Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Ba!

2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Atzean geratu dira euripean, ilunpean edo hoztuta egindako entrenamendu saioak. Uda ate joka ari da, eta jarritako helburuak betetzera aterako gara guztiak. Milaka izango dira bizipenak, irailera arte; algarak eta malkoak, ezintasunak eta amorruak, kafeak, luzaketak, joan-etorriak, lesioak... guztiek osatuko dute denboraldia.

Kuadrilla egokiena hautatuko du entrenatzaile bakoitzak, eta estropada jatera irtengo dira talde guztiak. Izenburuko oihuak emango dio irteera estropadari: «Ba!». Pala uretan duela, bere indar guztia aterako du arraunlariak; besoak luzatuta, bizkarra atzera botako du, hankekin lagunduta, eta atzera iritsitakoan, besoak bildu eta berriro luzatuko ditu, gorputzarekin aurrera egiteko. Eta horrela, luze osoan. Ziaboga iristean, patroiak zuzenduko du maniobra: zia eta kalka egingo dute ababorrek, paladak ematen jarraituko dute istriborrek, arraun txikia sartuko du aurrekalariak, ontzia biratu, eta segi. 1,5 itsas milia egingo ditugu emakumeok; eta horren bikoitza gizonek. Eman eta eman, beste sekreturik ez du kirol honek.

Indartsuak dira batzuk, ahulagoak gara beste batzuk; urduritasunarekin barre egingo dute batzuek, serio egongo gara beste batzuk; eskuak esparatrapuz beteko dituzte batzuek, ipurdian silikonazko txanoa jarriko dugu beste batzuok; ilea bilduko dute batzuek, bisera jantziko dugu beste batzuok... edonola ere, denek gauza bera izango dugu buruan: estropada hasi eta bukatzea, gure onena emanda.

Arraunzaleei udaz gozatzea opa dizuet, eta arraunlariren baten gertukoa bazara: bikotekide, guraso, anai-arreba, lagun, lankide... pazientzia izan ezazu harekin, eta ulertu itzazu haren umore aldaketak. Entrenatzaile, lasai hartu. Arraunlari, eutsi tiborta... prest.... ba!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.