Italiako Giroa

Haizea baino arinago

Gannak etapa eta lidergoa lortu ditu Giroko lehen etapan, erlojuaren aurka. Nibali, Fuglsang eta Kruijswijk ezinean aritu dira, haizearengatik

Haizea baino arinago.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Elastikoen bilduma ederra ari da osatzen Filippo Ganna (Ineos). Italiako erlojupeko txapeldun bihurtu zen lehenik, diziplina horretako munduko txapeldun gero, eta, atzo, Italiako Giroko lehen maglia arrosa jantzi zuen; erlojuaren kontra, nola ez. Ondo baino hobeto bete zituen iragarpenak, indar erakustaldia eginda:orduko ia 59 kilometroko abiaduran osatu zuen 15 kilometroko saioa. Goitibehera lasterketa baten modukoa izan zen, ia dena baitzen maldan behera. Hau da, Gannak etekina atera ziezaiokeen bere gorpuzkera sendo eta gihartsuari. Halaxe izan zen: 15 minutu eta 24 segundoan gelditu zuen kronometroa, Joao Almeidak (Deceuninck) eta Mikkel Bjergek (UAE) baino 22 segundo bizkorrago.

Haizea baino azkarrago aritu zen Ganna, haizeak gogor jo baino lehen. Espezialista izanda, berandu gabe abiatzea erabaki zuen Ineosek, aurrerago egon zitezkeen ufada bizien beldur. Geraint Thomasekin ere apustu bera egin zuen. Bada, jokaldi bikaina izan zen: Gannak etapa irabazi zuen, eta Thomasek alde handia atera zien aurkari gehienei. Simon Yates ere (Mitchelton) goiztiar ibili zen, eta eskerrak. Beldur zen izan zezakeen galeraz, zeren ibilbidea, haren esanetan, ez baitzen batere egokia bere ezaugarrientzat. Bada, txukun aritu zen: 26 segundo baino ez zizkion atera Thomasek. Galera txikia da, batik bat beste faboritoek izan zutena kontuan harturik: Thomasekiko 1.06ko atzerapena izan zuen Vincenzo Nibalik (Trek), 1.21ekoa Steven Kruijswijkek (Jumbo Visma) eta 1.24koa Jakob Fuglsangek (Astana). Azken txanpan atera ziren hirurak, eguraldi dezentez petralagoarekin.

Pello Bilbao (Bahrain) izan zen irteten aurrenekoetako bat, eta lehen postuan izan zen behin-behinean, 16.23ko denbora eginda. Gutxi iraun zuen aulki beroan, Almeidak ez bezala. Portugaldarrak 15.46 behar izan zuen ibilbidea osatzeko, eta haren marka ordu eta erdiz izan zen indarrean. Eskarmentu handiko espezialistak ez ziren fin ibili: erori egin zen Victor Campenaerts (NTT), haizearekin arazoak izan zituen Rohan Dennisek (Ineos), pedal kolpe apala izan zuen Alex Dowsettek (Israel)... Jonathan Castroviejo ere (Ineos) ez zen batere ondo moldatu. Thomas izan zen aurpegia eman zuen bakarra: laugarren bukatu zuen, 23 segundora.

Beteranoen ordez, gazteek egin zuten distira. Lehen hiru postuak Gannarentzat, Almeidarentzat eta Bjergentzat izan ziren, eta bosgarren Tobias Foss (Jumbo Visma), 31 segundora. Laurak dira 25 urtetik beherakoak. Almeidak, gainera, urratsa egin zuen sailkapen nagusiaren lehian. Harekiko ia minutua galdu zuen Aleksandr Vlasovek (Astana), onenen artean zeresana eman dezaketen beste gazteetako batek. Lasterketa utzi behar izan zuen haren taldekide Miguel Angel Lopezek, erdibideko mugarrian muturreko handia hartuta.

Euskal herritarren artean, Bilbaok lortu zuen posturik onena: 25. izan zen, 59 segundora. Castroviejok 35. bukatu zuen, 1.06ra; 61. Oscar Rodriguezek (Astana), 1.22ra; eta 140. Victor De la Partek (CCC), 2.12ra. Izango dituzte zeresana emateko aukera hobeak.

Jaitsieraren ostean, maldak

Giroak Sizilian jarraituko du datozen egunetan, eta errepideak goranzko joera hartuko du pixkanaka. Gaur errematatzaileak sartuko dira jokoan, ia lau kilometroko koska batean egongo baita helmuga. Ikusteko dago Peter Sagan (Bora) aurrean sartzeko gai den. Eta bihar, berriz, igotzaileen txanda irtsiko da, Etna sumendian bukatuko den etapan. Ziurrenik, sua piztuko dute atzo denbora galdu zuten faboritoek.Ezin dira zain gelditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.