Arrauna. Kontxako bandera

Perfekzioaren bila

Urdaibai, Hondarribia, Zierbena, Orio... luzexka da aurtengo Kontxako Bandera irabazteko hautagaien zerrenda. Gaur hasiko da argitzen, lehen igandean
ANDONI CANELLADA / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko irailak 2
Traineru denboraldiko borrokarik handienaren garaia da. Kontxako Banderaren lehen jardunaldia jokatuko da gaur (12:00, ETB1), eta, halakoetan ohikoa den bezala, faborito izaeraren neurriaz bereizten dira taldeak.

Eusko Label ligan erakutsi duen maila tarteko, bederatzi bandera irabazita, Urdaibai dago goi-goian. Joseba Fernandez entrenatzaileak, baina, aurkarien estrategiaren baitan jarri du hori: «Gu faboritoak, zergatik? Ez da izango Euskadiko Txapelketan eta Zarauzko Estropadako bigarren igandean erakutsi genuen mailarengatik».

Euskadikoan eta Zarautzen Hondarribiak astindu zituen ikurrinak, eta ligan hiru aldiz izan da irabazle. Hori ere goian da faboritoen zerrendan. Mikel Orbañanosek ihes egin dio kontu horri, eta arraunlariak tamainan estutu nahi ditu, presioaren zama pisutsu bilaka ez dadin.

Zierbena eta Orio ere ageri dira hautagaien artean. Oriotarrak dira iazko garaileak, eta beren burua gai ikusten dute berriz ere irabazle izateko. «Konfiantza daukagu», esaten dute behin eta berriz talde barrutik, eta Jon Salsamendik badaki zein den egin beharreko bidea: «Guk gure lana oso ondo egin beharko dugu, eta gai gara egiteko». Zierbenaren kasuan, uda osoan erakutsi du oso talde ona dela, azkar dabilela, eta, Kontxako bi estropadak estu joaten badira, tentuz zaindu beharreko taldea da.

Lau faboritoenak ez dira joango txanda berean. Orio eta Hondarribia lehenengoan daude, Cabo eta San Pedrorekin batera; Urdaibai eta Zierbena, berriz, bigarrengoan, Santurtzi eta Donostiarrarekin. «Txanda oso ona da», Orbañanosen ustetan. Cabo lotsagabe aterako da, eta abisua eman du Beni Silva entrenatzaileak: «Gaur [atzo] itsasoa guretzat bezala dago». San Pedro berea egitera doa: «Gure lana ondo egitea da helburua», Mikel Arostegi entrenatzailearen ustez. Santurtzi «gerrarako» dagoela iragarri du Iker Zabala entrenatzaileak, eta Donostiarra «urteko unerik onenean», Igor Makazaga entrenatzailearen iritziz.

Kontu txikiena, funtsezko

Salsamendi haizeari begira dabil, besteak beste: «Altxatuko zaie bigarren txandakoei, baina ikusi egin beharko da noiz eta norantz, lagungarri ere izan baitezakete». Fernandezek ere haizea du hizpide: «Alboko haizea dabil; ez zait gustatzen, deserosoa delako».

Eguraldi eta itsaso ona daude iragarrita gaurko, eta, Hondarribiako Xabier Etxebeste arraunlariaren ustez, «oso estropada azkarra izango da». Berdintasuna hausteko, entrenatzaileak kontu txikienak doitzen dabiltza, gaurko garaileak perfekziotik gertu ibili beharko baitu. Adierazgarria oso Salsamendirena: «Oraindik ez dut erabaki zer talde atera. Baldintzen arabera hautatuko dut».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna