'Bertikala'-n solasean

Laura Re Lozano eta Sara del Rio Loiarte 'Bertikala' bideopodcasta egiten hasi dira. Umoretsu arituko dira, bi astean behin

Sara del Rio Loiartek eta Laura Re Lozanok Bertikala bidepodcasta egiten dute, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bi esatari, bi aurkezle, umoretsu solasean. «Bi feminista gara podcast bat egiten, beren kontraesan guztiekin eta ahal duten koherentziarekin», azaldu dute Sara del Rio Loiartek (Donostia, 1996) eta Laura Re Lozanok (Lorca, Espainia, 1995). Bertikala izeneko bideopodcasta egiten hasi dira. Sare sozialetan ikusi eta entzun daiteke aurreneko atala (_@bertikala_). Hasteko, bi astean behin arituko dira. Abuztuko atsedenaren ostean erabakiko dute ikasturte berrian nola aritu.

Rek izan zuen halako podcast bat egiteko ideia, eta Del Rio konbentzitzea lortu zuen. Podcasten zaleak dira biak. Gaztelaniazkoak entzuten dituzte, batik bat. «Baina podcast hau euskaraz egin dezakegula iruditzen zaigu», esan du Rek. Del Riok aitortu du Bertikala ez dela ezer berritzailea: «Hau ez da ezer berria. Beste podcast batzuen osagaiak moldatu ditugu, gure modura». Eta euskaraz. Nabarmendu dute formatua ez dela erabat itxia. Izan ere, lehen atalean soilik bi esatariak azaldu ziren solasean, baina hurrengo ataletan gonbidatuak izango dituzte. Gaiaren arabera egingo dituzte elkarrizketak. «Hasteko, gertuko lagunak elkarrizketatuko ditugu».

Formatu bertikala, boladan

Beste aitortza bat egin du Del Riok: «Kontatuko dugun guztia ez da egia izango». Egunerokotasuneko kontuak eramango dituzte podcastera, baina jolas egingo dutela azaldu du Rek: «Fikzioa sartuko dugu, baita autofikzioa ere». Entzuleekin jolastuko dira. «Ez dugu esango zer den egia eta zer gezurra». Reren arabera, lagun bati zerbait kontatzen zaionean «fikzio pixka bat» sartzen da, batzuetan. Modu horretan arituko dira, beraz, umorez.

Donostiako Tabakalerako 2deo laborategiaren egoitzan grabatzen dute Bertikala. Pozik daude aurkezleak azpiegitura oso onak topatu dituztelako han. Del Riori iruditzen zaio garrantzitsua dela horrelako azpiegiturak irekiak egotea proiektu desberdinetara. «Platoaren dekorazioa guk jarri dugu, eta askatasun guztia daukagu», gaineratu du Rek.

Bideopodcastaren izenari dagokionez, Rek bere ikus-entzunezko ikasketen garaiko teoria bat gaurkotu nahi izan du: «Ikasten nenbilenean, esaten ziguten beti gauzak horizontalean egin behar zirela. Baina gaur egun aldatu egin da egoera, eta teknologia berriekin gauzak bertikaleanegiteko garaia da. Eta bertikaltasun horren barruan gertatzen diren gauzen inguruan hitz egingo dugu». Sakelakoan jasotzen baitituzte edukiak bi esatarien belaunaldiko gazteek. Instagrameko eta Tiktokeko kontuak baditu Bertikala-k. Lehen atalean gogorarazi zuten Tiktok «informazio iturri» ere badela. Sare sozial horretan «pixkanaka» arituko direla iragarri dute.

Atalen artean, «azken asteko horizontalak» aipatuko dituzte. «Hau da, gustuko ez ditugun gauzak», esan du Del Riok. Nahiz eta Youtuben horizontalean ikus daitekeen Bertikala.

Bi esatariek ez dute aurretik irrati saiorik egin. Baina arituak dira jendaurrean hizketan. «Eta ondo funtzionatzen dugu elkarrekin, nahiz eta ez den denbora asko elkar ezagutzen dugula». Argi dute zerbait: «Ondo pasatu nahi dugu. Ez dugu espektatiba handirik, eta hori ere, gure alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.