Ura, ekonomiaren zainetan

Irune Lasa

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...