Jone Uria zuzenean eta Etxahun Lekue puntuka, Bilboko finalera

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatu dute Lekeition, eta zehaztu da finalisten zerrenda. Zortziko txikian bizi eta fin aritu dira seiak, entzuleen gozamenerako
Jone Uria, finalera zuzenean sailkatzea lortua zuela jakin berritan, Arrate Illaro eta Ander Elortegi zorionak ematen ari zitzaizkiola.
Jone Uria, finalera zuzenean sailkatzea lortua zuela jakin berritan, Arrate Illaro eta Ander Elortegi zorionak ematen ari zitzaizkiola. GORKA RUBIO / FOKU

Iraitz Mateo -

2018ko abenduak 2
Jone Uriak irabazi zuen atzo Bizkaiko Txapelketako azken finalaurrekoa, 508,5 puntu lortuta. Hala, finalerako sailkatu zen zuzenean. Ondoren sailkatu ziren, hurrenez hurren, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Ander Elortegi, Txaber Altube eta Arrate Illaro. Beteta zegoen Lekeitioko (Bizkaia) Santi Brouard pilotalekua. Giro beroa eta entzulea bertso gosez sumatzen zen finalaren atariko kanporaketan. Mikel Laboaren heriotzaren urteurrena gogoan, batek baino gehiagok omendu zuen musikaria, agurrean haren doinuak erabiliz.

Zortziko handiko lanak argudiaketarako baliatu zituen seikoteak. Lekuek eta Ajuriagojeaskoak harrerako haur bat izan zuen bikotearen rolean abestu zuten. Duela hilabete gutxi itzulia zen ume hori bere familia biologikoarengana, eta Lekuek berriz izan nahi zuen esperientzia hori. Ajuriagojeaskoak, ordea, erabakia hartzeko denbora behar zuela zioen. «Ta zuk dinozu denbora falta/ ta ein behar geunkela etena/ ba denbora da hain zuzen eurek/ faltan izaten dabena», esanez hasi zuen ofizioa Lekuek. Denbora beharrezkoa zuela erantzun zion Ajuriagojeaskoak, bere sentimenduak azalduz: «Sentitzen bainaz neure umea/ galdu izan baneu moduan».

Zortziko txikiarekin berotu zen giroa saioan, eta entzulearengan ere nabari zen txikiak ematen duen bizitasuna entzuteko gogoa. Fin eta fresko ibili ziren Altube eta Lekue. Altube Lekueren taxira igo zen Lekeition, gidariak aireportura eraman zezan; ordu erdi pasatu ostean, herritik atera gabe zeuden artean. Azkenerako, honela esan zion Altubek: «Hurrengo kurba horretan/ sakatu frenoa/ itxi nagixu hemen/ Bizkaibusez noa». Bertsoaldi osoan freskotasuna transmititu zuen saioko gazteenak. Eta Lekuek, berriz, azkenera arte gorde zuen herrian bueltaka ibiltzearen arrazoia: «Nik ez zaiut itxiko/ akaso egin salto/ zergatik egiten dodan/ azaldu beharko/ aurrekoan joan zinenean/Lekeitiotik kanpo/ Uberreko bategaz/ joan zinelako».

Uriak eta Elosegik ere bertsoaldi polita osatu zuten lan horretan. Hasierako sakearekin, batez ere. Uriak berbalagun talde batean eman zuen izena euskara praktikatu asmotan, eta Elosegik, praktikatu nahi zuten horiei laguntzeko. Talde bera egokitu zitzaien, eta Elosegi ez zen isiltzen. Uriak, Euskaraldiarekin lotuz, hasieratik zuzen: «Belarriprest naiz baina/ ez hainbesterako». Hitz joko berarekin jarraituz erantzun zion Elosegik: «Zu belarriprest eta/ ni berriz naiz txapa».

Aldarria eta gaurkotasuna

Aldarrikapenerako ere izan zuten hamarreko txikian. Pentsio duinen aldeko protestan topatutako bi erretiraturen azalean kantatu zuten Lekuek eta Illarok. Pentsio duina zuen Lekuek; Illarok, berriz, bizitzeko estu zebilela zioen. Lekuek hasi zuen ofizioa: «Zure egoeran barri/ badakit bestalde/ Bilbo astelehenero/ pasaz aldez alde/ zure eta ostean/ datozenen alde». Illarok galdetu zion ea zergatik ez zuten berdin kobratzen lan gehiago ez bazuen egin. Eta, ixteko, gazteengan jarri zuen begirada: «Ingurura beituta/ gazteak non daude?/ Hoiek ez dute izango/ pentsiorik ere».

«Zuen begiradak gurutzatu dira. Urduri jarri zara». Horixe kartzelako gaia. Begi ezberdinetatik abestu zuen bakoitzak. Uriak bilobaren izena ahaztu zuen amonaren rolean abestu zuen. Afari osoa «bihotza eta laztana» deitzen pasatu ondoren, begiradak gurutzatzerakoan lotsa eta mina sumatu zituela azaldu zuen. Hirugarrenean: «Ta begiradaz barkatu esan/ eta esan diot hala:/ eskerrik asko egitearren/ ezer ez balitz bezala».

Lekue, berriz, Iñigo Cabacasen epaiketako ertzain baten larruan jarri zen. Lehenean azaldu zuen:«Gogoan daukat Indautxun/ pasatu gendun gaba/ epaitegiko gelan/ gaur parez pare gara/ duintasuna dario/ Cabacasen ama da».

Atzokoa azken finalaurrekoa zen, eta hilaren 15ean Bilboko Miribillan finala jokatuko duten zortzi bertsolarien zerrenda hau da: Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo eta Aitor Bizkarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria