Beatriz Herraez. Artium museoko zuzendaria

«Artiumek eragile aktiboa izan behar du euskal artearen kartografia berrian»

Herraezek konpromisoa hartu du museoa erronka berriei begira jartzeko. Haren ustez, Artiumek «indartsu» egon behar du euskal museoen artean. Ohartarazpen bat egin du: obrak atxiki eta bilduma handitu behar da, «berandu baino lehen».

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Belaunaldi berriko olatuaren adibideetako bat da Beatriz Herraez (Gasteiz, 1974). Ezagutza eta trebetasun handiko gazteak dira; sektorean ibilbide azpimarragarri bat dute dagoeneko, baina beti besteen itzalean hazi izan dira. Orain, ordea, argitara ateratzeko garaia heldu zaie; ibilbidean beste urrats bat ematekoa, erakundeen gidaritza hartzekoa. Aldeko dituzte ilusioa, gogoa eta energia, beste ezeren gainetik.

Sei hilabete dira Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoaren zuzendari kargua hartu zuela. Patronatuko kideek eta aditu talde batek aho batez onartu zuten haren izendapena. Museoa indartu, eraberritu eta aro berrira egokitzea du erronka nagusitzat. Ekin dio martxari dagoeneko, eta pentsatzeari, museoak «asko» baitu gogoetatzeko; bai programak berak, bai eraikinak ere. Apustu berriak egin beharraz mintzo da, etorkizunera begira jartzeaz, baina orainaldiaren koordenatuak galdu gabe betiere.

Martxan zara dagoeneko. Zertan aritu zara hilabete hauetan?

Proiektu, ideia eta bide orri batekin hartu nuen lur, baina horiek bat egin behar dute orain bertako langile eta lan dinamikekin. Hilabete hauek horretan eman ditut: edukiak nola txertatu pentsatzen eta indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren aztertzen, batez ere. Ideia batekin etorri arren, proiektu hori aberastu egin da orain, museoan bertan.

Eta zeintzuk dira museoari sumatzen dizkiozun ahulgune eta indargune nagusiak?

Ahulguneei dagokienez, argi dago aurrekontua dela agerikoena: murrizketa handiak izan ditu aurrekontuak, eta errekuperazio garaian dago orain. Horrez gain, birpentsatu beharra duen eraikin bat ere badugu. Indarguneei dagokienez, egiten duen lana ongi ezagutzen duen gizatalde bat dagoela esango nuke, ia bi hamarkada daramatzana museoan lanean. Eta, jakina, bilduma eta funts esanguratsuak ditugu: XX. eta XXI. mendeko euskal eta espainiar artista esanguratsuenen lanek osatzen dute, eta horietako asko giltzarri izan daitezke arte plastikoen azken urteetako bilakaera ezagutarazteko.

Arlo ekonomikoari dagokionez, Daniel Castillejo aurreko zuzendariak aitortu zuen krisiaren eraginez urte gogorrak pasatu zituela. Nola dago museoa?

Ez dira urte errazak izan, ez soilik Artiumentzat, artearen munduan oro har lan egiten dugun guztiontzat baizik. Baina talde politikoen eta erakundeen hitza eta inplikazioa daude, museoa babestu, lagundu eta indartzeko. Babes handia jaso dut, eta eskertu behar dut hori.

Izan duzu harremanik erakundeekin karguan zaudenetik?

Zain gaude oraindik. Baina azpimarratu nahi dut kontzientzia badagoela, eta egoeraren araberako neurriak hartzen ari direla: Bilboko Arte Ederren Museoa nola indartu pentsatzen ari da Miguel Zugaza; Tabakaleran ere proiektu bat abian dago; Txillida Leku ireki dute berriz; Nafarroan ere ari dira egiturak berregiten... Ardatz horretan egon behar dugu, eta bagaudela esango nuke. Artiumek indartsu egon behar du gizartearen eta artearen aniztasuna eta aberastasuna irudikatzen dituen ardatz horretan.

Castillejok hamar urte egin ditu karguan; zuk bost urte egingo dituzu printzipioz. Norabide aldaketa behar zuen museoak?

Proiektu bakoitzak bere nortasuna dauka. Martxan jarriko dudana bost urterako da, eta uste dut izango dituela berezitasunak, besteak beste, bildumaren funtsekin egiten diren lanetan. Berreskuratu nahi izan dut kronologiaren irakurketa, adibidez; horregatik, 1980ko eta 1990eko hamarkaden irakurketa bat egingo dugu datorren urte hasieran.

