Ester Quintana. Polizia indarkeriaren biktima

«Egin didaten min guztiaren erantzuleak nahi ditut bakarrik»

Bartzelonako Auzitegiak helarazitako sententziaz, Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziaren jarreraz eta inpunitatearen kontrako borrokaz mintzatu da Quintana.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ester Quintanari (Bartzelona, 1970) 2012ko azaroaren 14ko greba orokorrean aldatu zitzaion bizitza, etxera bidean zela, Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziaren D40 furgonetako agente batek gomazko pilota bat aurpegira jaurti zionean. Hiru urte eta erdi geroago, bi mosso akusatuak errugabetzen dituen sententzia jakin berritan hitz egin du BERRIArekin.

Lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Emozionalki eta fisikoki ahalik eta hoberen egoten saiatzen naizen arren, nekatuta eta, batez ere, erabat desengainaturik. Mossoen barkaziozko sententziak asko haserretu nau.

Duela astebete jakin zenuen epailearen sententziaren berri. Espero zenuen?

Tira, aitortu behar dut zigorgabetasuna nagusitu ez zedin auzitegiaren gutxieneko gaitzespen sinboliko bat espero nuela. Gogorra da; izan ere, hiru urte eta erdiz prozesu penal honetan murgilduta egon ondoren, eta froga guztiak gure alde edukita, epaileak nire bertsioa berresten duen arren, ez omen dago froga nahikorik baieztatzeko zein mossok bota zuen gomazko pilota jaurtigailu harekin. Etsigarria, benetan.

Goazen 2012ko azaroaren greba orokorrera. Etxera bidean zinela, Poliziaren oldarraldiak tartean harrapatu zintuen. Nola gogoratzen duzu?

Oso nekaturik nengoen arratsalde osoa manifestazioan zutik igaro ondoren, eta etxera iristeko gogoa nuen. Greba eguna zenez, ez zegoen metrorik, eta, beraz, oinez itzultzeko asmoa genuen. Passeig de Gracia gurutzatu, eta gu gindoazen bidean polizien mugimendu handia zegoela ikusi genuen; konturatu orduko, mossoek inguratu gintuzten. Beldur nintzen, mossoak armaturik eta gudan egongo balira bezala ikusten nituelako. Handik ateratzeko, poliziarik ez zegoen bidetik joaten saiatu nintzen, eta orduan jaso nuen kolpea aurpegian.

Zergatik egin zuten tiro? Ba al zen istilurik zu zeunden tokian?

Inola ere ez. Ez zegoen istilurik. Kalean gindoazen pertsonak geunden bakarrik, eta Polizia iritsi zenean nahasmena nagusitu zen, hori bai. Gerora, epaiketan poliziek adierazi zuten harri bat eta botila bat jaurti zizkietela. Hori hainbat poliziak zioten arren, bertan ginenon testigantzak eta epaiketan erabili diren irudiek kontrakoa erakusten dute guztiz.

Inoiz zalantzarik izan duzu mossoen jaurtigaiarekin?

Sekula ez. Jaurtigaiak mossoek zituzten bakarrik, eta, beraz, ez dago beste azalpenik. Ni oinez nindoan; atzera begiratu nuen, eta orduan jaso nuen kolpea. Orain diote ez zutela gomazko pilotarik bota, baizik eta foam bala, eta horrek gehiago haserretzen nau. Izan ere, horrek esan nahi du zuzenean burura tiro egin zidatela. Hala balitz, eta nik atzera begiratu izan ez banu, buruan emango zidan, eta, seguruenik, ezin izango ginateke orain eta hemen egon elkarrizketa hau egiten.

Gomazko pilotak 2014an debekatu ziren Katalunian, eta, orduz geroztik, foam balak erabiltzen dira. Aldaketarik badago?

Antza, foam jaurtigailuak askozaz zehatzagoak dira, eta talka zuzenagoa ahalbidetzen dute. Beraz, oso larria iruditzen zait sententziak ateak zabalik uztea foam jaurtigailua erabiltzeari, akusatutako poliziak babesteko. Ikusitakoa ikusita, eta, mossoek esaten duten bezala, ni foam bala batek mutilatu baninduen, zalantzarik gabe kendu behar dira. Arazoa da oraindik berriegiak direla eta, beraz, ez dagoela literatura zientifikorik eragin ditzaketen ondorioen inguruan. Hor dute babesa aginpideek.

