Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

'Zertarako' ez da garrantzitsuena

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hemendik aurrera, hilabetean behin, txoko honetan izango nauzue hainbat kontu kontatzeko asmoz. Normalean, zientzia eta teknologia izango ditut hizpide, horiek baitira gertuen ezagutzen ditudan gaiak. Baina aktualitatearen haizeak gidatzen nauen tokiei ez diet muzin egin nahi. Lehenik eta behin, ohitura onei jarraituz, neure burua aurkeztuko dut: Gorka Azkune dut izena. Ikerlari eta irakasle gisa egiten dut lan Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean. Formakuntzaz, informatikaria naiz. Ordenagailuaren teklak zanpatzea izan da beti nire lana. Hala ere, ziurrenik zuetako askorentzat nahiko arrotza izango da nire egunerokoa. Azken batean, zer egiten du bada ikerlari batek? Beste gauza batzuen artean, galdera horri erantzutea izango da nire xedea hilabetero zuekin partekatuko dudan tartetxo honetan.

Nire ikerketa esparrua adimen artifizialean kokatzen da.Konkretuki, hainbat eratako sentsoreak erabiliz, makinek gizakien portaera uler dezaten lan egiten dut. Zertarako, ordea? Ummm... nire beste helburuetako bat da zuei azaltzea galdera horrek zientzialariongan sortzen duen deserosotasunaren zergatia. Zientzian «zertarako» ez baita galdera garrantzitsu bat. Gure helburua ezagutza berria sortzea da, aplikazioak alde batera utziz. Axola zaizkigun galderak «zergatik» eta «nola» izan ohi dira, ez «zertarako». Gure ikerkuntzen ondorioz aplikazio onuragarri bat sortzen dela? Bikain, noski, baina ez da hori gure helburua. Agian, pentsatuko duzu hori ez dela batere praktikoa. Ez al da hobeto dirua eta esfortzua arazo «errealak» konpontzeko erabiltzea? Historiak erakutsi digu ezetz. Iraultza teknologikorik handienak, gure egunerokoa aldatu eta hobetu dutenak, oinarrizko zientziaren ondorio izan dira. Bai, «zergatik» eta «nola» erantzutea lortu duten ikerketen ondorio. Adibideak nahi?

Pentsa ezazue GPSan, gaur egun gure sakelakoetan dugun lokalizazio sistema. Zeinen erraza den orain edozein lekutara bidaiatzea, ezta? Bada Einsteinek XX. mende hasieran ez balu erlatibitate orokorraren teoria landu izan, orain ez genuke GPSrik izango. Akaso Einsteinek teoria hura GPSak egiteko landu al zuen? Ez. Horrelakorik ez zitzaion pasatu burutik. Haren motibazioa askoz oinarrizkoagoa izan zen: garai hartako teoria fisiko batzuk ez ziren koherenteak. Puzzle hartan piezak falta ziren. Eta oinarrizko ikerkuntza horretan sortu zen ezagutza berriak, ia 50 urte beranduago, GPSa egiteko behar genituen osagaiak ekarri zizkigun. Horrelako beste adibide pilo bat eman diezazueket. Gaur egungo medikuntzan izandako aurrerapen handien atzean,XX. mendeko fisika kuantikoa dago, esaterako: erresonantzia magnetikoak, laser bidezko kirurgia...

Adimen artifizialaren mundua aplikazio-esparrutik askoz gertuago dago aipatu ditudan beste adibideak baino. Hala ere, oinarrizko ikerkuntza zeharo garrantzitsua da. Gaur egun, Google, Facebook eta antzeko enpresa erraldoiek diru pilo bat gastatzen dute oinarrizko ikerketa horietan, bai baitakite horrek onura handiak ekarriko dizkiela. Hemen, saiatuko naiz lan horien berri zuei ematen. Ahalik eta arinen, zuen kuriositatea asetzeko asmoz. Gaurkoz nahiko idatzi dut. Gaurkoz, «zertarako» galderari eman diot nire lehen kolpea. Etorriko dira gehiago...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.