Zer lan ildo nagusi izango dituzu?

Aldi baterako erakusketek bildumako erakusketekin harremana izatea nahiko nuke, eta elkar elikatzea. Gauza positibo bat dago museoan: orainaldian gertatzen ari denari erantzuna ematen dion bilduma bat dago, eta horri eutsiko diogu. Orain egin behar baita hori, eta ez artista ia desagertzear denean, orduan ezinezkoa izango baita. Horrez gain, aldi baterako erakusketetan ere, egungo artistak nazioarteko joerekin erlazionatuko ditugu. Eta hirugarren ildoa izango da berdintasun politikak martxan jartzea. Museoak ere askotarikoa izan behar du, eta gizartearen aniztasuna islatu behar du. Beharrezkoa da esparru guztietara zabaltzea, eta ez soilik erakusketetara mugatzea.

Kargua hartzean adierazi zenuen zubi lana egingo zenuela kulturaren eta hiriaren artean, gizartearen eta arte garaikidearen artean. Nola egingo duzu?

Lantzen ari garen ildoetako bat publiko zabalari irekitako programak dira. Ekintza ugari izan dira orain artean, baina nahiko genuke programa bat abian jarri hezkuntzari buruzko ekintza eta egitasmo guztiak azpimarratuko dituena. Oso garatuta daude ikastetxeekin batera egiten ditugun programak. Harremanak estutu nahi ditugu unibertsitatearekin ere. Horretan ari gara: ateak ireki eta publikoa erakarri nahian.

Ikusleei buruz ari zarenez, nor erakarri nahi duzu museora?

Nahiago dut publiko desberdinei buruz hitz egin haien jatorriari buruz baino. Azken urteetan kanpotik etorritako bisitari asko izan dugu; nabari da, eta esango nuke eragina duela penintsularen iparraldean eratzen ari den museoen ardatz berri horrek. Baina uste dut Artiumek hiriari begira ere jarri behar duela, baita lurraldeari eta gainerako euskal museo eta hiriei begira ere. Aztertu behar dugu nola izan euskal artearen erreferentziazko museo bat.

96.000 bisitari izan ziren museoan iaz. Kopurua handitzea erronka bat da?

Garrantzitsua da zenbakiz haztea, baina are garrantzitsuagoa da jakitea nortzuk diren bisitari horiek, eta zifra horietaz ari garenean ahaztu egiten zaigu askotan. Zenbat ikasle igaro dira? Zenbat unibertsitateko ikasle? Zenbat turista? Nolako fidelitatea dute bisitari horiek? Hain zuzen, hori da Artiumen indarguneetako bat: publikoaren fidelitatea. Horri eutsi behar diogu, eta aztertu behar dugu nola zabal dezakegun beste esparru batzuetara.

Artiumek bilduma garrantzitsua du. Zer egin nahi duzu horrekin?

Esango nuke bi bide ditugula: alde batetik, zer daukagun aztertu behar dugu; bestetik, zer falta zaigun. Funts ona izan arren, baditu hutsune batzuk. Urte luzez ez da aurrekonturik izan obrak erosteko, eta horrek eragina izan du.

Bada handitzeko aukerarik?

Aurten ia lau milioi euroko aurrekontua izango dugu, eta beste 70.000 euro erosketetarako. Etorkizunean handitzea espero dugu, baina, zalantzarik gabe, orainaldiari begiratu behar diogu, oraingo artistei. Museo izateko arrazoia ikerketarekin, kontserbazioarekin eta ondarearen hedapenarekin dago lotuta. Arte garaikideko museo batek bere funtsak ikertzea eta haiei balioa ematea izan behar du oinarri. Ikusi besterik ez dago museo handiei zer gertatzen zaien: bizi dugun aldi ekonomikoarekin ezin dituzte lan historikoak eskuratu, gehienek jabe pribatuak dituztelako eta ezinezkoa delako publikoa pribatuarekin lehiatzea. Paradoxa handiak gertatzen dira halakoetan: herrialde baten historia kontatzeko giltzarri izan daitezkeen obrek ezin dute publikoaren parte izan. Garrantzia eman behar zaio horri, areago bizi dugun garai apokaliptiko honetan. Bilduma publikoak zaindu, aintzat hartu eta sostengatu egin beharko lirateke.