Hala ere, eta epaiketan aurkeztu bezala, auzitegi medikuek argi utzi zuten zure zauria gomazko pilota batek eragin zuela, ezta?

Epaileak ikerketa egiteko izendatutako auzitegi medikuak esan zuen nire zauria bateragarriagoa zela gomazko pilota batekin foam balarekin baino. Baina, gainera, egun hartan egon ziren polizien testigantzek azaltzen dutenaren arabera, tiro egin zuen mosso bakarra D40 furgonetako gomazko piloten eskopetaduna izan zen.

Zer ondorio eragin dizkizu jaurtigailuak?

Begia erabat galdu nuen, hasieran berreskuratzen saiatu baziren ere, eta protesia daramat orain. Horretaz gainera, talkak begia lehertu eta inguruko guztia desegin zidan; masailezurra eta sudur hezurra mugitu zitzaizkidan, eta inguruko giharrek indarra galdu zuten. Ebakuntzen ondoren, masailean bi titanio xafla jarri zizkidaten, baina hortzetan mina dut oraindik ere. Azken finean, arazoa ez da bakarrik begi bat galdu dudala, baizik eta bizitza aldatu zaidala erabat: buruko mina dut, nekatu egiten naiz, ez dut ongi ikusten, eta betiko joan beharko dut psikologoarengana. Sufritu dudana ez diot inori desio; pentsatze hutsarekin oilo ipurdia jartzen zait [besoak erakutsi ditu].

Inoiz deitu al dizu Felip Puig Barne kontseilariak?

Ez, sekula ez. Barne Kontseilaritzako beste batek deitu zidan zauritu nindutenean, mossoak non zeuden galdetzeko. Baina Puig ez da gai izan nirekin hitz egiteko.

Berak argi zuen hasieratik ez zegoela «jaurtigailurik».

Berak zalantza gehiegi zuen, eta horregatik eman zituen hainbeste azalpen. Azken finean, bere izena zalantzan gelditu da. Argi dago bere mailako karguan dagoen edonork erabateko segurtasuna izan behar duela baieztapenak egiteko.

Duela egun gutxi, Jordi Dalmau inspektoreak baieztatu du tiro egin zuen polizia ezkutatzen ari dela. Hala eta guztiz ere, badirudi bertan behera utzi dutela ikerketa.

Ez dakit zergatik hitz egiten duten. Dagoeneko sei edo zazpi azalpen ezberdin eman dituzte, eta epaiketan argi gelditu da nire ekarpena zuzena dela. Orduan, zergatik jarraitzen dute bueltak ematen? Zera egin behar lukete: egun hartan furgonetan zeuden polizia guztiak hartu, eta erantzulea atera arte kargutik kendu. Ez baitugu ahaztu behar niri hau egin zidana kanpoan dela eta, beraz, berriz gerta daitekeela.

Zure abokatu Laia Serraren ustez, desertua gurutzatu duzue ur botila bakarrarekin. Ados zaude?

Zalantzarik gabe. Oso zaila izan da, eta oso pozik gaude iritsi garen tokira iristeagatik, baina pentsa Laia Serra eta Carla Vall abokatuek, nire bikotekideak eta laurok hartu dugula zama guztia gure gain. Gure esku genituen froga guztiak eman ditugu, adituen txostenak idatzi ditugu gomazko bala bat izan zela erakusteko, eta argi dago oso gogorra izan dela Barne Kontseilaritzaren, Generalitatearen eta Mossos d'Esquadra osatzen duten 17.000 kideen kontra borrokatzea. Orain, egin didaten min guztiaren erantzuleak nahi ditut bakarrik. Eta gaur egun dugun polizia eredua gai ez bada hori argitzeko, alda dezatela.

2012ko azaroan, pentsatzen al zenuen iritsi zaren tokira iritsiko zinela?

Gogoa jarrita, dena da posible. Baina egia da zalantzan nintzela epaiketara iritsiko ote ginen. Garrantzitsuena da bidean gauza asko lortu ditugula: polizia ereduen inguruko eztabaida ireki zen; polizien jardueretan aldaketak egon dira; identifikazio zenbakiak txertatu zituzten; gomazko balak debekatzea lortu genuen; biktimen erreparaziorako protokoloa gauzatu zen… Tira, gauza asko dago egiteko oraindik, baina argi dago aurrerapauso itzela dela.

Prozesu eratzailean murgilduta dago Katalunia orain. Zein uste duzu dela Puigdemonten erantzukizun nagusia halakorik berriz ez gertatzeko?

Hasteko, polizien jarrera kontrolatzeko metodoak ezinbestekoak dira. Argi baitago, nire kasuan, gerora egon diren beste hainbatetan bezala, gaur egun politikariek gauza gutxi dutela esateko Poliziaren aurrean. Kontrolik balego, aspaldi eskatuko zituzten hainbat eta hainbat erantzule. Azken finean, Poliziak armak erabiltzen ditu gu zapaltzeko, eta gaur egun ez dago borondate politikorik gauzak aldatzeko, baina egon behar luke.

Politikariez hitz egiten ari garela, 2014an CiU, ERC, PP eta Ciutadans alderdiek ukatu egin zuten zu gomazko bala baten biktima zinela. Duela bi egun, Puigdemontek adierazi du Kataluniako Gobernuak interesa duela egia jakiteko. Zein erantzun eman dizute erakundeek? Nahikoa egiten ari dira?

Laidogarria izan da. Hasieratik ez zuten nahi izan nire bertsioa sinetsi. Hiru urte eta, guztira, beste hiru Barne kontseilari pasatu behar izan dira aitortzeko mossoen artean zegoela erantzulea, froga guztiek egiaztatzen zuten bezala. Niregana ez zen inor etorri. Sei egunez egon nintzen ospitalean, eta mossoak etor zitezkeen orduan, gutxienez, nire osasunaren inguruan galdetzeko. Hilabete geroago joan behar izan nuen epailearengana nire azalpena ematera.

Edozein modutan, orain, sententzia jakinda, zertan ari zarete? Itxaropenik baduzu auzia berriz irekitzeko?

Oraindik ez dugu erabaki zer egingo dugun sententziaren aurrean. Beraz, ezin dizut erantzun.

Inpunitatetik inpunitatera: ezer aldatzen ez bada, datorren astean itxiko da Iñigo Cabacasen ikerketa. Izan al duzu harremanik haren familiarekin?

Zuzenean familiarekin ez, baina haren lagunen eta Iñigo Gogoan herri plataformaren bitartez izan dut kontaktua. Hala ere, izugarri gustatuko litzaidake haiek ezagutzea, besarkatzea eta nire babesa eta estimua dutela jakinaraztea. Izan ere, asko sentitzen dut; uste dut berak zorte txarra izan zuela, edo nik ona, ez dakit. Uste dut bidegabekeria gehiegi dagoela Cabacasen kasuan ere.

Euskal Herrian, oraindik erabil daitezke gomazko pilotak.

Tamalgarria da, bitan izan baitute debekatzeko aukera, eta ez dute hala egin. Are larriagoa iruditzen zait Iñigo Cabacasen heriotza tartean egonik. Baina tira, antza, gomazko pilotek eta foam balek hor jarraituko dute, bidean beste hainbeste biktima utzita.

Nola da posible aipatutako kasu horietatik gehienetan Poliziak zigorrik jaso ez izana?

Oso erraza: zigorgabetasuna. Mossoek euren identifikazioa eragozten dute behin eta berriz: tapatuta doaz erabat, begiak bakarrik bistan utzita. Bestetik, euren aginpidea gainontzeko guztionaren gainetik dago. Eta hori aldatzea ezinbestekoa da: biztanle guztiok berdinak izan beharko genuke legearen aurrean.

Zer duzu esateko egun hauetan Gracian izan diren istiluen harira?

Ez dakit nola amaituko den, testuingurua zaila baita. Jabetza pribatu bat dago, okupazioa aldarrikatzen duen herri mugimendu bat, bizilagunak daude, mossoak, Generalitatea, Bartzelonako Udala… Ez dut iritzirik eman nahi, ezin bainaiz objektiboa izan. Min handiegia egin didate, eta, beraz, uste dut inork ez lukeela indarkeriarik erabili behar, ez batzuek eta ez besteek. Beraz, espero dut denon mesederako irtenbidea topatzea.

Zein izango da zure borroka hemendik aurrera?

Oraindik pentsatzen ari naiz norantz jo, baina argi dudana da nik justizia behar dudala. Nire babesean Ojo Con Tu Ojo herri plataforma sortu zen, baina konturatu ginen nirea bezalako kasu ugari zeudela. Beraz, lortu ditugun aurrerapausoak garrantzitsuak izan dira, eta, bidean jarriko dizkidaten traben gainetik, gizarteak behar duen justiziaren aldeko borrokan jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.