Hogei urte betetzear da museoa. Zer paper jokatu behar du Artiumek zehazki?

Uste dut funtsezkoa dela arte garaikidearen euskal museo moduan jardutea. Eta horrek esan nahi du balioan jartzea eta erakusketak antolatzea bildumarekin edo bildumaren inguruan. Aurrera egiteko balioko digu, baina baita atzera egiteko ere. Internazionalizazioa ere badago: bertakoaren eta nazioartean gertatzen ari denaren arteko hartu-emana erraztu behar dugu.

Baina garrantzitsua da, halaber, gure mugetan gertatzen ari denari ere begiratzea. Nire programaren ideia nagusietako bat izan da hori hasieratik: Artiumek eragile aktiboa izan behar du euskal artearen kartografia berrian. Mapa berri horretan kokatu behar dugu: Donostian San Telmo eta Txillida Leku ditugu; Bilbon Azkuna Zentroa, Arte Ederren Museoa eta Guggenheim; eta Gasteizen, Oihaneder eta Arte Ederren Museoa. Baina Artiumek motorretako bat izan behar du. Arte garaikidearen euskal museoa gara, eta mapa berri horretan pisu handia izan behar dugu.

Komisario eta ikerlari lanetan aritu zara izen handiko nazioarteko hainbat museotan. Eraginik izango du horrek?

Lan egin dut hainbat espazio eta testuingurutan, baina beti aritu naiz euskal artistekin. Horrez gain, komisario moduan lan egin dudanean ere, Madrilgo Reina Sofia museoan aritu naiz, adibidez, baina baita Gasteizko Oihanederren ere. Uste dut orain artekoak lagunduko didala museoak bete behar dituen misio guztiak betetzen: hau da, eragina izango du museoaren eginkizunera hurbiltzeko dudan moduan, bai eta bildumen sorkuntzara eta, jakina, kontakizun historikoetara ere. Hori baita museoan egiten duguna: narrazioak sortu. Beti esaten dut gauza bera: erakusketa bat egitea ez da soilik objektuak horma batean paratzea. Irudi bat beste baten alboan jartzean, zerbait kontatzen ari zara, ezberdina litzatekeena beste irudi batzuekin.

Aldaketarik sumatu duzu hirian artearen ikuspegitik?

Gasteiz beti izan da hiri bizia, eta kultura arloko eragile asko izan ditu; baita publiko askotarikoa ere. Esango nuke oraindik ere badagoela. Hala ere, proiektu berri asko sortu dira azken urteetan. Asko pozten nau. Gutxi batzuk baino ez ditut ezagutzen, baina.2011n atera nintzen hemendik, eta urte batzuk pasatu dira ordutik.

Gero eta arte galeria gehiago daude Gasteizen bertan. Aintzat hartuko dituzu elkarlanerako?

Artgia, Talka, Zas, Azala, Baratza... Espazio asko daude, eta guztien artean kartografia interesgarri bat osatzen ari dira. Askotariko proiektuak ari dira antolatzen, eta jende asko ari da gauza interesgarriak egiten; aberasgarria da guztiontzat. Nahiko nuke denen arteko lankidetza indartu.

Trantsizio urtea izango da hau?

Bai, halabeharrez. Programatuta dago, eta hala izan behar zuen, ezinezkoa baita bestela.

Eraginik izango du horrek programazioan?

Ez da aldaketa bortitzik egongo. Uste dut garrantzitsua zela trantsizioetan ere pentsatzea, eta hala izango da: gainjarri egingo dira eduki batzuk eta beste batzuk.

Zer ikusiko dugu Artiumen aurrerantzean?

Bi erakusketa aurkeztuko ditugu aurki, orain arteko proiektuaren barruan daudenak. Meana eta Hernandez Landazabal artista gasteiztarren lanak erakutsiko ditugu uda amaitu artean; uda ostean, aldiz, aldaketa txiki bat egongo da, eta programa berriaren printza batzuk erakutsiko ditugu. Alde batetik, Antoni Muntadas artista kataluniarraren erakusketa bat egongo da. Beste erakusketa bat ere prestatzen ari gara, baina ezin dugu ezer aurreratu: azaroan irekiko dugula baino ez. Urtarriletik aurrera ekingo diegu proiektu berriei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.